Katalunia. Auzibideak

Llarenak kartzelara bidali ditu Bassa, Turull, Forcadell, Rull eta Romeva

Epaileak ebatzi du ihes egiteko eta matxinada delitua berriz egiteko arriskua dutela. Errerendumaren harira matxinada delitua leporatuta, hamahiru pertsona auzipetu ditu. Rovirak erbestera jo du

Jordi Turull Kataluniako Generalitaterako presidentegaia negarrez, atzo, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak kartzelatzeari buruz erabaki aurretik. BALLESTEROS / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Pablo Llarena epailearen aurrean deklaratu zuten atzo, eta adierazi zioten ezetz, ez dietela haien helburu politikoei uko egiten. Salatu zuten, bai, haien ideia politikoak «kriminalizatu» nahi dituela Espainiako Estatuak, baina, halere, negoziazio politikoa bultzatu nahi dutela, aldebakartasuna alboratuz. Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, halere, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva eta Dolors Bassa Espainiako Estatuak bertan behera utzitako Kataluniako azken gobernuko kontseilariak eta Carme Forcadell orduan Kataluniako Parlamentuko presidentea zena kartzelatzea erabaki du. Bermerik gabe. Atzo goizean jakinarazi zien matxinadagatik auzipetuko zituela, eta arratsaldean, haren aurrean deklaratu eta gero, aurrez jarri zizkieten kautela neurriak aldatzea eta atzera haiek espetxeratzea deliberatu zuen epaileak. Matxinada egozten die, eta iruditzen zaio delitua berriro egiteko eta alde egiteko arriskua dutela. Horixe bera eskatu zuten fiskaltzak eta akusazio partikularrak, Vox eskuin muturreko alderdiak.

Marta Rovirari ere matxinada egozten dio, eta beste bostekin deklaratzera deituta zegoen. ERCko idazkari nagusia ez zen Madrilera joan: erbestera jotzea erabaki du. Gutun batean jakinarazi du erabaki hori hartu duela ez duelako «isilarazita bizi nahi». Herenegun gauean, Turull Kataluniako presidente izendatzeko saioa egin eta gero, diputatu aktari uko egitea erabaki zuen, Forcadellek eta Bassak bezalaxe.

Estremerako kartzelara eraman dituzte Turull, Rull eta Romeva, eta Alcala Mecokora Forcadell eta Bassa. Erreferendumaren kontrako kausa judiziala dela eta, aurrez bostak egon izan dira kartzelan. Kontseilari zirenek hilabete igaro zuten Auzitegi Nazionalaren aginduz, baina abenduaren 4an geratu ziren aske, Gorenak kausa bere gain hartu ondoren, bakoitzak 100.000 euroko bermea ordainduta. Forcadellek gau bakarra egin zuen, azaroaren 9tik 10erakoa, eta Llarenaren aginduz aske geratu zen, 150.000 euroko bermea ordaindu ondoren.

18:00 inguru zirenean eman zuen erabakiaren berri Llarenak. Goizean, berriz, Kataluniako prozesu subiranistaren harira ikerketapen zeuden hamahiru lagun matxinada egotzita auzipetu zituen. Horien artean Carles Puigdemont presidente ohia, Oriol Junqueras presidenteordea, eta Turull presidentegaia. Llarenaren auzipetze autoaren arabera, 155. artikuluaren aplikazioa eta auzitegiek hartutako erabakiak gorabehera, prozesuaren «diseinu kriminalak» bizirik jarraitzen du. Iluntzean, gainera, beste erabaki bat hartu zuen: Puigdemonten, eta kontseilari ziren Antoni Cominen, Meritxel Serreten, Clara Ponsatiren eta Lluis Puigen kontrako euroagindua aktibatzea. Rovirari dagokionez, nazioarteko atxilotze agindua aktibatu zuen, Suitzan dagoelako —EB Europako Batasunetik kanpo dago herrialdea—. Ez zuen, aldiz, CUPeko diputatu ohi Anna Gabrielen aurkako atxilotze agindurik eman.

28 ikertutik, 25 auzipetu

Kataluniako prozesu subiranistaren harira, guztira 28 ziren ikertuak, eta horietako 25 auzipetu ditu Llarenak. Hortaz, epaiketari aurre egin beharko diote —litekeena da urtea bukatu baino lehen egitea—. Aurreko gobernuko bederatzi kide inputatu ditu matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra delituak egotzita: Puigdemont presidentea, Junqueras, eta Forn, Turull, Romeva, Ponsati, Rull, Bassa eta Comin kontseilariak. Espainiako Zigor Kodearen arabera, bi delitu horiengatiko kartzela zigorra 30 urtekoa da, gehienez; gainera, ezingo lukete kargu publikorik bete 21 eta 45 urte bitarteko epean.

Matxinada delitua egotzita Forcadell, Rovira, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko burua auzipetu ditu —azken biak kartzelan daude—. Espainiako Estatuak gehienez 25 urteko kartzelaldiarekin zigortu ditzake eta kargu publikoak edukitzeko inhabilitazioari ere aurre egin beharko liokete.

Diru publikoaren erabilera okerra eta desobedientzia egozten dizkie Espainiako Estatuak 155. artikuluaren aplikazioaren bidez indargabetutako gobernuko beste bost kontseilariri: Meritxell Borrasi, Puigi, Santi Vilari, Carles Mundori eta Serreti. Ez dienez ez sedizioa, ez matxinada egozten, kartzela zigorra, gehienez, bi eta zortzi urte bitartekoa litzateke.

Llarenak ez ditu espetxean sartu Lluis Maria Corominas, Lluis Guino, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Joan Josep Nuet Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideak zirenak, eta Mireia Boya eta Gabriel CUPeko parlamentari ohiak. Hori bai, inhabilitatuta geratu daitezke. Bestalde, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidente ohia (2010-2016), Marta Pascal PDeCATeko koordinatzailea eta Neus Lloveras AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko presidente zena ez ditu prozesatu Llarenak, eta haien kontra irekitako kausa artxibatzea erabaki du.

70 orrialdeko auto batean bildu ditu Llarenak hamahiru lagun matxinadagatik auzipetzeko argudioak. Autoak, finean, azkeneko bost urteotan Katalunian maila politikoan zein instituzionalean gertatutakoa errepasatzen du. Hasten da Masek eta Junquerasek 2012ko abenduan Kataluniako Gobernuaren egonkortasuna bermatzeko sinatutako egonkortasun itunarekin; prozesu subiranista hauspotzeko legebiltzarrean hartutako erabakiei egiten die erreferentzia; fokua jarri du ANC eta Omnium Culturalen egitekoan; eta jasotzen ditu erreferendumerako eta independentzia aldarrikapenerako bidean aurrera eramandako ekinbideak.

«Iraunkortasun» ezohikoa

Magistratuaren arabera, Kataluniako prozesu subiranistak «inguruko demokrazietan» gertatutakoekin alderatu ezin diren «larritasuna eta iraunkortasun ohi ez bezalakoa» integratzen ditu.«Kontuan hartuz autogobernuaren eteteak ezingo lukeela mugagabea izan eta are gutxiago behin betikoa [...] Sezesioak, esparru konstituzional eta legezkoari desobedituz, eta herritarren mobilizazioak mantenduz, bukatuko luke estatua errepublika berria aitortzera behartuz». Hori dio Llarenak, Trantsizio Nazionalerako Liburu Zuriko pasarte batzuei erreferentzia eginez. Izan ere, Generalitateak 2014ko irailean aurkeztutako liburuan prozesuak eragin zitzakeen balizko egoerak jasotzen ditu. Llarenarentzat, liburu horrek markatzen du independentziaranzko bidea.

Erreferendumean gertatutakoari dagokionean, Mossos d'Esquadrek, Puigdemontek, Junquerasek eta Fornek joan den irailaren 28an izandako bilera nabarmendu du Goreneko magistratuak. Haren hitzetan, indarkeria ekintzak gerta zitezkeela eta galdeketa egitea arriskutsua izan zitekeela jakinarazi zieten Poliziaren agintariek Kataluniako Gobernuko ordezkariei. «Halere, bozketa mantentzea erabaki zuen gobernuak». U-1aren harira, Llarenak esaldi batean laburbiltzen du Espainiako segurtasun indarrek erabilitako indarkeria, eta bost orri erabili ditu, ordea, herritarrek segurtasun indarrei «eraso» zietela zehazteko.

Hamar egun atzera eginez, «altxamendu biolentoa» iruditzen zaio irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren parean egindako elkarretaratzea. Eta Sanchez eta Cuixart egiten ditu horren erantzule. «Bazekiten altxamendu biolento bat egongo zela; onartu zuten halakoak etorkizuneko mobilizazioetan ere gerta zitezkeela, eta bazekiten gisa horretako ekintzak saihetsezinak zirela auzitegiek debekatutako erreferenduma egiteko».

Auzipetzeak eta kartzelatzeak salatzeko, CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeek, ANCk, Omnium Culturalek eta Errepublika Esnarazi Dezagun-ek mobilizazioak deitu zituzten, eta jendetsuak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.