Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Lurraren arrasean

2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gehienetan, ikasturteko lehen pieza honetan, oporretan, Andaluzian (Espainia) aurkitutako altxorren bat edo beste ekarri izan dizuet hona. Gaurkoan ez, ordea.

Gehienontzat urtea urtarrilean hasten bada ere, esan daiteke ardoaren inguruan bizi direnentzat urtea orain hasten dela, irail aldera, mahats bilketarekin batera.

Urteko lan guztia arriskuan jar daiteke garai honetan, are gehiago azken egunotan bizi izan dugun ezegonkortasuna dela eta. Hainbat tokitan mahatsa biltzen hasiak dira eta leku askotan ekaitza eta kazkabarra ere izan dituzte azken asteetan. Ikusi beharko da haien eragina hurrengo egunotan.

Aurten, azken urteotan bezala, proiektu interesgarriak ekarri nahi ditut hona. Ikasturte honetan, bereziki, ardoaren unibertsoan mugitzen diren zenbait emakume eta gizon interesgarriren berri ere eman nahi dizuet.

Gaurkoan, baina, Gaztela-Mantxako Mentrida jatorri izena duen upategi bat eta haren ardoak erakutsi nahi dizkizuet: Borboton upategia eta egiten dituzten ardoak. Santa Cruz de Retamarren (Toledo, Espainia) abiatu zuen proiektua Antonio Mayoral Andresek, 2012an. Borboton upategiko mahastizaina, enologoa eta ugazaba da Mayoral.

Bost partzela ditu oinarri garaje-upategi honek. Horietatik bi 650 metroko altueran kokatuta daude eta syrah eta petiti verdot mahatsek osatzen dituzte, Santa Cruz udalerrian. Batez beste hamar urtekoak dira. Beste hiru partzelak, txikiagoak, San Vicente mendilerroan daude, Gredosen, alegia, 850 metrora. Garnatxa mahatsez osatuta daude, batez beste berrogei urtekoak.

Mahats horiekin guztiekin marka bat soilik egiten da: A Ras de Suelo (lurraren arrasean). Lurra aipatzen du izen horrek, tratamendu sistemikorik gabea, landare-estalkiduna, ahalik eta logikoen jokatuz.

Marka bat, baina lau ardo desberdin: Coupage, %85 syrah eta %15 garnatxaz egina, 5.000 litroko altzairuzko deposituan, sei mila botila gutxi gorabehera. Beste hiru ardoak mahats mota bakarrarekin eginak dira, Syrah, Petit Verdot eta Garnacha.

A Ras de Suelo Syrah zortzi hilabetez ontzen da 500 litroko hiru urteko upel frantziarretan, frutari egurrari baino garrantzi handiagoa emanez. Ardo hau zahartzeko egokia dela esango nuke, duen egiturari eta azidotasunari esker. Fruta ugariduna da , espeziatua, eta ukitu mineral bikaina du.

A Ras de Suelo Petit Verdot: fruta heldua, zaporetsua, luzera ematen dion belar ukituarekin.

Eta laugarrena, A Ras de Suelo Garnacha, nire ustez finena eta dotoreena. Fruta gorri ugariduna eta oso espeziatua. Ahoan zaporetsua eta arina da, frutaz gainezka.

Ekoizpen kopuru txikiak dituzte, baina kalitate handiko ardoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.