Albistea entzun

KRITIKA. Artea

Eguzki gorrien islak

Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin.
Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin. GASTEIZKO UDALA Tamaina handiagoan ikusi

Elena Olave -

2022ko maiatzak 17

'Diente de leche'

Artista: Natalia Suarez. Non: Gasteizko Montehermoso Kulturunea. Noiz arte: Uztailaren 3ra arte.

Geruza ilunak bata bestearen gainean, gerora helduko dira argiagoak. Izaera onirikoko irudiak, bola txinatarrak diruditen elementuak, animaliak eta giza figurak. Barnealdearen eta kanpoaldearen arteko kontrasteak eta haien arteko zubiak. Koloreen arteko elkarrizketak, frikzioak, eta haietatik agertutako formak. Forma hauetara heldu ahal izatea, eta heltzerakoan, mihisean existitzeko laguntza eskaintzea.

Horrelako esaldiak datozkit burura Natalia Suarez artistaren pintura zein marrazki lanak begiratzean, zeinak Montehermoso Kulturuneko lehen solairuko erakusketa aretoan baitaude ikusgai. Mostra osatzen duten lehen hiru aretoetan tamaina askotako pintura lanak aurkituko ditugu, kolorearen nagusitasun agerikoa erakusten dutenak. Azken aretoan, ordea, marrazki lanak erakusten dira, aurretik ikusitako pintura lanekin loturaren bat islatzen badute ere, berezko entitatea dutenak. Suarezek berak aipatutakoaren arabera, lanok berrogeialdi garaitik gaur egunera arte sortutakoak dira, pinturaren eta marrazkiaren arteko joan-etorriko bidaia baten erakusle.

Sartu bezain pronto, aretoko paretan tamaina txikiko hainbat irudi ikusiko ditugu segidan kokatuak, non pintura lan handiagoetan ere ezagutuko ditugun hainbat elementu antzeman daitezkeen. Besteak beste, kutsu esoteriko zein erotikodun irudiak, giza gorputza eta animalia mitologikoak iradokitzen dituzten formak, edo izaera onirikoa duten paisaia eta konposizioak ikus daitezke. Hala ere, giza gorputzaren presentzia da lan guztiak harilkatzen dituen elementuetako bat. Presentzia hau, arrasto txiki eta fina izanagatik, lan guztietan identifika daitekeen zerbait da. Izan ere, artistak berak erakusketa orrian azaltzen duen legez, giza figurazio hau ez da beti gizaki lez ulertzen den zerbait izaten, esentzia edo energia gizatiarraren agerpena baizik.

Halaber, pintura zein marrazki lanak askotariko elementu sinbolikoak barnebiltzen dituen iruditeria baten emaitza direla esan daiteke. Era berean, lanok pintura baliatzeko eta ulertzeko ikuspegi zehatz baten ondorio ere badira. Besteak beste, bukaerako konposizioetan agerian geratzen diren kolore eta formak kolore geruza ezberdinen gainjartze prozesu baten emaitza direla ondoriozta daiteke. Prozesu piktoriko horretan zuria da azken geruzan ageri dena; maiz ingerada moduan, eta beste hainbestetan figurak edo lanen konposizioa antolatzeko baliaturiko pintzelkada lodietan.

Arestian aipatu bezala, pintura lan gehienek giza figurak agertzen dituzte, izan aurpegiak iradokitzen dituzten formekin, edo gizatiarrak diruditen gorputz osoekin. Halere, erakusketan barrena ibiltzean, beste hainbat elementuren errepikapenaz ere jabetu gaitezke. Izan ere, pintura zein marrazki lanetan hainbat kosmologiatako elementuek duten presentzia nabarmenak atentzioa ematen du. Alde batetik, antzinateko kosmologia eta filosofia ezberdinekin harremana duten hainbat forma igar daitezke: Ying eta Yang-aren sinboloak, bederatzi txakren irudikapena, aldareak diruditen egitura formalak, pegaso bat, aingeruak edo dragoiak diruditen figurak, dirdira formen presentzia, Ankh bizitzaren giltzaren errepresentazioa...

Bestetik, marrazkietan bereziki, tenplu ezberdinetakoak izan zitezkeen elementu arkitektoniko eta ornamentalak ikus ditzakegu, zeinak irudiaren plano ezberdinak sortzeko baliatzen diren, askotariko eszenak edo munduak irudi berean bildu nahiko balira bezala. Horrekin batera, azken aretoko marrazkiak ikusterakoan, antzinateko hainbat kulturetan munduaren sorreraren sinbolo den arrautza kosmikoa datorkigu gogora, hauetako zenbaitetan apurtzeko zorian dagoen arrautza bat agertzen baita. Elementu hau kontakizun kosmogoniko eta mitologiko askotan —sanskritoz idatzitako testuetan bereziki— agertzen den elementua da, kosmosaren errepresentazioaren eta munduaren sorreraren sinbolo gisa.

Esan gabe doa, kritika oro bezala, orain arte aipatutakoa ikuslearen begiradatik egindako interpretazioa baino ez dela, artistak ikonografia horren inguruko zehaztapenik edo informaziorik ez baitu eskaintzen. Nolanahi ere, energia zehatz bati segika sortutako lanak direla ematen du, non ukaezina den elementu sinbolikoen garrantzia, asmatutakoak izan edo ez. Pintura egiteko oso modu pertsonal, landu eta interesgarria erakusten dute Diente de leche osatzen duten obra guztiek, ikuspegi eta iruditeria berezko bezain berezi baten bidez lengoaia eta unibertso piktoriko ederra osatzen dutenak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA / BERRIA

Etxe berri bat euskarari

Unai Etxenausia

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak amaiera emango dio zortzi urteko ibilbideari. Elkarlana eta euskara ardatz hartuta, Arabako euskal sortzaileen akuilu izan da.
Iban Illarramendi eta Eider Perez sarituak, atzo, Iruñean. ©ETXEPARE

Iban Illarramendik eta Eider Perezek irabazi dute Etxepare saria

Erredakzioa

'Kiratsa' album ilustratuarekin eskuratu dute saria. Arkakuso baten abenturak ditu kontagai, eta Pamielak argitaratuko du lana, udazkenean
Ekainberriko labar pintura bat. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Historiaurre garaikide bat

Jone Bastida Alzuru

Munduko ondarea da Ekaingo kobazuloa, eta haren erreplika bisitatzeko aukera dago Zestoan: Ekainberri. Duela 13.000-14.000 urteko labar pinturen kopiak daude bertan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...