KRITIKA. Artea

Guztiak gara erroristak?

Madrassa kolektiboaren lanetako bat. GORKA RUBIO / FOKU.
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun

Madrassa Collective

Lekua: Tabakaleran, Donostian. Noiz arte: 2020ko otsailaren 16ra arte.

Zer da ba helburu ororen hutsegitearen atzean geratzen dena? «Ate bat ixterakoan, leiho bat irekitzen da» esaldiak ondo igortzen duenez, zenbaitetan aukerak ugaritu daitezke, hasieran planteatutakoaren perspektibak gaindituz. Besteetan, egoerak okerrera doaz, besterik ez, planak guztiz zapuztuz eta horiek bertan behera utziz. On Fail[l]ed Tales and Ta[y]lors titulupean, errorearen arrakaletan kokatzen gaitu Madrassa Collectivek Donostiako Tabakaleran aurkeztutako proiektuak. Ekialde Hurbilean sortutako talde kuratoriala da Madrassa Collective, eta diskurtso post-kolonial eta transnazionala aldarri izanik, erakusketa kolektibo honetan aurkeztutako instalazioek zentro-periferiaren ideia urratzen dute. Eta foku eurozentristaren begien itzalean dauden herrialdeen diskurtsoak, historiak, gatazkak eta sortze prozesuak azaleratu.

«Guztiak gara erroristak» irakur dezakegu mostraren atarian. Zer da errorea? Zer dago horren atzean? Akatsa, hanka-sartzea, porrota, gaizki-ulertua. Horiek irakurrita, hitzen konnotazio negatiboak harrapatzen gaitu guztiz. Txikitatik helburu zehatzak izan behar ditugula erakutsi digute, eta helburu zehatz horiek lortzerako bidean etengabeko produktibitatean egotera bideratu gaituzte, hutsegiteari tarte ñimiñorik ere utzi gabe. Gizartearen begietan, porrotak sorrarazten duen zapore txarraren zipriztinek guztiz estaltzen gaituzte. Gizabanako eta gizarte guztiek ezagutzen dute porrota, nahiz eta fokua bertan jartzea saihestu eta hori tapatzen saiatu. Erakusketan antzemango duguna ez da gai hauetatik aldentzen. Alabaina, okerraren konnotazio negatibotik at, horrek bideratzen dituen sortze prozesuekin elkartzen gara.

Bertaratzerako korridorean bertan, Oda Projesi kolektiboak gauzatutako esku hartzeak ematen digu ongi etorria:egindako proiektuen argazkiak alde batean, bestean entzungailuak eta kolektiboak ekoiztutako zenbait publikazio. Jolas bat izango balitz bezala, lurrera erreparatzekotan, zenbakidun argazki bat agertuko zaigu, erakusketa aretoan barneratzeko nolabaiteko gonbita eginez. Istanbulgo kolektiboaren esku hartzea ez da gune honetara mugatzen, eta mostran horrek utzitako pista gehiago aurkeztuko zaizkigu. Horien artean, kolektiboak erakusketaren erantzukizun moduan egindako egunkariaren ehunka alez hornitutako espazio anexionatu bat aurkituko dugu. Bertan kokatuak dauden bankuetan eseriz Oda Projesik sortze prozesuan pairatutako hutsegite eta hanka-sartzeen inguruko gogoetak patxadaz irakurri ahal izango ditugu.

Oda Projesiren esku hartzeak bere lanaren inguruko hausnarketa bideratzen badu ere, jarraian aurkeztuko zaizkigun artisten lanek narratiba historikoen inguruko birpentsatzea bultzatzen dutela antzemango dugu. Ekialde Hurbilean 1960ko eta 1970eko hamarkadetan gauzatutako deskolonizazio prozesuen testuinguruan kokatzen gaituzte, testuinguru hori dokumentatzeko garatutako aparatuei (zinema, literatura, irratia …) erreferentzia eginez.

Ezkutuan geratutako lengoaia horiek argitara ateratzeko artxiboak duen garrantziaz ohartarazten digute From Insurrectional to Liberation, High Dam II eta Friends, companions, comrades... instalazioek. Eta, hari berean, artearen kutsu kolaboratibo eta partizipatiboari men eginez, Yasmina Reggaden lanak ikuspuntu berri bat aurkezten du. Aljeriako independentzia garaiko irratiko dialogoak berpiztuz, publikoa esatari izatera gonbidatzen baitu erakusketa gelaren erdian kokatuak dauden mikrofonoen bitartez. Gobernu nazionalek eta potentzia kolonialek horiengan izandako jazarpenaren orbanak pairatzen dira, eta arrotz egiten ez zaigun zentsura edota informazio manipulazioa erreminta erabakigarri bilakatzen da.

Fake News instalazioak ohartarazten duenez, politikoki manipulatutako irakurketa okerren eragina ez zaigu hain urrun geratzen. Instalazioaren espazioan barneratzean alarma guztiak pizten dizkigute paretan behin eta berriz errepikatzen diren hitzek: Fake News; satira edo parodia; lotura faltsua; engainuzko edukia; testuinguru faltsua; eduki inposatua; Fake News; satira edo parodia; lotura faltsua; engainuzko edukia; testuinguru faltsua; eduki inposatua.

Gauzak kontatzeko, aurkezteko eta egiteko beste modu bat aurkitzen dugu aretoan sartu bezain pronto. Artearen alor kolaboratibo eta partizipatiboaren xedearekin bat eginez, ikuslea erakusketaren partaide aktibo izatera gonbidatzen baitu erakusketak. Nahiz eta akatsaren kontzeptua aurkeztutako instalazioen abiapuntu izan, tratatutako gaiak askotarikoak dira: zentsura, gaizki-ulertuak, proiektu politikoen porrotak... Alabaina, kolektibotasuna giltzarri izanik, nabaria da mostran parte hartutako artista eta kolektiboen hartu-emana eta dialogoa, honek dakarren ideien saretzeak bideratzen duen hausnartze prozesuarekin bat eginez. Eta saretze honen partaide bilakatzen gara bai gu, baita erakusketa biltzen duen eraikin bera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.