KRITIKA. Artea

Ikusleak partaide

Inauterietakoak diruditen eta festen giroarekin lotura duten pertsonaiak ikus daitezke, besteak beste. MAIDER LOPEZ.
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
'Jantzizazu artefakta'

Artistak: Beatriz Sanchez, Dogartzi Magunagokoetxea eta The Zuzenders. Non: Dulantziko Mikaela Portilla kultur etxean (Araba). Noiz arte: azaroaren 7ra arte.

Euskal testuinguruan, arte garaikidearen erdigunea espazio urbanoetan dagoela ukaezina da. Formakuntza, erakusketa espazio edota sormen guneei dagokienez, zeintzuk dira landa eremuetan arteak dituen aukerak? Izan ere, arte sare egonkorrik ez dagoen gune batean arte garaikidea sustatzeko helburua izanik, erakusketa bat egituratzea ez da nahikoa. Halatan, edukien saretzea eta inguruko biztanleen partaidetza sustatzen dituzten jarduerak beharrezkoak dira guztiz; hau da, mediazioak jorratzen duen rola beharrezkoa da.

Ildo horretan kokatzen gaitu, hein batean, Dulantziko Mikaela Portilla kultur etxean egituratutako Jantzizazu artefakta mostrak. Eremuak proiektuaren barnean, landa eremuetan eragitea du helburu Harriak programak, saretze hori sustatzeko, eta programa horren barruan antolatu dute erakusketa.

Maite Martinez de Arenaza izan da mostraren bitartekaria, eta Dogartzi Magunagokoetxea, Beatriz Sanchez eta The Zuzenders taldearen adierazpen artistikoak bildu ditu. Erakusketak eskema guztiak urratzen dizkigu, jai giroan zentratutako pertsonaia folklorikoen iruditeriak bereganatu eta berregiten baititu. Hain zuzen, jaia baita erakusketa eta haren testuinguruan egituratzen diren ekintzak zeharkatzen dituen ardatza.

Lehen espazioranzko barneratze prozesuak zuzen-zuzenean ohartarazten gaitu horretaz. Kolore. Objektu. Jantzi. Formen eztanda! Nahaste horretan jantzi arraroz atondutako figura ez-folklorikoak aurkezten dira. Gogora ekartzen digute elementu bat edo beste: buruhandi hegalariak, ihauterietako pertsonaien arrastoak mantentzen dituzten irudiak... Litekeena da gerturatzen garen ororentzat pertsonaiak ezagunak eta, aldi berean, ezezagunak izatea. Arrotzak bihurtzen dira pertsonaiak gerturatu eta begiekin aztertzen ditugun heinean, objektuek bestelako izaerak bereganatzen baitituzte. Halaber, pertsonaien mugimendurik eza kontuan izanik, arroztasuna biderkatu egiten da.

Hurrengo espazioan barneratzean aldatzen da egoera. Bertan, hamarnaka aulkiz betetako gelan, Ex Tradizional proiektuaren arrastoak aurkezten dira horman proiektatuta. Eta orduan, aurreko espazioko pertsonaia estatikoetako batzuek mugimendua eta bizia berreskuratzen dituzte. Beren jatorria ulertu eta aztertzeko aukera ematen digute bideoek.

Bilboko kaleetan sortutako pertsonaiak dira. San Frantzisko kaletik Dulantziko erakusketa espaziora lekualdatu direnak. Eta, ildo honetan, objektuak, pertsonaiak, irudiak... aurkezten diren testuinguru berri horretan, esanahiak, zentzuak eta irakurketak bestelakoak dira; testuinguruarekin bat, publikoa ez baita Bilboko kaleak okupatzen dituen bera.

Alabaina, zirkuitu artistikoetatik at, arte garaikidearekiko dagoen ikuspegi estereotipatu eta elitista kontuan harturik, zein da erakusketak ikusleengan izango duen eragina? Izan ere, euskarriak heterogeneoak dira eta estetika tradizionalak urratzen dituzte guztiz. Bada, proiektuaren mediazioa izango da giltzarria, oraingoan. Fikziozko pertsonaia berriak sortzeko tailerrak sustatuko baitira herrian, eta emaitzak erakusketan bertan erakutsi.

Egoerak gogora ekartzen dit Danele Sarriugartek Erraiak eleberrian ekoizpen artistikoen inguruan planteatzen zuen deskribapena: «Hura artea izan zen, artea ulertzen baldin bada gutxienez pertsonen erraiak atzamarkatzeko eta barrutik kanpora astintzeko eta azazkalen azpian pilatutako zikinkeriarekin kritikotasunez gaiztotzeko gai den ariketa estetiko gisa; edo, besterik gabe, hainbesterainoko fisikotasunik gabe, kaskoari pare bat buelta gehiago ematera behartzen zaituen ariketa».

Arteak kitzikatzen du. Erakusketak ezjakintasunean murgiltzen gaitu lehen momentuan, eta seriotasun faltari men eginik, barrenak kitzikatzen dizkigu modu batean edo bestean. Batzuk hausnartzera bideratuko ditu, eta beste batzuk ez; baina bertan sortzen den talka estetikoaren eragina ukaezina da. Eta, talkaz talka sortze prozesuan murgildurik, herritarrak eurak izango dira mostraren egile, partaide eta ikusle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.