Albistea entzun

KRITIKA. Artea

Arkitektura publiko intermitentea

IDOIA ZABALETA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Rubio -

2021eko ekainak 22

Orekari estudioa

'Periferia birpentsatuz'

Non: Ziudadela, Iruñea. Noiz arte: Ekainaren 27ra arte.

Zein da hirien eremu periferikoek jorratzen duten papera? Mendeetan zehar hirien egitura eraldatu egin da. Orain dela bizpahiru hamarkada hiri ondoan zeuden herrien birmoldatzea horren eredu da, metropoli eremuen parte bihurtu baitira askotan. Era berean, biztanleriaren gorakada asetzeko helburuarekin auzo berriak sortu dira. Halatan, egun, eskema mantentzen dela esan genezake: zentroa eta periferia, erdigunea eta bazterra, barnealdea eta kanpoaldea...

Nola eragiten die hirien bazterretan bizi diren pertsonei halako ezberdintzeak eta zein da jarduera kulturalen presentzia?

Hausnarketa prozesu hartan murgiltzen gaitu Iruñeko Ziudadelan egituratutako Periferia Birpentsatuz erakusketak. Salome Wackernagel arkitektoak eta Orekari estudioak lankidetzan egindako proiektua da; hain zuzen, 2017. urtean garatzen hasi zena. Periferiak zeharkatzen dituzten espazio publikoak aktibatuz eta guneen behar espezifikoak oinarrian harturik, eremu publikoari zentzu sozial eta kolektiboa ematea da proiektuaren helburua. Bada, hiriko hiru gune periferikoen kasuak hartzen ditu bere ardatzean mostrak: Uharte, Etxabakoitz eta Lezkairuko Zaldua (eraikitze prozesuan dagoen periferia berria).

Hiru guneak Iruñeko kanpoaldean kokatuak daudela kontuan izanik, kultur prozesuak garatzeko behar ezberdinak dituztela erakusten digu mostrak. Izan ere, Ziudadelako Mistoen Aretoan aurkituko duzuena ez da artelanez egituratutako erakusketa, hausnarketa eta ekintzen uztartzeen testigantzak biltzen dituen prozesu baten adierazlea baizik. Ekintzak periferietan gertatu ziren. Halatan, erdigunearen bazterretan jazotako gertakizunak Iruñeko zentro zentroan dute beren azkeneko parada.

Mostra osatzen dituzten euskarriak risografiak, argazkiak, planoak, testuak eta proiektuaren giltzarri izandako arkitektura efimeroak dira. Aniztasun hura biltzen duen instalazioa izango da ibilbidea zehaztuko diguna eta Mistoen Aretoan sartu eta bigarren solairura igotzen garen momentuan geure ikuseremuan barneratuko dena guztiz. Harrizko arkitektura mardularen barnean egurrezko arkitektura arin eta fina sortzen baita, zeinaren gainean hamarnaka landare hazten diren. Beraz, jatorrizko eraikinaren egitura zein izaera eraldatzen du instalazioak, periferian aurkezten diren eraikinei egiten baitie erreferentzia.

Proiektuaren egituratze prozesua zehaztuko luketen hainbat gune aurkezten zaizkigu ibilbide kronologiko eta linealean. Abiapuntua Uharte da, alegia, Uharte Arte Garaikideko Zentroa biltzen duen herria. Kultura arloan maizago planteatu beharko litzatekeen hausnarketa proposatzen du eremu horrek: sortu al daiteke zentroaren eta herritarren arteko lotura? Edota... nola egin diezaioke mesede zentroak inguruan duen testuinguruari? Zentroa kalera ateraz eta horretarako haren erreferentzia izango litzatekeen arkitektura efimeroa sortuz. Horren emaitza da mostran aurkezten den Totema, erabilera anitz dituen altzari gurpilduna: zinema, erakusketa gunea, tailerrak... garatzeko aukera ematen du.

Abiapuntua atzean utzi eta espazio linealean aurrera egin ahala inguruarekiko perspektiba eragozten duen nolabaiteko pasabidea dugu, eta bestelako arkitektura efimeroen eraikitze prozesuak sumatzen dira bertako argazkietan. Hura zeharkatu ondoren emaitza finala argitzen da: urre eta zilar koloreko paper dirdiratsuz egindako dorrea. Lezkairu Zailduari dagokio arkitektura eta, espazio publikoetan kultur ekintzak garatzerako orduan, horien seinale bihurtzeko helburua du. Izan ere, dorrearen distirak hura distantzian bistaratzeko aukera ematen baitu.

Bestelako beharrak asetzen ditu azkenengo arkitekturak. Etxabakoitz auzoan sortutako kontzertu, hitzaldi eta bestelakoen aterpe efimeroaren testigantzak ditugu azkenik. Plastikozko burbuila erraldoi baten argazkiak, planoak, instrukzioak... tamaina dela eta erakusketa espazioaren kanpoaldean puztuta dagoena, hain zuzen.

Oraingoan, protagonistak periferiak izan dira, eta zentroa horien testigantzak biltzen dituen espazio xumea bihurtu da. Esan bezala, mostrak proiektuaren tripak erakusten dizkigu, ikusleok prozesuaren parte bihurtuz.

Halaber, prozesu hartatik atera genezakeen hausnarketa edota galdera hurrengoa da: noren mesedeen arabera diseinatzen da espazio publikoa? Horren diseinuak baldintzatzen baititu bertan garatu daitezkeen ekintzak. Periferia birpentsatuz proiektuaren arkitekturek baldintza horiek urratu eta berreraiki egin dituzte, eta kale zein eraikitzear dauden orube lauei kolorea eta dirdira ematen diete. Hausnarketa kritikotik abiaturik arazoei erantzunak emanez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Iriarte, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Miren Iriarte itzultzailea hil da

Ainhoa Sarasola

Elena Ferranteri eta Fleur Jaeggyri lan bana ekarri zien euskarara, baita euskarazko hainbat lanen gaztelerazko itzulpenak eman ere. Senide eta lagunek gaur eman diote azken agurra, Iruñeko hilerrian.

Mugan musika taldea, disko berria argitaratu baino lehenago. ©PABLO CLEMENTE

Indarrez jantzitako doinu eztiak

Miren Mujika Telleria

Mugan taldeak zazpi kanturekin osatu du 'Bizirik ez bagaude', bere ibilbideko lehen diskoa

Errealitatea eta alegiazko munduak nahasten dira <em>Itsasotik</em> ikuskizunean. ©DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA
Michel Piccoli eta Romy Schneider aktoreak, Sauteten 'Les choses de la vie' filmean (1970). ©Donostiako Zinemaldia

Sauteten hamahiru film bildu ditu Zinemaldiak hari eskainitako zikloan

Leire Perlines Apalategi

Zinemagile eta gidoigile frantsesaren obra aztertuko du jaialdiak aurten, haren atzera begirakoan. Zikloaren osagarri, zuzendariari egindako elkarrizketekin osatutako liburu bat plazaratuko dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.