Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Legoa

2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Cigales jatorri izena edo sor-marka, kalitatezko ardogintzari eta mahastizaintzari dagokionez, Gaztela eta Leongo eremurik txikiena da, 2.700 hektareako azalerarekin. Valladolideko (Espainia) iparraldean dago, Gaztelako goi-lautadan, 780 metroko altueran.

Urteko batez besteko tenperatura hamabi gradukoa da eta urtean zehar eguzki argia jasotzen du ia 2.500 orduz. Atlantikoko eragina duen klima kontinentala da nagusi, eta egunaren eta gauaren arteko oszilazio termikoa oso nabarmena da. Udan lehorteak indarra hartzen du eta neguak luzeak bezain latzak izaten dira eremu horretan.

Gaur hona dakarten La Legua upategia hortxe dago kokatuta, Cigalesen, alegia. Emeterio Fernandez Marcos Valladolideko neurologo eta psikiatra ospetsuaren desioetatik eta ametsetatik sortutakoa da La Legua. Familiarena zen lursaila, eta familiarentzako erreferentzia eta elkartzeko tokia bilakatu nahi zuen; baita lagunekin eta ardoa maite zutenekin elkartzeko tokia ere.

Gaur egun, duela hamaika urtetik, Gonzalo Fernandez Escribano abokatuak gidatzen du La Legua,48 urterekin, Alberto anaiaren espirituari eta alaitasunari jarraituz. Carlos Ayala Sanz da La Leguako enologoa.

Ana Austriakoa, Felipe II.aren laugarren emaztea (eta, badirudi, maitatuena), Cigalesen jaio zen eta han bizi zen. Badirudi La Leguako bideetatik pasatzen zela Felipe, Valladolidetik emaztea bisitatzera joaten zenean.

Gero, iparraldetik hegoaldera zihoazela, Jose Bonaparteren soldaduek okupatu zuten La Legua. Valladoliden sartu aurretik atseden hartzeko toki egokia iruditu zitzaien, bertatik Valladolid oso ondo ikusten zelako (Valladolidetik legoa batera dago upategia). Frantsesek upategian zeuden ardo bikainak aurkitu zituztenean, haiek edaten hasi eta amaitu arte aritu ziren. Neurri batean, horri esker jarri zioten Pepe Botella ezizena Bonaparteri.

Gaur egun orduko upategia zegoen modu berean mantendu dute, eta upelak dauden gela modernoarekin lotu dituzte.

1960ko hamarkadan Emeterio Fernandezek erosi zituen lursaila eta upategia. «Lur hauetan ardo bikainak egin daitezke. Laborantza modernizatu, berriztatu behar dugu, eta ikerketari eta lanari denbora eskaini», zioen.

Landatuta zeuden ia mahasti guztiak kendu eta lurra indarberritzen pasatu zituen hasierako urteak. Gero, tempranilloa, garnatxa eta cabernet sauvignon mahatsak landatu zituen.

Ardo beltzak eta gorriak egiten dituzte. Beltzen artean, lau partzelarioak dira, hau da, partzela bat, ardo bat. Ardo beltz guztiak monobarietalak dira eta egiten duten gorri bakarra tempranillo, garnatxa eta cabernet sauvignon mahatsak nahasiz egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.