Aire erasoek eta blokeoak itota

Frantziak Saudi Arabiako erregeari eskatu dio Yemeni ezarritako blokeoa «guztiz» kentzeko

Bonbardaketa batean hildako herritarren hilobi zulatu berriak, herenegun, Sana hiriburuan. YAHYA ARHAB / EFE.
Iosu Alberdi - Mikel Rodriguez
2017ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Esparru anitzetako mundu osoko 379 pertsona ospetsuk Yemengo gerrari amaiera emateko lan egin dezatela eskatu zieten AEBetako presidente Donald Trumpi, Frantziako Emmanuel Macroni, eta Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayri joan den astean. «Yemengo milaka haurren heriotzaren pisua zeuen gain hartu nahi ez baduzue, zerbait egiteko garaia da. Yemenek ezin du itxaron», esan zieten agiri batean. Sinatzaileen artean zeuden Shirin Ebadi eta Tawakkol Karman Bakearen Nobel saridunak. Macronek keinu bat egin dio eskari horri, Salman bin Abdulaziz Saudi Arabiako erregeari eskatu baitio Yemeni ezarritako blokeoa «guztiz» kentzeko. Erantzunik ez du jaso oraingoz, eta Riadek etenik gabe eutsi die aire erasoei.

Azken bi egunotan aire erasoetan hildako dozenaka lagunen berri eman dute hainbat iturrik. Efe agentziak mediku iturriak aipatuta argitaratu duenez, atzo familia bereko bost kide hil zituzten At-Tuhayat barrutian, mendebaldeko kostan, eta, herenegun, beste familia bateko hamasei kide, barruti hartan bertan. AFP agentziaren arabera, berriz, hego-mendebaldeko Ta'izz hirian beste hamalau zibil hil zituzten herenegun, merkatu bat bonbardatuta.

Frantziako Gobernuko iturriek atzo berri agentziei jakinarazi zietenez, Macronek Eguberri egunean eskatu zion, telefonoz, Saudi Arabiako Salman erregeari Yemeni ezarritako blokeoa kentzeko, «laguntza humanitarioa eta merkataritzarako gaiak» sar daitezen. Nazioarteko kexen ondorioz, Saudi Arabiak Hudaidako portua ireki zuen duela astebete—mendebaldeko kostan—, eta 30 egunez hala mantenduko du. Laguntza humanitarioak ez ezik, ontzi komertzialak ere sartzeko aukera emango ziela esan zuen, elikagaiekin eta erregaiekin.

Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizioa gerran sartu aurretik ere, Ekialde Hurbileko estaturik pobreena zen Yemen, baina atzerriko esku hartzeak eta blokeoak egoera okertu du.NBE Nazio Batuen Erakundeak argitaratu du herrialdeko 28 milioi biztanleen hiru laurdenek nolabaiteko laguntza humanitario behar dutela. «Azken urteetako gosete handiena izateko gutxi falta du», azaldu zuen joan den astean Meritxel Relañok, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtseko ordezkariak.

50.000 haurren heriotza

Izan ere, herrialdeko zazpi milioi biztanlek nazioarteko erakundeen ezinbesteko beharra dute elikatzeko, eta beste hamar milioik zailtasunak dituzte janaria lortzeko, NBEren datuen arabera. Save the Children erakundeak kaleratu dituen zifrak ere egoeraren larritasuna erakusten dute: «Hamar haurretik sei hil egingo dira bost urte bete aurretik». Erakundeak Yemenen duen zuzendari Tamer Kirolosek azaldutakoaren arabera, 2017a bukatzerako 50.000 haur inguru hilko dira gosetearen eta gaixotasunen ondorioz: «Laguntza humanitarioaren eta botika, erregai eta janari horniketaren murrizketak berehala amaitzea behar dugu».

Azaroaren 4an matxino xiitek —huthiek— Riadeko aireportura misil bat jaurti ondoren, Saudi Arabiaren koalizioak erabat gogortu ditu erasoak azken asteetan. Misila geldiaraztea lortu zuen arren, Riadek «gerra ekintzatzat» hartu zuen jaurtiketa, eta huthiak armaz hornitzea leporatu zion Irani. Joan den astean, Saudi Arabiak Yemendik Riaderako bidea zeraman beste misil bat geldiarazi zuen. Huthiek berek jakinarazi zuten misilak errege jauregia zuela helburu.

Irango Gobernuak ukatu egin ditu Riaden akusazioak, eta esan du huthiei aholkuak eman besterik ez dutela egiten. Gainera, Teheranek «nazioartearen isiltasuna» salatu du, koalizioa Yemenen egiten ari den «gerra krimenen» inguruan. AEBei krimen horien «konplize» izatea leporatu die, eta gatazkan sartuta dauden estatuei eskatu die neurriak har ditzatela zibilen segurtasuna bermatzeko. «AEBek eskualdean duten presentzia eta haien gerra krimenak ezkutatu nahi dituzte», adierazi zuen Irango Atzerri ministro Mohamad Javad Zarifek. Izan ere, AEBek bat egin dute Saudi Arabiaren salaketarekin, eta Salman bin Abdulazizen erresumaren arma hornitzaile nagusia dira. Frantzia bera ere hornitzaile nagusien artean dago; Europako Parlamentuak azaroan argitaratutako txosten baten arabera, Europako Batasuneko herrialdeen artean Saudi Arabiak Frantziari erosten dio arma gehien, Erresuma Batuaren ondoren —François Hollanderen agintaldian egin zituen kontratu handienak (2012-2017)—.

Matxinoen arteko borrokak

Hilabete honetan gerra egoera gogortzeko beste arrazoietako bat huthien eta Ali Abdullah Saleh presidente ohiaren arteko aliantzaren haustura izan da. 2014an, Abdo Rabu Mansur Hadi presidentearen aurka matxinatzeko batu ziren biak, baina huthiek Salehi leporatu zioten Saudi Arabiarekin negoziatzea, eta abenduaren 4an hil zuten. Salehen semeek mendekua iragarri zuten, eta Saudi Arabiak aliatu ohien arteko gatazka aprobetxatu du erasoak areagotzeko. Munduko Osasunaren Erakundearen arabera, Saudi Arabia esku hartzen hasi zenetik —2015eko martxotik—, 8.750 lagun hil dituzte gerran; horietako gehienak, aire erasoetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.