Albistea entzun

Koronabirusa. Pantxika Ibarburu. Atherbeako zuzendaria

«Esplikatzen diegu konfinamendua prozesu kolektibo bat dela»

Ipar Euskal Herrian arlo sozialean lanean ari den elkarte bat da Atherbea. Konfinamendu garaian, usaiako zentroak txiki gelditu dira, eta bi gune ireki dituzte Lapurdin, Baionan eta Miarritzen, etxegabeak aterpetzeko.
GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2020ko martxoak 28 - Baiona

Atherbea elkarteko zuzendaria da Pantxika Ibarburu. Etxegabeak konfinamenduan aterpetzeko guneen koordinazio lana eramaten du. Sei langile ari dira, eta, guztira, 130 laguntzailek eman dute izena boluntario aritzeko.

Nola egin duzue egitasmo hori larrialdian antolatzeko?

Frantziako Gobernuak ezarritako neurriak iritsi zitzaizkigun iragan aste bukaeran, eta berehala ikusi dugu karrikako jendea kontuan hartu behar zela konfinamenduaren prozesua bururaino eramateko. Baina etxegabeak ezin dira pertsonalki eta kolektiboki kontuan hartuak izan baliabiderik gabe. Argi genuen lehenbailehen tokiak ireki behar genituela. Miarritzeko Herriko Etxeak neurriak hartu ditu nahiko fite, eta Baionakoak ere segitu du.

Gune aski handiak atzeman behar izan ditugu herriko etxeen laguntzarekin. Bi tokietan profesionalak eta boluntarioak ari dira. Eremu sozialean esperientzia badugu, eta araberan antolatu gara: publikoa eta beharrak ezagutzen ditugu, eta horri integratu behar izan diogu segurtasun eta higiene neurrien bermatzea.

Higiene neurriak errespetatzeko materialik baduzue?

Laguntzaileen eta aterpetzen ditugunen segurtasuna bermatu behar dugu, eta arretaz begiratzen diogu horri. Momentuz, babesteko materiala badugu, baina, denentzat bezala, maskarak atzematea zaila da. Ikusi dugu Landetan fabrikatzen dituztela eskuz, ospitalearen oniritziarekin; horrelakoak eginen ditugu. Gure arrangura da zenbat irauten ahalko dugun, dugun materialarekin.

Zein da zuen lanaren betebehar nagusia?

Jan, garbitu eta lo egiteko toki bat bermatu behar diegu karrikan bizi direnei, edozein egoera dela. Entseatu gara toki gehiago irekitzen, baina uste dut biziki fite ohartuko garela ez direla aski, denei babes bat eskaini nahi badiegu. Dugun abantaila da lehen aldiko ikuspegi zabal bat ukanen dugula: zenbat dira aterpe gabe gure lurraldean? Hurbilagotik ikusten ahalko dugu.

Erran behar da gune horietan lanean ari diren langileak, urte osoan ari direla publiko horrekin, eta jendearen ezagutza fina dutela, badutela esperientzia.

Etxegabe batzuk beldur dira sartu eta ezin ateratzea gune horietarik. Nola pasatuko da?

Bistan da ateratzen ahal direla, baina behar dituzte atestazioak egin, zuk edo nik bezala. Badakigu ez direla osoki konfinatuak egonen, oso zaila delako. Esplikatzen diegu konfinamendua prozesu kolektibo bat dela eta epidemia oztopatzeko denek errespetatu behar ditugula neurriak.

Lanaren zati handi bat pedagogia egitea da, baina, publiko horrekin, malgutasuna beharrezkoa da. Ezin ditugu barnean atxiki, noski. Hala ere, esplikatuko diegu zein diren engaiamendu eta erronka kolektiboak.

Usaian kanpoan bizi den jendearentzat zer ondorio psikologiko ditu barne batean konfinaturik egoteak?

Ondorio psikologiko nagusia beldurrarena da, eta barnean bizitzearen zailtasuna, usaian beti kanpoan den norbaitentzat. Pedagogiarekin eta ingurune segur bat sortuz, lasaitzea lortuko dugu. Atherbean ikusten ditugun ondorio psikologiko larrienak gure egoitzetan bizi diren 80 familiek dituzte: prekaritate handian bizi dira, sozialki eta psikologikoki baztertuak sentitzen dira; beraz, egunero deitzen ditugu.

Birusa guneetariko batera sartuko balitz, nola kudeatu beharko duzue?

COVID19 eritasuna guneetako batera ailegatzen bada, gela berezi bat prestatu dugu, konfinamendu zorrotzerako. Hala ere, saihesteko neurriak errespetatzen ditugu: egunean bi aldiz hartzen diegu tenperatura, eztula dutenez begiratzen dugu. Egun batez norbaitek sukarra edo eztula baldin badu, proposatuko diogu gela berezi horretara joatea. Protokolo bat bada, eta helduko diogu: medikuaren deia, diagnostikoa eta horren araberako konfinamendua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara batuaren aldeko giza katea

Euskara batuaren aldeko giza katea egin dute 7.000 lagunek

Irati Urdalleta Lete - Jone Bastida Alzuru

Errenteria eta Donostia artean egin dute omenaldia, Euskaltzaindiak eta Ikastolak Herriari taldeak antolatuta; 8.226 metro luze izan da. «Eskerrik asko egunero euskara koloreztatzeagatik», esan dute ikasleek.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idakari nagusia eta Aizia Iribarren Kontseiluko lehendakaria eta AEK-ko koordinatzailea, gaur. ©Raul Bogajo / Foku

Euskararen aurkako erasoei aurre egiteko itun sozial eta politiko bat proposatu du Kontseiluak

Iraia Vieira Gil

Auzitegien «oldarraldiari» erantzuteko «biderik eraginkorrena» dela esan du Idurre Eskisabelek, eta aurreratu du elkarrizketak hasiko dituztela askotariko eragile sozial eta politikoekin.

EHUko Ekonomia ikasleak, Bilboko Sarrikoko fakultatean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ikasleek esan dute EHU dela Sarrikok hartutako erabakiaren erantzulea

Olatz Silva Rodrigo

Ekonomiako euskarazko ikasleei esan diete Gastu Publikoa ikasgaia gazteleraz egin beharko dutela. Hizkuntza urraketatzat jo dute

Ume bat eta guraso bat, eskutik helduta, Donostian. ©GORKA RUBIO/ FOKU

«Diskriminazioa» amaitzea nahi dute guraso bakarrek

Edurne Begiristain

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi berri du guraso bakarrek ez dutela eskubiderik beste gurasoari dagokion zaintza baimena hartzeko. AMSPE elkarteak salatu du «babesgabe» uzten dituela ama bakarrak. Eme Abokatuak taldearen iritziz, «haurren interes gorenaren» aurka doa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.