Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Aldi baterako erregulazioen urtea

2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Dudarik gabe, 2020a aldi baterako erregulazioen urtea izan da. Ehunka mila langileri kontratua eten edo lanaldia murriztu diete enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente baten bitartez.

Irailaren 30ean, 30/2020 errege lege-dekretua argitaratu zen: 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatzen ditu ezinbesteko arrazoiengatik ezarritako aldi baterako erregulazioak; COVID-19aren pandemiarekin lotura zuzena dutenak, alegia. Enpresek luzatu egin nahi badituzte mota horretako erregulazioak edo ekonomia, teknika, antolamendu edo produkzio arloetako arrazoiengatik ezarritakoak, berriz eskaera kolektibo bat egin beharko dute diru laguntzak eskatzeko. Dekretuan, beste hiru erregulazio mota biltzen dira ezinbesteko arrazoiengatik ezarritakoen artean, eta salbuespen handiak aplikatuko dizkiete enpresei Gizarte Segurantzako kuotetan: debekuengatiko erregulazioa, zeina autoritateek jarduera bat debekatzen dutenean ezarriko den; mugatzeengatiko erregulazioa, muga handiak dituzten baina jarduera debekatu ez dieten enpresentzat; eta pandemiak gogorren eragin dien enpresei ezinbesteko arrazoiengatik ezarritako erregulazioa.

Enpresak kuotak ordaintzetik salbuetsita egon arren, salbuespen hori ezin da izan eta ez du izan behar txeke zuri bat. Garrantzitsua da enplegua babesteko klausula indarrean egotea: enpresa behartzen du langilea ez kaleratzera hark jarduerari berrekin eta 6 hilabeteko epean, eta debekatu egiten du langileak botatzea COVID-19a dela eta. Horrez gain, ezingo dira ordu estrak egin, ezta azpikontratatzeak ere, eta ezingo dira kontratu berriak adostu errege dekretuan jasotako aldi baterako erregulazioak dituzten enpresetan.

30/2020 errege dekretuak ez ditu kanpoan uzten krisi honen ondorioak zuzenean jasan dituzten langileak; horregatik, aldi baterako erregulazio baten ondorioz langabezia saria jasotzen dutenek oinarri arautzailearen %70 jasotzen segituko dute 2021eko urtarrilaren 31ra arte, nahiz eta 2012an Rajoyren gobernuak %60tik %50era murriztu zuen sari horren oinarri arautzailea laguntza jasotzen hasi eta 180. egunetik aurrera.

Aldi baterako erregulazioez ari garela, ezin ditugu ahaztu laguntzak jasota ere langileak lan egitera behartzen dituzten enpresaburuak, haiek lan egiteko inongo obligaziorik izan gabe, aldi baterako erregulazioan daudenez gero. Berdin zaie 187.500 euroko isuna jasotzea eta langileak langabezian egoteagatik jaso duen dirua bueltatu behar izatea; berdin zaie Lan Ikuskaritzak langileari isuna jartzea: diru gehiago irabazi nahi dute, besterik ez, eta ez zaie axola denok ordaintzea beren langileen soldatak.

Urte hau aldi baterako erregulazioen urtea da. Horregatik, ezin zaie bide eman abusu eta iruzurrei, eta arretaz begiratu behar zaie, aldi baterako erregulazioen urtearen ondoren ez dadin etorri enplegua erregulatzeko espedienteen urtea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.