Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Priorateko pikondoak

2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Tarragonan (Herrialde Katalanak) dago Priorat eskualdea. Ardoari dagokionez, XII. mendean jaio zela esan daiteke, artean Aragoiko erregea zen Alfonso II.aren eskariari erantzunez, Proventzako (Frantzia) kartusiar fraideak bertara joan zirenean bizitzera. Fraideek landatu zituzten lehen mahastiak, mezarako ardoa egiteko. Hainbat herriren erdigunean zegoen mahastia, eta priorearen menpe geratu zirenean, ordura arte kartusia (katalanez cartoixa) zena priorerri (katalanez priorat) izatera pasatu zen.

Beste toki askotan bezala, Prioraten ere gorabehera handiak izan dira. XX. mendean, 1980ko hamarkadan izan zen benetako iraultza. Eta iraultza hori ulertzeko ezinbestekoak dira izen hauek: Josep Lluis Perez (Mas Martinet), Rene Barbier (Clos Mogador), Alvaro Palacios (L'Ermita), Daphne Glorian (Clos Erasmus), Jose Maria Fuentes (Gran Clos) eta Christopher Cannan (Clos Figueras).

Azken upategi horri eskainiko dizkiot hitz batzuk gaurko artikuluan —mahastien artean bi pikondo dituzte eta hortik dator izena, figuera pikondoa baita katalanez—. Clos Figuerasek Gratallops inguruan dauka upategia. Charlotte eta Christopher Cannanek erosi zuten jabegoa, 1997an, Rene Barbierren aholkuari jarraituz —Clos Mogadorren jabea zen bera—. Garai hartan, terrazatan kokatuta zeuden hamar hektareako mahasti bat zen.

Jatorrizko mahasti hartan, bazegoen cariñena mahatsondo zaharrez osatutako partzela bat. Hura mantendu eta beste guztia garnatxa, syrah, cabernet sauvignon, monastrella eta viognier mahatsez birlandatu zuten. Handik gutxira, 2000. urtean, inguruko auzokide batzuei beste lur batzuk erosi zizkieten, garnatxa eta cariñena zaharrez osatutakoak. Harrezkero, mahats horiek dira Clos Figueres upategiko ardo nagusiaren oinarri.

Mahastiak ekologikoan lantzen dituzte, altuera desberdinetan, Montsant ibaiaren bailarara iritsiz. Leku freskoetan kokatuta, heldutasuna atzeratzeko estrategiari jarraitzen diote horrela. Atzealdean dituzten mendiek, gainera, iparraldeko haizearengandik babesten dituzte mahastiak.

Mahatsen azken nahastea (coupage) Christopher Cannan eta haren alaba Anne-Josephinek egiten dute, Alain Grailloten aholkuei jarraituz —Rodano bailarako iparraldean sona handiko ardoak egiten ditu Graillotek—.

Hasiera batean, ardoak Clos Mogadorren egiten ziren. Merkaturatu zuten lehen ardoa upategiko bigarren ardoa izan zen: Font de la Figuera, 1999an, 1.200 botila. Arrakasta 2000ko uztaldiarekin iritsi zen: Clos Figueres 2000rekin.

Gaur egun ekoizten dituzten ardoak: hiru ardo beltz (Clos Figueres, Font de la Figuera eta Serras del Priorat), ardo zuri bat (Font de la Figuera, viognier mahatsez egina) eta ardo gozo bat (Sweet Clos Figueras, garnatxa pasifikatuez egina).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.