Koronabirusa
Hegoaldeko erakundeak aurrez aurre itzultzearen alde daude

Eguberrietako oporraldiaren ostean, umeak hasiak dira Euskal Herriko ikasgeletara itzultzen. Atzo, Ipar Euskal Herrikoen txanda izan zen. Hego Euskal Herriari dagokionez, gaur bilduko dira Espainiako Gobernua eta autonomia erkidegoetako ordezkariak, itzulera nolakoa izango den erabakitzeko. Osasun, Hezkuntza eta Lanbide Heziketa eta Unibertsitate ministerioek hartuko dute parte, baita Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere. Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak positibo eman du COVID-19 proban, eta ezin da Madrilen egon, baina telematikoki hartuko du parte.
Aurreko astean, Nafarroako Gobernuak aurreratu zuen eskola presentzialetan jarraitzearen alde dagoela, «etapa guztietan». Eusko Jaurlaritzak ere aurrez aurrekoaren aldeko apustua egingo du, egungo neurriak mantenduta. Halere, aste guztian pandemiaren datuak aztertuko dituzte Osasun Sailarekin.
Ipar Euskal Herriko ikasleek, berriz, neurri arinagoak izango dituzte aurrerantzean. 12 urtetik beherako ikasgeletan positiboren bat agertuz gero, ikasle guztiek egin beharko dute testa, eta negatibo ematen dutenak ikasgelara itzuli ahal izango dira. Positibo ematen badute, txertatutakoek zazpi egunez egon beharko dute konfinatuta, eta txertatu gabeek, hamar egunez. Lehenengoak, bosgarren egunean proba egin eta negatibo emanez gero, ikasgelara itzuliko dira, eta txertatu gabeek beste hainbeste egin ahal izango dute zazpigarren egunean negatibo ematen badute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.