Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Atautakoak

2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Soriako (Espainia) San Esteban de Gormaz udalerrian dago Atauta herria, mila metroko altueran, enologia eta etnografia ikuspegitik bailara bakana, perla bat, bitxi bat.

Bailara zoragarri horretan dago Bodegas Dominio de Atauta, filoxera aurreko, ehun urtetik gorako tempranillo mahatsekin ardo bikainak egiten.

Paraje hauetan baldintzak oso muturrekoak dira, altueragatik eta euri gutxi eta oszilazio termiko izugarriak gertatzen direlako.

Higadura handia jasan duen bailara da eta, txikia izanagatik, lur aniztasun izugarria du. Lur horien ezaugarri komuna kareharria da, eta kare horrek ematen die, neurri handi batean, zahartzeko gaitasuna Atautako ardoei.

Altuerak mahatsa astiroago eta modu orekatuagoan heltzea ahalbidetzen du, eta mendebaldetik ekialdera etengabe jotzen duen haizeak eragiten du mahatsondoetako hezetasuna txikia izatea. Horrek erraztu egiten du gaixotasunak saihestea.

Ingurua zoragarria da. Elkarrekin bizi dira mahastiak, arteak, haritzak, ezkaia, erromeroa, ortuak, perretxikoak edota erbiak, eperrak, orkatzak eta basurdeak. Saiak eta arranoak ere ikusi ohi dira.

Upategiaren oinarria mahastiak ematen duen fruta erabat zaintzea eta babestea da, gero upategian ahalik eta esku hartze txikiena egin dadin.

Hektarea bakoitzak 2.500 bat kilo ematen ditu, eta horrek esan nahi du mahatsondo bakoitzetik botila bat baino zertxobait gutxiago ateratzen dela.

Urteak aurrera egin ahala, esan dezakegu Dominio de Atautak egin duela tokia Duero Erriberako upategirik onenen artean.

Urteetako eskarmentu eta lanari esker, oso ondo ezagutzen dituzte lantzen dituzten bostehun mikropartzelatik gora. Mikropartzela bakoitza bere aldetik lantzen dute.

Mahatsaren ezaugarrien arabera, ardogintzarako material eta tamaina desberdinekin lan egiten dute: zurezko tinak, hormigoizko eta altzairu herdoilgaitzezko deposituak, mila litrotik hamar mila litro arteko tamainakoak.

Berezko hartzidurak bilatzen dituzte eta ardoak ez dira hotzaren bidez egonkortzen. Iragazketak oso leunak izaten dira, mahatsaren kalitate bikaina babesteko.

Tinetan hartzidura malolaktikoa amaitu ondoren, upel frantziarretan ontzen dituzte ardoak. Aldian-aldian upelak berriztatu egiten dituzte, besteak beste ardoen mineraltasuna errespetatzeko.

San Juan,Valdegatiles, La Roza, Llanos del Almendro eta La Mala dira upategiko ardorik bikainenak, baina, poltsikoari ere so egin behar zaionez, Parada de Atauta eta Dominio de Atauta ere aukera bikainak dira lehen hurbilketa baterako.

Gaurkoa denboraldiko azkena denez, uda ederra eta opor bikainak opa dizkizuet. Topa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.