Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ailala-Ailalelo

2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Ribeiron ere, beste leku gehienetan bezala, lurrak eta klimak zeresan handia izan dute bertan egiten diren ardoen estiloan. Hain bertakoak diren mahats moten aniztasunak ere aberastasun handia eman dio Ribeiroko ardogintzari.

Galiziako trantsizio toki batean dago, izaera mediterraneoa duena, baina eragin atlantikoak leundua, Ozeano Atlantikotik oso hurbil baitago. Pentsa daiteke ozeanoaren gertutasunak eragin handiagoa izan beharko lukeela, baina ez da ahaztu behar Ribeirok mendebaldetik zein iparraldetik mendilerroak dituela, eta mendilerro horiek izugarrizko babes-lana egiten dutela mahastizain-tzan.

Eguneko eta gaueko tenperaturen arteko aldeak mahatsen heltzeko prozesua astirotzea dakar, eta, ondorioz, heldutasun egokiagoa, osoagoa lortzen dute, aromak eta freskotasuna errespetatuz eta zainduz.

Ailala-Ailelo upategia ezagutuko dugu gaur. Izen bitxia bezain alaia duen upategia. 2011n sortu zuten Inma Pazos enologoak, Miguel Montoto sommelierrak eta Ribeiron hain sona handia duen Coto de Gomariz upategiko arduradunek. Haien helburua zen egiten zituzten ardoak nazioartean zegokien tokian kokatzea.

Esan daiteke bi ardotan Ribeiro eskualdeak duen terroir aberastasuna erakusten dutela. Ailala ardoa egiteko erabiltzen dituzten mahatsak Avia ibaiaren bailaran daude, San Cristobalen, Ribadaviatik oso gertu, bertan hasi eta ibaian gora Gomarizeraino iristen diren lursailetan.

Ailala ardoak 2011n merkaturatu zituzten aurrenekoz, bertako mahatsak eta monobarietalak izateko asmoarekin. Hasieran, treixadura mahatsez eginiko ardo monobarietala izan zen, baina 2014. urteaz geroztik ardo beltza ere gehitu zioten, eta souson mahatsa protagonista bihurtu zuten.

Ailala zuria eta Ailala beltza dira, beraz, upategian egiten diren ardo bakarrak. Biak ala biak ardo lehorrak eta izaera handikoak.

Treixadura da, zalantzarik gabe, Ribeiroko mahatsik bikainena, loratze zein heltze berantiarrekoa eta altuerara oso ongi egokitzen ez dena. Egitura sendokoa eta ahoan betea izan arren, aroma delikatuak eta sotilak eskaintzen ditu, dotoreziaz beteak, lore zein fruta usain delikatuz osatuak. Ailala zuria treixaduraren eredu puru eta garbia dela esan daiteke.

Souson mahatsa, berriz, beltza da. Indar handia hartu du eta hartzen ari da, Galizian zein Portugalgo iparraldean. Mahats honek alkohol kantitate nabarmenak eman ditzake, eta ondo helduta dagoenean bildu behar da, landare usain ez hain atseginak emateko arriskua baitauka hori bete ezean.

Zahartzeko gaitasun handia izaten dute sousonez egindako ardoek, eta oso egokiak dira upelean ontzeko. Ailala beltza ardo lehorra da. Sousonez osatua (%85) eta brancellao, caiƱo longo eta ferrol mahatsez lagundua. Lau hilabete ematen ditu upelean. Ardo horretan fruta gorria nabarmentzen da. Ardo alaia eta freskoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.