KRITIKA. Artea

Fasmidoak ile-kordetan

Estefana Romanen eta Mari Carmen Fernandezen lanak jarri dituzte ikusgai Bilboko Aire galerian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun

'Media melena'

Artistak: Estefana Roman eta Mari Carmen Fernandez. Non: Bilboko Aire galerian. Noiz arte: Ekainaren 24ra arte.

Erdi bana egindako erakusketa bat bezala ulertu daiteke Media melena, bi pertsonaren praxi artistikoa bateratzen den espazio gisa. Alabaina, bi artisten lana ezberdina izanagatik, badira ere elkarrekin partekatzen dituzten moduak edo keinuak, Damaris Panek mostrarako idatzitako testuan aditzera ematen den legez: «Klase eta klase artean flekilloa edo puntak mozten zizkion Mari Carmenek Estefanari». Mostrari sarrera ematen dion testu hau mahai batean dago, eta honen inguruan zenbait margolan ikus daitezke: paretan eskegita batzuk, aulkitxo baxu baten gainean beste bat, kromatikoki ongi egokitzen zaizkion loreak alboan. Testuan bi artisten egitekoaz ari zaigu Pan; biek ala biek aurten arte gradua bukatuko duten arren, bakoitzak berezko leku batetik diharduelako.

Artelanek ez dute identifikaziorako inolako kartelik aurkezten. Aitzitik, espazioan aurrera egin ahala, piezen ezaugarri formal eta materikoetan erreparatuz gero, artista bakoitzaren lanaren berezko ezaugarriak identifikatu daitezke. Diferentziak diferentzia, bi artisten sorkuntza prozesuan igar daiteke inguruan dituzten materialek zein gauzek duten garrantzia. Halatan, inguruko elementuetatik abiatuta, piktorikoki edo eskultorikoki, bakoitza prozedura ezberdin batean murgiltzen da, non hautatutako material eta gauzei berezko arreta, errespetua eta agentzia eskaintzen zaien, batasun estetiko baten alde.

Sartu aurretik, kaleko paretan itsatsita, erakusketaren kartelean jada, Fernandezek osatutako adats erdien irudiak ikus daitezke. Barrualdeko zenbait pintura lanetan ageriko diren buru-formadun azalerak zein lerro kurbatu errepikakorrek iradokitzen dituzten tximak islatzen dituzte irudi horiek. Kartela osatzen duten lau irudietan hainbat kolore, mozketa eta bolumenetako adatsak agertzen dira, eta erakusketaren baitan lerro segida batean bereizita ikus daitezke irudi horiek.

Ikuspegi deskriptibo batetik, Fernandezen pinturak abstraktuak direla esan daiteke, besteak beste, akuarela eta oihalekin egindako forma organikodun konposizioekin. Halere, kontuan hartuta Fernandez 45 urtez ile-apaindegi batean aritu izan dela lanean, esparru profesional horretako kontzeptu, objektu, forma eta koloreei (marroiak, kaobak, gorriak, sanginak, grisak) erreferentzia inplizitua suma dezakegu bere obran.

Bestalde, Estefana Romanen eskultura piezak ere topatuko ditugu erakusketan, material anitz erabiliz, baina, era berean, bakarra dirudien azalera baten bitartez egituratuak. Eskulturak paretan eskegita, zoruan edota idulki tankerako euskarrien gainean ikus ditzakegu. Esan bezala, materia(l) ezberdinek osatzen dituzte, eta maiz zaila da bereiztea eskulturaren gorputzean non hasten den material bat eta non bukatzen den bestea. Harien artilearen, oihalen, alanbreen, plastikoen, metalen, botoien, enbor zatien eta bestelako elementuen bidez konposatzen dira piezak, gardentasunarekin eta opakutasunarekin jolasean, estali eta agertzen denaren artean joan-etorriko bidaian.

Oro har, euskarri zurrun baten inguruan, progresiboki, hainbat testura eta izaerako geruzen bidez osatuz doazen piezak dira, eskulturen izaera zentrifugoaren eta zentripetuaren arteko tentsioa agerian uzten dutenak. Izan ere, material bat bestera lotuz, eutsiz, moldatuz eginiko piezak dirudite, forma konkaboak nagusi. Halaber, eskulturaren eta pinturaren arteko harremana ere agerian uzten da. Hori gertatzen da, esaterako, alanbre eta enbor zatiz eginiko eskulturarekin eta fasmido baten gorputza dirudien presentzia agertzen duen pintura lanarekin.

Romanen piezek nolabaiteko ensanblaje izaera dutela esan daiteke; esparru artistikoan hitzak duen zentzu eskultorikoaz harago, Deleuzek garatutako nozio filosofikoarekin duen loturagatik. Kontzeptu filosofiko horrek elementu eta materia mota anitzen taldekatzeari edo elkartzeari egiten dio erreferentzia, eta hauek elkarturik bat bilakatu arren, konposizioan materia bakoitzak bere banakotasuna mantentzen du. Interesgarria iruditzen zait kontzeptu hau baliatzea Romanen konposizioei buruz gogoetatzeko, baina baita ere erakusketaren beraren izaeraz jarduteko. Izan ere, gorputz kolektiboaren zentzuari jarraituz, erakusketa bera ere ensanblaje moduko bat bilakatzen da, bertan txirikordaturiko subjektu, ideia eta materiaren bitartez, elementu bakoitzaren agentzia deuseztatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.