KRITIKA. Artea

Bakarrik ba al da?

Erakusketan ikus daitekeen Elena Almeidaren lan bat. BERRIA.
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
'Bakarrik dago inork behatzen dion hori'

Nor: Hainbat artista. Noiz arte: Urriaren 31ra arte. Non: Iruñeko Ziudadelan.

Ziudadelako armen aretoan kokatzen da Luisa Fernanda Lindok eta Sergio Jair Mendezek komisariaturiko erakusketa hau, eta Iruñeko Udalaren arte garaikide bildumako obren berrinterpretaziotik abiatzen da. 30 artelanek osatzen dute, eta, deshumanizazioaren auzia lantzeko helburuz, giza gorputzaren presentziatik materia eta forma hutserako ibilbide bat proposatzen dute.

Erakusketaren lehenengo atalean gorputza eta lurraldeari buruzko hausnarketak bildu nahi izan dituzte, giza formaren ezabapenak identitatearen galera dakarrela iradokiz. Aretora sartu bezain pronto, Elena Almeidaren argazki batekin egiten dugu topo, non bizkarra ematen duen gorputz isolatu bat ikus daitekeen zuri beltzean, forma bihurrituak agertzen dituen bizkar bat baino ez dena. Argazki honetan aipatutako gorputzaren desintegrazioaren ideia igar daiteke, gorputz modu honek orban beltz bat baino ez baitirudi. Almeidaren argazki hau Carmen Anzanoren Cuerpos margolanarekin solastatzen da modu zuzen batean, margolanaren gainazal ilun eta organikoek aurreko argazkiko orban beltza ekartzen baitute ikuslearen gogora.

Erakusketaren bigarren atalak identitatearen inguruko hausnarketarekin jarraitzen du, baina aurrekoan ez bezala, jada ez dago giza gorputzik. Gorputzaren galerak kontaktuaren desagerpena dakar; kanpokoarekiko kontaktuarena, baina baita nor bere baitarekikoa ere ere. Testuinguru honetan, espazio domestikoari erreferentzia egiten dieten objektu artistikoekin eginen dugu topo, beteta egon beharko liratekeen espazio hutsak azaltzen dituztenak. Objektu hauen izaera/funtzionalitatea berresten duen gorputzaren absentzia aldarrikatzen da, gorputzen presentzia eta agentziaren beharraz hausnartuz. Objektu hauek erabili edo okupatuko dituen giza gorputzik gabe, objektuak esentzian direna baino ez dira. Hala nola Teresa Mororen Sillas marciales azules margolanak eta Jabier Mororen eskulturak, dela aulkien irudikapen piktorikoaren bidez, dela aulkien materialaren distortsio fisikoaren bitartez, gorputzek espazio ezberdinetan har dezaketen jarrera eta okupazio moduak planteatzen dituzte.

Azkenik, hirugarren atalak «jatorrira» itzultzea proposatzen du, hau aurretik azaldutako formen deskonposizioaren ondorio gisa ulertuta. Erakusketa espazioa zeharkatzen duen gorputzak bestelako harreman bat eraikitzen du bertan kokaturiko objektuekin. Gauzak horrela, artelanekbestelako funtzio bat berenganatzen dute, begiratzen duen horren baldintzapean baitira. Beraz, erakusketa osoa zeharkatzen du objektu artistikoak zein giza gorputzak kanpo begirada eta aintzatespen horren arabera definitu eta existitzen diren ideiak.

Erakusketak proposatzen duen ibilbidea ixteko bi artelanekin egiten dugu topo. Alde batetik, Miren Doizeren instalazio bat, zeinak pintura poteak apal batean erakusten dituen, eta, bestetik, Ariana Articaren eskultura lan bat, izkina batean kokatuta. Bi horiek aurretik erakutsitako artelanen disoziazioa errepresentatuko lukete, artelanen materialtasuna osatzen duten kolorea eta materiala bereiziz. Azken atal horretan topa daitezkeen margolan eta eskultura gehienek abstrakziorako bidea hartzen dute, pigmentu gainazal lauen, eta lurra, metala, zura eta beste zenbait materialen bitartez. Azken horiek oinarrizko material gisa aurkezten ditu erakusketaren diskurtsoak, eta, ideia horri tiraka, jatorrirako itzulera iradokitzen da. Itzulera hori plastikoki inboluzio formalista batekin lotu daiteke, eta, halaber, artearen deshumanizazio moduan definitu izan zenarekin.

Mostrak, erakusketaren bideoan esaten diren hitzak berreskuratuz, «gizaki gisa definitzen gaituenari buruzko gogoeta proposatzen du, funtsezkotik abiatuta, berreraikuntza baterako». Gorputz ororen esentzia partekatua, forma geometriko, kolore eta materia jakin batzuen kualitateen bitartez islatu nahi izan da. Hala ere, mostraren izenburuak argi adierazten duen legez, erakusketa espazioan barna diharduen begiradak definituko ditu ontologikoki konposizio hauek; begiradak ezarritako markotik at geratzen den orok existitzeari uzten baitio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.