Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ason ibaiari begira

2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Sanchez-Contreras familia Pago Casa del Blanco upategiaren jabea da. Manzanaresen (Ciudad Real, Espainia) dago upategia. 150 urtetik gorako historia du, eta, upategi horren luzapen moduan- edo, Sanchez-Contreras familiak Kantabriara jauzi egin zuen, ezohiko toki batean ardoari tokia egiteko. Familia guztia dago proiektu honetan buru-belarri sartuta.

Bi ardo egiten dituzte: Viña Mar by Nates eta Palacio de Treto, biak ala biak zuriak. Nekazaritza tradizionala dute oinarri, eta kalitatea helburu, ingurumena errespetatuz eta zainduz. Tokia bitxia da, eta mahastia ere bai.

Ason ibaiari begira daude mahastia zein upategia, Voto udalerriko Nates (Cantabria, Espainia) herriaren magal malkartsuetan, 150 metroko altueran. Natesen lau hektareako mahastia dute, hegoaldera begira, oso malkartsuak diren magaletan. Hemezortzi graduko maldetan egiten den mahastizaintza hau heroikoa dela esan daiteke. Inguruan oso ondo egokitu diren albariño eta godello mahatsak lantzen dituzte. Treto Jauregitik gertu beste bi hektarea dituzte, godello mahatsez osatuak.

Mahatsondoak besorako bertikalean lantzen dituzte, eta horrek, neurri batean, fruta heldua eta osasuntsua lortzea ahalbidetzen du.

Gure antzera, mahastia lantzeko ez dute oso klimatologia erraza, izaera atlantikoa izanda euri asko egiten duelako. Hala ere, mahastiek orientazio egokia dutenez —intsolazio bikaina lortuz—, fruituak oso heldutasun puntu onera iristen dira. Bestalde, lurrak ez dira oso emankorrak, eta horrek ere laguntzen du, gainerako guztiari batuta, kalitate handiko ardoak lortzen. Kalitatezkoak eta bakanak, nortasun handikoak.

Upategia mahastian bertan dago kokatuta, finkako ardo edo Espainian vino de pago kontzeptuak islatzen duen motakoa da. Upategia inguratzen duten mahastietako fruituak soilik erabiliz egiten dituzte ardoak.

Alabariñoa eta godelloa bakoitza bere aldetik biltzen dituzte, aparte, bakoitza bere heldutasun puntu egokira heltzen denean. Kutxa txikietan jasotzen dituzte, eta bakoitza bere aldetik ardoztatzen dute.

Ardoztatzean, ordu batzuez mahats aleen azalarekin beratzen uzten dute, azalak muztioari ematen dizkion aromak nabarmentzeko, areagotzeko.

Egiten dituzten bi ardoak oso adierazkorrak dira sudurrean eta arinak bezain dotoreak ahoan.

Ekoizpenari dagokionez, ekoizpen txikikoak dira bata zein bestea. Vino de la Tierra de la costa de Cantabria sor-markapean merkaturatzen dira.

Eguberri jai zoriontsuak igaro eta urte berriari baikor eta indartsu egin harrera!

Eta gozatu ardoez! Neurrian, baina gozatu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.