Albistea entzun

KRITIKA. Erakusketa

Mintzaira gardena

Zaloa Ipiña artistak Bilboko Euskal Museoan erakusgai jarri duen obretako bat.
Zaloa Ipiña artistak Bilboko Euskal Museoan erakusgai jarri duen obretako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Elena Olave -

2020ko martxoak 3

'Gorreri bisuala'

Artista: Zaloa Ipiña. Non: Bilboko Euskal Museoan. Noiz arte: Abuztuaren 30era arte.

Euskal museoan kokatu proiektu artistiko honek gaur egungo euskararen egoerara heltzeko gertatutako arrazoi historikoen irakurketa bisual bat gauzatzen du. Horretarako, euskara prozesu artistikoan txertatzen du, hori baita ikerketa prozesuaren ardatza eta aurrera eramateko baliabide linguistikoetako bat. Ez da kasualitatea erakusketa hau Bilboko Euskal Museoan kokatzea, euskara baitu irudizko lengoaia garatzeko abiapuntu. Halaber, Bilboko hirian kokatzeak eta bertako artista batek sortua izateak hizkuntza gutxituen inguruko gogoeta eta proiektu artistiko honen konnotazio politikoa erabat indartzen ditu.

Izenburuari dagokionez, Marleen Haboud hizkuntzalaritzako ikerlariak garaturiko termino bat da, hizkuntza gutxituen egoeraren kontzientziarik gabeko jarrerari erreferentzia egiten diona. Baina Ipiñaren erakusketa honetan gorreri bisualak ez die soilik euskararen zapalkuntza egoerari eta historiari erreferentzia egiten. Izan ere, arte garaikidearen barruan, hizkuntza hegemonikoen pisua dela eta, euskaraz sortzeak dakarren deserosotasunaren inguruko gogoeta ere bada, oraindik erantzun bako galdera bati heltzen diona: Euskal artea euskaraz zergatik ez?

Aretora sartu bezain pronto, aurrez pareta zuri batean dagoen azalpenarekin egiten dugu topo. Horren alboan lurrean kokatzen den lanpasa urdinak espazioa bitan banatzearen sentsazioa sortzen du. Lanpasa honen albo batean, Anillo escolar lana ageri da, zigor bitartez eskoletan inposatu nahi izan zen erdaratzeari buruzkoa, zuri-beltzeko zazpi argazkiren bitartez landua. Argazki horietan arkatzez idatzitako esaldi batzuk ere irakur daitezke, besteak beste, menderatua, terrore linguistikoa, amnesia kolektiboa, arrotz.

Lanpasak, gure gorputza beste aldera igaro nahian, zapaltzeko ekintza sinbolikora garamatzala dirudi, ikusle, hiztun, euskaldun edo ez-euskaldun legez euskara edo hizkuntza gutxituekiko dugun jarreraren inguruan hausnartzera, alegia. Lanpasean ehunduta agertzen diren esaldien artean «debekatuta patois hitz egitea» irakur daiteke. Patois frantsesa ez diren frantziar estatuko beste hizkuntzak izendatzeko mespretxuzko berba da. XVIII. mendean ezarritako lege batean egin zitzaion lehendabiziko erreferentzia, frantsesa, modernitatearen proiektuaren barruan, hizkuntza unibertsal gisa inposatzeko nahian.

Halaber, sentsazioa dut zapaltzeko ekintzaz batera lanpasak aurrerapauso bat egitera ere bideratzen gaituela, ongietorria emanez espazioaren beste aldera, zuzenean aurrean dauden lau pantailetara. Bideo instalazioetan hesgailuz begiak estalita dituen eta hori kentzen ari den pertsona bat ikus daiteke, aragoieraz, katalanez, galegoz, asturieraz eta Araneko okzitanieraz hesgailuan idatzitako esaldia entzun bitartean. Bideo instalazio horien alboan, aurretik ikusitako hesgailuak agertzen dira eskegita, aurreko bideoetako ekintzak egitearen proba materialak izan daitezkeenak, bi obren arteko lotura agerian utziz.

Bideoaren alboan Etxean Arrotz instalazioa kokatzen da. Metakrilatozko (Ipiñaren lanean ohikoa den materiala) etxe moduko horien barnealdean, XVIII. mendetik gaur egunera arteko euskararen inguruko legeak biltzen dira. Metakrilatoz eginiko etxeen gardentasuna aurrean dauden xaflen gardentasunarekin harremanetan jartzen da, non hitza-hizkuntza-nortasuna berbak agertzen diren. Gardentasun hau, identifikazioarekin loturikoa, espazio domestikora, intimitatera, gure geletara, batzuontzako lan espazioa ere baden horretara itzultzean gorpuzten da, gure sentitzen dugun lengoaia eta nortasuna zintzoki azaleratzean.

Erakusketa honek zigorrak ikustetik lege eta zapalkuntzak irakurtzera eta hizkuntzaren balioaz hausnartzera garamatza. Hitzezko, ikusizko eta entzutezko baliabideak uztartuz lengoaia artistiko propio bat eraikitzen du Ipiñak, sorlekuan arrotz sentitzeari uzteko saiakeran; dela Euskal Herriko arte garaikidearen esparruan, dela batzuon egunerokoan, besteak beste, oraindik ere zaila suertatzen baita euskaraz aritzea, sortzea, bizitza egitea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manuel Asin Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa, Baluarteko atarian, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ikertzeko balio duten distantziak

Olaia L. Garaialde

Iruñeko XVI. Ikuspuntu jaialdia martxoaren 14tik 19ra izanen da. Sail Ofizialean hamazazpi herrialdetako 21 film izango dira lehian. Lan eta Desbordamientos sail berriak ere badira

 ©BERRIA

Lukiek, eskemak nondik eta noraino apurtu

Itziar Ugarte Irizar

 

Hamar kantuko disko berria plazaratu du taldeak: '#2'. Kontraste ugariko lana ondu dute, egitura ezohikoak eta pasarte poperoagoak uztartuta. Arrasaten joko dute gaur; bihar, Tolosan

Juan Mari Aburto eta Fernando Perez, atzo, Azkuna zentroan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bost erakusketa egongo dira ikusgai aurten Bilboko Azkuna zentroan

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte, eta arte bisualak indartzea izango du ardatzetako bat zentroak

Carla Simonen 'Alcarràs' filma. ©Berlinale

Claire Denis, Hong Sang-soo, Isaki Lacuesta eta Carla Simon, Urrezko Hartza eskuratzeko lehian

Andoni Imaz

Berlinalen, besteak beste, Mitra Farahani, Lucrecia Martel, Ulrich Seidl eta Peter Strickland zinemagileen lan berriak erakutsiko dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.