EH Bildun izango du jarraipena

Aralar desegiteko proposamena babestu dute alderdiko afiliatuen %91,2k. Hamasei urteko ibilbideari jarraipena emateko tokia EH Bildu dela esan du Patxi Zabaletak

Ubera, Otegi eta Zabaleta, ezker eskua jasota Eusko gudariak abesten, atzo, Aralar desegiteko biltzarrean. IÑIGO URIZ / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Amaitu da. Bukatu da Aralar alderdiak azken hamasei urtean egindako ibilbidea. Atzo, Iruñeko Baluarte jauregian egin zuten zazpigarren biltzarrean hartu zuten erabakia 200 bat afiliatuk. Ia aho batez —%6,3k eman zuen kontrako botoa— helburuak «beteta» zeudela-eta, Aralar desegitea adostu zuten. Rebeka Ubera, Aralarreko idazkari nagusia, ziklo amaieraz mintzatu zen: «Aralarri alderdi gisa amaiera ematean ziklo bat itxi eta beste bat irekitzen da». Amaitutako ibilbideak, dena den, EH Bildun jarraipena izango duela iragarri du Aralarreko presidente Patxi Zabaletak.

Momentu hunkigarriz josia egon zen Aralar alderdiaren ibilbideari amaiera emateko xedez Iruñean egindako ezohiko kongresua. 200 aralarkide baino gehiago elkartu ziren; %91,2k alderdia desegitearen aldeko botoa eman zuten, eta %6,3k, aldiz, kontrakoa. Behin emaitzaren berri emanda, Uberak hartu zuen hitza. «Beren ideiengatik askatasuna galdu, bizia galdu eta deserria ezagutu dutenak ekarri nahi ditut gogora», adierazi zuen. 2001. urtean Zabaletak, beste hainbat lagunekin batera, ETAren indarkeria gaitzesten zuen bestelako ezker abertzalea posible zela «defendatuz» egin zuen «apustu ausarta» goraipatu zuen. Horrez gain, ordutik gauzatutako ibilbidearekin «harro» dagoela aitortu zuen. Hala ere, etorkizunari erreparatuta, «kezkatuta» azaldu zen Ubera: «Euskararik gabe, ez dago Euskal Herririk. Hori jakin behar dute agintariek. Gure komunitatea eraikitzeko kultura, hezkuntza eta euskara ezinbestekoak dira».

Hain zuzen ere, etorkizunean pentsatuz, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiari mintzatu zitzaion. Alde batetik, goraipatu egin zuen Otegik «ezberdintasunak gainditzeko izan duen gaitasuna». Bestetik, iragan urriaren 1ean, Katalunian, independentziarako bidean egindako pausoaEuskal Herrian ere emateko beharra nabarmendu zuen. «Urrian, Katalunian sentitutakoa Euskal Herrian ere bizi nahi dut. Arnaldo [Otegi], martxan jarri, mesedez, bide hori», eskatu zion.

Oriol Junqueras eta gainerako preso politikoak gogora ekarriz hasi zuen bere agurra, bestalde, Zabaletak. «Zaila egiten zait esatea, baina Aralar bukatu da», esan zuen. Hala ere, pozik agertu zen. «Aralar alderdia desegitea etorkizunera begira egindako urratsa da. Ezker abertzale zibil eta zabala eratzea izan da beti gure bidea. Bidea, orain, EH Bilduk egingo du», esan zuen Zabaletak, ziur. Giza eskubideak, euskal abertzaleen artean ezkerreko hanka izateko beharra eta autodeterminazio eskubidea ere izan zituen gogoan. «Autodeterminazioa eta herria dira gure ametsak, baina helburu horiek demokratikoki soilik lor daitezke». Azkenik, gizarteak bizi duen «krisi» gordinari aurre egiteko, politikan parte hartzera animatu zituen gazteak.

Ordezkaritza zabala

Aralarkideez gain, beste alderdi eta sindikatu batzuetako ordezkariak ere izan ziren Baluarten, EH Bilduko Arnaldo Otegi eta Gari Mujika, Abertzaleen Batasuneko Jakes Bortairu, EAko Pello Urizar eta Miren Aranoa, EAJko Unai Hualde, Sortuko Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta, Alternatibako Maria del Rio, ELAko Adolfo Muñoz Txiki, LABeko Igor Arroio eta Steilaseko Raul Lopez, esaterako. Horiez gain, ERC, BNG, Compromis, HDP edota Fronte Polisarioko kideak ere izan ziren Aralarren azken biltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.