«ETAk jarduera armatua utzi du: bere hitza bete du»

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Herritarrak gatazkaren konponbidearen erdigunean jarri direnean sortu da Euskal Elkargoa. Egiturak berak jarrerarik hartuko ez badu ere, Paris interpelatzeko prest agertu da Etxegarai.

Luhusoko operazioa elektro-shock bat izan zela erran dute anitzek. Nolakoa izan zen zuretzat?

Aieteko konferentziatik parte hartu dut bake prozesuan, Lokarrirekin eta Bake Bidearekin. Biziki gaizki bizi dut bi estatuen isiltasuna, indiferentzia, eta baita mespretxua ere, lurralde baten eskaerari begira. Lurralde honetako hautetsiak gara: badugu pisu bat.

Luhusokoa gizarte zibilak ematen duen erantzuna da. Atxilotutakoei sostengua erakutsi dienen artean naiz. Ez dut gogoetatu behar izan: sustengatu behar nituen. Badakit zein den haien desmartxa, eta ni ere beraiekin nago. Galdetu didate: «Nola onar dezakezu jende bat armekin atzemana izatea?». Barkatu, baina Aieteko lehen urratsa bete da: ETAk jarduera armatua utzi du. Bost urte pasatu dira, eta ez da aditu handi bat izan behar ohartzeko ez dela ezer gertatu, eta, beraz, beren hitza bete dutela. Pentsatzea armak daudela, oihanetan, Paris inguruan, baserrietan eta beste... Pentsatzen dugu estatuak ez duela armagabetzean esku hartu nahi. Ez dut erraten eginak izan daitezkeen ekinaldi guziekin ados egon behar denik, baina Luhuson atxilotutakoen gisako jendea prozesu horretan denean, erran nahi du ez dagoela beste aterabiderik.

650 hautetsik izenpetu zuten Frantziako Gobernuari zuzendu adierazpena. Nehoiz ikusi gabekoa da hori.

Lan handia egin dugu Anaizekin [Funosas] izenpeak lortzeko. Telefono dei anitz egin behar izan ditut. Baionako auzapeza naiz; pentsa daiteke nire iritziak dudatan direnak konbentzitzeko balio dezakeela. Garrantzitsuena da mugimendua sortu izana, eta hori biziki baikorra da. Badakizu ni euskaltzale gisa ikusia naizela, abertzale-bateragarria omen, baina ez naiz nazionalista, are gutxiago autonomista. Baina horrek ez du kentzen gai batzuetan osoki bat egiten dudala. Eta ez nau lotsatzen, nahiz eta nire hautesleak ez diren gai beti dena modu berean ulertzeko. Bada, hala ere, aitzinamendu bat, izpirituetan; uste dut urrats garrantzitsu bat egin dugula: kontzientzia hartze eder bat egon da. Ez da erraza jendeari azaltzea: armekin zeuden, baina, hala ere, ez dugu nahi preso sartzea. Jende arruntari begira, biziki zaila da horrela azaltzea. Iraultza koperniar txiki bat izan da, eta hori biziki indartsua da lurraldearentzat.

Euskal Elkargoak zer rol bete lezake gatazkaren konponbidean?

Gauza anitz eskatu nahi diogu Euskal Elkargoari, baina, lehenik, bere zimendua eraiki behar du.

Zuk zer rol betetzea nahiko zenuke?

Jean Rene Etxegarairi galdetzen badiozu orain arteko jarrerak atxikiko dituen, ez da dudarik baietz! Baina Euskal Elkargoa ez dut nik bakarrik eginen. Nire lehen helburua da egitura instalatu dadin, elkargo barruan zatiketak sortzen ahalko lituzkeen erabaki politikoak hartu aitzin. Utzi diezaiogun denbora denborari. Anitz aitzinatu gara; hautsi-mautsiak egitearen artea anitz praktikatu dut. Ez dut erraten noizbait gai hauek aipatu beharko ez direnik, baina, egitura eraiki nahi badugu, urraska joan behar gara. Orain, zilegia da pentsatzea Euskal Elkargoak horrelako gaiei buruzko iritzi bat beharko lukeela; besteak beste, euskal presoen hurbiltzeari buruzkoa.

Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroari gutun bat idatzi diozu. Ipar Euskal Herri osoaren ahotsa izanen zara orain.

Auzapezen Biltzarreko eta Euskal Elkargoko presidenteek izenpetu dugu gutuna. Frantziako Gobernuari oroitarazi nahi diogu ehunka hautetsi eta auzapez garela estatuari bake prozesuan inplikatzeko eskatzen diogunak. Armagabetzea lagundu eta urratsak egin behar ditu.

Hori da Euskal Elkargoko presidente gisa jokatu nahi duzun rola?

Bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.