Koronabirusa. Unai Otamendi. Fisikari eta ingeniari elektronikoa

«Test gehiago eginda, kutsatze kasuak sei aldiz gutxitu daitezke»

Oñatin koronabirusa nola zabaltzen den erakusten duen programa informatiko bat garatu du Otamendik, baina beste edonorako ere balio dezake. «Osasun neurriak diseinatzeko tresna bat da».

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
COVID-19aren hedapena aurreikusten duen programa informatiko bat garatzeagatik, ohorezko matrikula jarri diote Unai Otamendi EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikasleari (Oñati, Gipuzkoa, 1994). Portaera sozialaren eragina epidemien hedapenean; Simulazio epidemiologikoak burutzeko programaren diseinu eta inplementazioa izenburua du ikasketa amaierarako egin duen lanak, eta plazaratzeko asmoa du Otamendik, edozeinek erabiltzeko modua izan dezan.

Zertan datza garatu duzun programa?

Gaur egun erabiltzen diren eredu epidemiologiko gehienek muga garrantzitsuak dituzte, ez dituztelako kontuan hartzen faktore sozioekonomikoak, egiten diren test motak edo ezartzen diren neurriak. Lan honetan, modelo epidemiologiko berri bat diseinatu dut, faktore sozioekonomikoak etademografikoak kontuan hartzen dituena simulazio eremu bat eraikitzeko. Simulazio eremu horretan oinarrituta, pandemiari aurre egiteko neurriak ezartzeko era dago.

Oñatiko datuak oinarri hartuta garatu duzu programa. Praktikan zertarako balio dezake?

Gaixotasun bat —kasu honetan COVID-19a— herri, probintzia edo eremu jakin batean nola hedatuko den aurreikusteko balio du. Programaren bidez, ikus daiteke zer eragin izan dezaketen neurri ezberdinek epe luzera. Hori oso garrantzitsua izan daiteke, adibidez, osasun neurriak diseinatzeko. Esaterako: zer gerta daitekeen leku itxietako edukiera murriztuz gero, edo tabernak itxiz gero, edo beste estrategia bat hartuz gero. Elementu horiek denak programan sartu daitezke, eta ikus daiteke zein izango den pandemiaren bilakaera. Protokoloak eta estrategiak diseinatzeko modua ematen du, beraz.

Hiru aldagai erabili dituzu programan: neurri ez-farmakologikoen erabilera, testak eta segurtasun neurri pertsonalak.

Iazko ekainetik abendura arteko epean ezarri ziren neurriak txertatu dira programan, hala nola maskararen derrigorrezko erabilera, tabernen edukierari ezarritako mugak, edota uda osteko eskolen irekiera, eta aztertu da neurri horiek denek zer eragin izan duten pandemian. Programa hau gai da aurreikusteko zer eragin izango duen neurri bakoitzak birusaren transmisioaren hedapenean. Alderatuz gero, simulazioaren eta errealitatearen kurbak oso antzekoak dira.

Zer ondorio atera dituzu?

Batetik, egiten diren testen kopuruaren arabera estrategia bat ala beste bat ezar daitekeela. Programaren bidez, test estrategia ezberdinak aztertu dira birusa nola heda daitekeen ikusteko, eta orokorrean ikusi da test gehiago egin behar direla, test kopurua handituz gero kutsatze kasuak asko murriztu ahal direlako; zehazki, sei aldiz baino gehiago. Horrez gain, simulazioak erakutsi dupandemiaren hedapena arintzen lagundu dutela maskararen erabilerak eta distantziak.

Oñati erabili duzu eredu gisa, baina edozein tokitarako erabilgarria da programa?

Bai, edozein eremuren simulazioa egin daiteke. Programan protokolo edo errezeta bat definitu da, zehazten duena nola erabili behar diren datu soziologikoak, enpleguzkoak edota demografikoak eremu bat eraikitzeko.Beraz, beste edozein tokitako datuak hartuz gero, eremu horietakosimulazioak lor daitezke. Lana plazaratzea da nire asmoa, edozeinek eredu hau erabili dezan beste toki batzuetan.

Izurria kontrolatzeko erabilgarria izan daiteke programa, ezta?

Koronabirusaren eta beste gaixotasun batzuen hedapenaren simulaziorako balio dezake. Koronabirusaren kasuan, gainera, txertaketa estrategiak diseinatzeko ere balio dezake. Koronabirusa bezala aerosolen bidez kutsatzen den beste edozein gaixotasun simulatu daiteke, eta, beraz, etorkizunean beste gaixotasun bat edo koronabirus agerraldi bat egongo balitz, erabilgarria izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.