KRITIKA. Artea

Eta hala da

Damaris Pan artistaren erakusketako margolanetako bat. BILBOARTE.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
'Adarrak bistara'

Artista: Damaris Pan. Non:Bilbo Arteko erakusketa aretoan. Noiz arte: Apirilaren 8ra arte.

Momentu arraro hau bizi dugun honetan, kutxa hermetikoetan eraldatu dira artelanak biltzen dituzten museoak, galeriak eta erakusketa aretoak. Isolamenduan daude hustear zeuden erakusketak, muntatze prozesuan zeudenak edota mostra ireki berriak. Halakoa da Adarrak bistara erakusketaren egoera, Damaris Pan artistaren bakarkako erakusketa, alegia; martxoan publikorik gabeko irekiera izan zuena. Alabaina, publikoa artelanen elkarrizketek sortzen dituzten erakusketa aretoetan barneratu ezinean, espazioei forma, zentzua eta hitzak ematen dizkieten pinturak, eskulturak, instalazioak... bakardadean, atmosfera biziak sortzen jarraitzen dute. Beste askoren artean, hori da Damaris Panen erakusketak biltzen dituen pinturen parada ere. Hots, harekin kontaktu zuzena izatea ezinezkoa bada ere, Bilbo Arteko webguneak erakusketa bisitatzeko esperientziara gerturatzen gaitu; bideoak, argazkiak eta erakusketaren katalogoa eskaintzen baitizkigu.

Erakusketak, espazio bakarrean gorpuztuta, hormetan eskegitako hemeretzi pinturak elkarrekin hautemateko perspektiba zabala ematen du. Formatu anitzeko mihiseak aurkezten zaizkigu bertan, handiak eta ertainak nagusitzen badira ere, formatu txikiko olio-pinturen presentzia adierazgarria da. Hain zuzen, tamaina txikiko koadroak pintura handien ondoan daude zintzilik, eta horiekiko lotura zuzena igartzen zaie, nolabaiteko sateliteak balira bezala. Erakusketa aretoaren murruei erritmo bizia ematen diete pinturek: handia, txikia, ertaina, txikiago bat, markoan sartutakoak, markorik gabeak...

Halako batean, hondo geometriko gris eta zuri baten aurrean margotutako esku bat aurkezten zaigu, pintzelkada lodiz margotutako kapa trinkoen gainean irudikatua; pinturan mugimendu motela sortzen du. Eta, pare-parean, gelaren aurreko paretan zintzilik, dantzan dauden hankekin aldera daitekeen konposizio bat dugu, trazu azkar eta lausoz irudikatutako forma arina. Kontrastea sortzen da hormak hornitzen dituzten mihiseen artean, aurreko paretan ezarritako pinturaren eta ingurukoen erritmo motelak urratzen baitituzte dantzan dauden oinek. Halaber, forma organiko eta geometrikoen arteko tentsioak sumatzen dira pinturen konposizioen artean.

Era berean, gune kromatiko lau eta estratifikatuak nagusitzen dira aretoak biltzen dituen margolanetan. Kapa bat bestearen gainean margotuta, konposizioetan testura anitz sorturik, pinturaren izaera propioa eta materialtasuna bera agerian geratzen dira. Horren eredu da Mrs. & Mr. mihisea, aretoaren hondoko paretan kokatua dagoen formatu handiko irudia, alegia. Bi figura agertzen dira, konposizioaren ardatzean tente pintaturik daudenak, margolanaren egiturari heltzen diotenak: esaterako, trazu lodiz koloreztatutako hondo arrosa eta urdinak, bertan irudikatutako figurekin bat eginik, nolabaiteko osotasuna harmonia igortzen du.

Tonu hotz eta argiz konposatutako erakusketa honen mihiseei zentzua ematen dieten pinturetan hankak, eskuak, gorputzak, aurpegiak... forma geometriko eta abstraktuekin ehuntzen dira. Nahiz eta irakurketa zehatz batera bideratu ahal gaituzten formak egon, irudiok ez dute ezer ezkutatzen: interpretazioa esplizitua da, ez dago narratibotasunik. Denaren eta ez denaren arteko eztabaida horretan, erakusketak lantzen duen gaia pintura da, pinturaren plastikotasunak sortzen dituen ereduak, hain zuzen; etengabeko talkan edota sinbiosian.

Izan ere, Damaris Panek bere sortze prozesuan uztartzen dituen hausnarketak askotarikoak izan arren, margotzeak dakarren ekintzan sintetizatzen ditu guztiak. Artistak azaltzen duenez, «materiala antolatu eta eraldatzeko beharretik, arauak, balioak, konbentzioa, pertzepzioa eta gauzen destinoa aldatzeari buruz hausnartzen dut. (…) Eta esango duzue, ondo, baina margotzen besterik ez zara ari. Eta hala da».Beraz, ildo berean, sortze eta margotze prozesuaren pistak emanik, bertan murgiltzen gaituzte Adarrak bistara ehuntzen duten margoek. Koloreak, figurak, formen konbinazioak eta nahasteak dira mihise karratuek mugatzen dituzten pinturen gaiak, eta, aldi berean, horien uztartzeak sortzen dituen kontrasteak eta erritmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.