KRITIKA. Artea

Beldurraren jatorriak

Democracia kolektiboaren argazki seriea. IÑIGO URIZ / FOKU.
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

'Beldurraren garaipena'

Non: Ziudadelako Mistoen Pabiloian, Iruñean. Noiz arte: Martxoaren 12ra arte.

Beldurraren garaipena irakurtzen da Iruñeko Ziudadelan kokatua dagoen Mistoen Pabiloiko bigarren pisuan. Zer da beldurra? Sara Ahmed teorialariak azaltzen duen eran, «beldurra gorpuzten den esperientzia da; gorputzen gainazalean eragiten du», eta gainazal horretatik barrenetara isurtzen da, nolabait ere; gorputzak petrifikatzen ditu, haren erantzukizunerako aukerak izoztuz.

Azkenengo urteetan jazotako gertaera globalen emaitzetan zentraturik, Beldurraren garaipena mostrak gorpuzte horien itzulpen estetikoa eskaintzen digu. Pandemiaren osteko beldurraren presentzia irmoaren inguruan hausnartzeko helburua du mostra kolektiboak, zeinaren parte diren Maslow Industries, La Trasera eta Democracia kolektiboak, Nerea de Diego, Pedro Pegenaute, Oier Gil eta Ro Caminal artistak. Hainbat eta hainbat faktore politiko zein sozialekiko kritika zorrotz batek zeharkatzen ditu mostraren edukiak. Horretaz ohartzen gara begirada inguruan dugun espaziorantz zuzentzen dugunean.

Mostra bi espaziotan egituratzen da, eta bakoitzean ikus-entzunezko bat da: Vicky Benitezen Segur de Calafell batean, eta Ro Caminalen Moi, un noir. Reloaded, bestean. Bada, horietara gerturatzen garen heinean bestelako prozesuetan murgiltzen gaituzten piezak ditugu.

Espazioetan aurkezten zaizkigun piezak ezagun egiten zaizkigu, egungo iruditeria kolektiboaren parte aktiboak baitira. Alabaina, beren eguneroko irakurketetatik aldentzen dituzten keinuak, ukituak, zertzeladak... dituzte irudi ezagun horiek.

Hain zuzen, hura sumatzen daDemocracia kolektiboaren argazki seriearekin topo egiten dugun momentuan. Irudiak arrotzak dira, istiluen kontrako polizien lehen planoak agertzen baitira; eta, irudien eskala handiak arroztasun hura areagotzen duen presentzia bortitza aurkezten digu. Bortizkeria hori ez da irudietara mugatzen, bertan esaldiak agertzen baitira: «Zuengandik babesten zaituztegu», «Herritarrak bizitzeko eskubidea bereganatu gabe jaio eta hiltzen dira», «Gure begirada ez dago ametsen edo afektu faltsuen menpe»... Nolabait, irudi eta testuen uztartzeak barrenak uzkurtzen dituzte.

Interesgarria da irudi serieak Nerea de Diego artistak egituratutako instalazioarekin sortzen duen elkarrizketa. Izan ere, polizien argazki serieak sortzen duen irudi zurrunarekin kontrastean, Ama Birjinaren irudikapen askotarikoak erakusten dituzten hamarnaka figuratxoek gurtza kutsura gerturatzen baikaituzte. Irudiek gordetako objektu kuttunen plazaratzea ekartzen baitute gogora. Honela, inguruan aurkezten diren piezekin kontrasteak sortu eta elkarrizketa pluralak sortzen dituzte, gurtza, erlijioa, iruditeria eta beste hainbat gai mahai gainean jarririk.

Hari zurrunetatik tiraka, alboko espazioa blaitzen duen instalazioa aurkezten da, Peio Basail Izkue artistak egituratua. Murruaren zati handi bat hartzen duten hamarnaka dokumentu agertzen dira, bata bestearen ondoan. Dokumentu zurrun horietan ezezagunen informazioa eta argazkiak aurkezten zaizkigu, eta egunerokotasunetik aldentzen diren fitxategiak direla sumatzen dugu. Texasen (AEB), heriotzara kondenatutakoen fitxategiak dira, espresuki haien hitz eta borondateak biltzen dituztenak. Orduan, dokumentuen estetika hotza atzean geratzen da horiek irakurtzean, bertan zaurgarritasuna eta maitasuna azaleratzen baitira.

Izan ere, perspektiba aldaketara bultzatzen gaitu piezak, eta ildo horretan aurkitzen da Ro Caminalen ikus entzunezkoa ere, zeinak pertsona arrazializatu eta migranteen egunerokotasunean kokatzen gaituen. Eta, ildo berean kokatzen da Oier Gilen lana ere, zuzen-zuzenean gorputzaren mugimendurik ezari dei egiten baitio.

Espazioetan aurrera egiten dugun heinean, irudiek, objektuek, hitzek edota ekintzek ezkutatzen dituzten sekretu estetiko eta diskurtsiboen arteko talkak arnastuko ditugu. Gorputzaren petrifikazio pasiboaren eraginak, hausnarketak edota irtenbideak zeintzuk izan daitezkeen aztertuko dugu orduan. Askatasunaren eta beldurraren arteko lehiaren tentsioak sumatuko ditugu. Bada, Sara Ahmeden hausnarketetara bueltaturik, erantzunak baino gehiago, galderak sortzen dira: «Zein gorputzi ematen zaie mugitzeko askatasuna?», «Zer gorputz irakurtzen dira beldurraren jatorritzat eta gure askatasunaren mehatxutzat?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.