KRITIKA. Artea

Zirkulu barruko petriletatik

Bi ikusle, Bilboko Guggenheim museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun

'O Horizontea'

Artista: The Otolith Group. Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: urriaren 9ra arte.

Iragana. Oraina. Memoria. Zena eta dena. Zirena eta garena. Guggenheim museoko Film & Video erakusketa aretoko lehen zatia beti erabiltzen dute programa barruko proposamen nagusia izan ohi den ikus-entzunezkoaren aurreatari moduan; ondoren ikusiko denaren unibertsoan pixkanaka barneratzeko. Edo alderantziz, behin filma ikusi eta museoaren eraikinaren beheko solairura zuzenean atera gabe, Jenny Holzer eta Luzio Fontanaren instalazioen argi dizdizariek itsutu aurretik, berriz ere ikusitako horretara atzera buelta egin, eta hari bestelako ikuspuntu eta ñabardura batzuekin begiratzeko eta gogoeta egiteko parada ere eskain dezake. Filma hasieratik hasteko hogei bat minutu falta zirela seinalatzen zuen areto nagusiaren sarreran dagoen pantailak. Lehen aretoan buelta bat emateko denbora nuen sartu aurretik.

Iraganera garamatzate lehen espazio honetako proposamenek. Oraina sorrarazten duten memoriak dira. Direna egiten dutenak. Santiniketan, dena.

Inork inoiz hitz hau entzun ez badu, Santiniketan euskal hitza dela pentsa lezake. Hitzaren fonetikak eta amaierako ustezko-etan deklinazioaren erabilerak etxeko bilakatzen du izatez guretik hain urrun kokatzen dena, bertakoa eta ezaguna balitz bezala. Santiniketan ordea, India ekialdeko mugako herri bat da, Bengalakoa. «Bakea bizi den egoitza» gisara itzuli omen liteke, eta The Otolith Groupek gauzatutako O Horizontea proposamenaren epizentroa da.

Herriaren zenbait argazki daude kanpoko espazioko alde batean, harreratzat funtzionatzen duen aretoan. Santiniketaneko kanpo espazioak ageri dira, eta haietan agerikoa da herriaren berezitasuna, bakearen ideia hori. Herriak ez du natura zapaltzen eta ez dio hari gaina hartzen, mendebaldeko herrien kasuaz bestela —asfaltoz eta hormigoiz beteta, tarteka «parke» deitzen diegun oasi txikiekin, naturak espazio hartan izandako lekuaren errespetuz edo—. Santiniketanen, eraikinak naturari baimena eskatu izan baliote bezala txertatzen dira, lur gorriko espazio eta zuhaitzez inguratuta. Naturaren eta gizakiaren arteko berdintasunezko erlazioaren estetika izan liteke arnasten dena. Iragana eta oraina biltzen dituena. Ia ahaztua dugun Ghandi ere han izana zen.

Pasa ziren hogei minutu eta barrura sartu nintzen.

Santiniketaneko eskolak hormarik gabeak dira. Zuhaitzen gerizpetan esertzen dira ikasleak, zirkulu baten barnean; zenbaitetan lurrean eta beste batzuetan petril moduko batzuetan. Eta hala eseri nintzen ni ere. Alfonbra laranja zirkularrak Indiako lurretara darama ikuslea, eta Santiniketaneko ikasle bilakatzen du hura ere museo barnean. Kantatuak diren poema epiko ezberdinek gidatzen dute eszenetan barrena: lurretik abiatu eta zerura; zerutik gorputzera; eskuetara; dantzara; ezagutzara; partekatzera; eta berriz ere, lurrera. Etengabeko mugimenduan; etengabeko konexioan. Izate guztiaren harmonia izan du bere sorreratik Santiniketaneko eskolak, zeinak egun ere haurren hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino zabaltzen den. Eta lurra da guztiok elkartzen gaituen harmonia horren erroa, zapaltzen dugun eta eusten gaituen lehen geruza: O horizontea.

Nire alboan hezitzaile bat nuen, eta elkarrekin komentatu genuen zenbat dugun ikasteko oraindik ere.

Aretoa beterik zegoen. Ikusleak/ikasleak, zirkuluko petrilaren gainean eta lurrean eserita egon ginen ikusten/ikasten. Eserlekuak ez ziren erosoak, zinemetako butakekin zer ikusteko gutxi zuten haiek, eta emanaldian zehar gorputza mugitzen aritu ginen behin baino gehiagotan: orain ezkerreko hanka goitik gurutzatu, orain behetik, orain bi hankak paralelo ipiniaz, eserleku gogorrak sorturiko ipurdiko minak disimulatzeko asmotan. Baina guztiok bertan jarraitzen genuen, Santiniketanen izadiarekiko harremanean garatutako ekosistema eta pentsaeran geroz eta gehiago blaitzeko gogoz. Gizarte hartaz eta haren funtzionamenduaren berri gehiago jakiteko gosez. Poemen melodia eta letra gehiago entzuteko desiratzen. Trantzera eramaten zuten zenbait eszenen mugimenduetan barneratzeko guraz.

Ordu eta erdi pasa, eta orduan hustu zen aretoa. Gehienak atzerritarrak ziren, eta Guggenheimerako sarrera ordaindua izango zuten seguruenik museoaren areto guztiak edo behintzat gehienak arratsalde bakar batean ikusteko asmoarekin. Halere, bertan ginen guztiek ordu eta erdi osoa aretoan eman genuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.