Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Anoiako altxorra

2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Bertako mahatsak erabiliz ardo bakanak egiteko ametsarekin sortutako proiektua da Bodegas Puiggros. Cal Pau Palomas masian egiten dute, Odenan, Bartzelonako Anoia parajean. Familiak 1843az geroztik autokontsumorako ardoak egiten zituen, eta esfortzu handiarekin mahastiak berreskuratu zituzten eta masia egokitu zuten, upategi txiki bat egiteko, Bodegas Puiggros.

Haien hitzetan, «dotorezia, bikaintasuna eta nortasuna erakusten duten kalitate handiko ardoak eskaintzeko sortutako proiektua da Puiggros».

Terroir deritzon horri so egotea da haien filosofiaren oinarri, Kataluniako mahats mota eta mahastiak mantenduz eta berreskuratuz. Proiektu gaztea da, 2008an abiatu baitzuten.

Mahasti gehienak Odena herrian daude, 450 eta 600 metro arteko altueran. Oso klima bitxia dago paraje hauetan, mediterraneoaren eta kontinentalaren artekoa-edo esan daiteke, bien ezaugarriak ikus baitaitezke.

Ziklo begetatiboa luzea da, eta frutaren heltze prozesua oso delikatua, luzea eta konplexua. Hori omen da ardoon kalitatearen gakoa. Sumoll, garnatxa zuria zein beltza eta cariñena mahatsak lantzen dituzte.

Mahats bilketa eskuz egiten dute, mahatsa hogei kiloko kutxetan jasoz. Gero, mahats hori aukeraketa mahaitik igarotzen da, deposituetara erabat osasuntsu eta osorik igarotzen dela bermatzeko.

Altzairuzko depositu guztiek tenperatura kontrolatua dute. 1.440 eta 3.000 litro arteko deposituak dira. 380-700 litro arteko buztinezko anforetan ere ontzen dituzte beren ardoak.

Mahasti desberdinetako mahatsak bakoitza bere aldetik ontzen dira, depositu eta anfora desberdinetan. Esan daiteke, beraz, mahasti bakoitza bere neurrira ardoztatzen dela, mahats mota desberdinak eta haien ezaugarriak kontuan hartuz.

Prozesu hauek guztiak burutu ondoren, ardoak 300-500 litroko upel frantziarretara zein anforetara pasatzen dira, hartzidura malolaktikoa egiteko. Ardoek ontzen ematen duten denbora hamabi eta hemezortzi hilabete artekoa izaten da, mahats motaren arabera.

Hainbat ardo desberdin egiten dituzte Bodegas Puiggrosen: Sentits Blancs, mahasti zaharretako garnatxa zuriz egindako ardo zuria; Sentits Negres, mahasti zaharretako garnatxa beltzez eginikoa, freskoa, luzea eta dotorea; Signes, mahasti zaharretako sumoll eta garnatxa beltzez egina, bertako lurraren isla, freskoa bezain boteretsua; Maestre Vilavell, mahasti zaharretako sumoll mahatsez egina, zetatsua, dotorea, freskoa, agian ardo guztietatik bikainena; Exedra Beltza, garnatxa beltzez egina, hartzidura alkoholikoa zein malolaktikoa anforetan izaten duena, bere ligekin; eta Exedra Zuria, garnatxa zuriz egina, honek ere hartzidura alkoholikoa zein malolaktikoa anforetan izaten du, bere ligekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.