Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Aljarafeko saladotarrenak

2023ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Berrehun urte baino gehiago igaro dira 1810ean Ramon Saladok bere upategia sortu zuenetik. Harrezkero, familiaren eskuetan iraun du. Seigarren belaunaldiaren esku dago gaur egun. Sevillako (Andaluzia, Espainia) Aljarafe eskualdeko Las Yeguas lursailean dago saladotarren ardoen oinarria, gakoa. Hango lurrak karbonato kaltzikoz, buztinez eta itsas fosilez osatuta daude —albariza deitzen zaio lur mota horri—.

Lur horietan, hainbat hamarkadatan, garrido fino deritzon mahatsa landu dute. Eta, beste hainbat lekutan mahats mota hori kentzen zuten bitartean, Salado upategikoek mantendu, zaindu eta mimatu egin dute, eta horren emaitzak bikainak izan direla ezin da ukatu. Haien hitzetan: «Garrido fino mahatsa zainduz, gure nortasuna zaintzen dugu». Mahats horrekin egin dute lehen apardun sevillarra: Umbretum. Sevillako ardorik bikainenaren saria jaso duena.

1960an, Rafael Salado Lucenak ia hamabost hektarea albariza lur erosi zituen Carrion de los Cespedesen (Sevilla, Espainia); esaten dutenez, Amerikaren aurkikuntzaren aurretik ere ezaguna zena kalitatezko ardoak egiteagatik. Lehen aipatutako Las Yeguas lursaila da horien izena. Mendebaldera begira dauden mendi magaletan daude kokatuta eta Atlantikotik datozen haize-lasterrak jasotzen dituzte, haize kontinental beroetatik eta Saharako gandutik babestuta. Lur horiek duten buztin geruza finari esker, hezetasuna gordetzen dute eta mahatsa astiro-astiro heltzea lortzen dute.

Familiakoek horrela definitzen dute eremu hura: «Las Yeguas ardoa egiteko toki egoki bat baino askoz gehiago da: erleen burrunba eta sorbeltz arruntaren hegaldia, ezkai eta erromero aromak, eguzki distiratsudun uda beroak, etxean gordeta egoteko negu hotzak, eta mahastiari ur kantitate egokia ematen dioten euri lotsatiak».

Gaur egungo upategia Francisco eta Pedro Saladoren eskuetan dago, seigarren belaunaldiko kideen esku, alegia.

Aljarafen upategiak ixten ari ziren bitartean, Pedro eta Franciscoren birraitona bere urteko ardoa merkaturatzen hasi zen, eta harrezkero, Bodegas Saladoren El Nuevo Vino izenekoa Sevilla probintziako ardorik ezagunena eta preziatuena bilakatu zen.

Garrido fino mahatsa ez ezik, pedro ximenez mahatsa ere lantzen dute. Ekologikoan egiten dute lan. Batetik, ardoen kalitatea bermatzeko, eta bestetik, inguruetako fauna eta flora babesteko. Garrido fino mahatsa bertako lurrera eta klimara ezin hobeto egokituta dago, eta horri errendimendu bikaina ateratzen diote: kalitate eta azidotasun bikainak eskainiz, eta orrazketarik behar ez duten ardoak lortuz.

Hiru ardo egiten dituzte. Apardunak dira bi: Umbretum Brut Nature eta Umbretum Reserva Familiar. Eta ardo zuri lasai bat da bestea: Finca Las Yeguas.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.