«Arriskuak» hartzeko eskaria

U-1eko aginduari eutsiz, «gobernutik gobernura» negoziatzea proposatu dio Torra Generalitateko presidenteak Sanchez Espainiakoari. Kontseilariek karguaren zina egin ondoren, 155.a kenduko dute

Gobernu berriak lehen bilera egin zuen, atzo, Generalitateko jauregiko Tarradellas aretoan. Atzean, Antoni Tapies margolariaren murala. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Kataluniako egoera desblokeatzeko ahaleginean, Espainiako Gobernuak eta ERC Esquerra Republicanak eskatutakoa egin zuen Quim Torra Generalitateko presidenteak joan den asteartean, prozesu subiranistaren harira kausa judizialak dituzten kontseilari izendatuak kenduz. ERCk berak eskatutako gobernu eraginkorra osatu du, horrenbestez, JxC Junts Per Catalunyako diputatuak. Baina jendaurrean, Moncloak, maizterra PP zein PSOE dela, inondik ere entzun nahi ez duena aldarrikatzen segitzen du Torrak. Urriaren 1eko erreferendumeko aginduari eutsiko diola; Espainiako Konstituzioaren 155.aren ezarpenak deuseztatutako gobernua berrezarriko duela; «berandu baino lehen» errepublika independente bat izango dela Katalunia; eta, horretarako, ez dutela «pauso bakar bat ere» emango atzera.

Horiek adierazi zituen atzo, Kataluniako Gobernu berriko hamahiru kontseilariek haien karguen zina egiteko Generalitateko jauregian egindako ekitaldi instituzionalean. Eta astebeteko epean diskurtsoa aldatuz Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriak «zubiak eraikitzera» gonbidatu dituenez Kataluniako indar subiranistak, Torrak erantzun dio «arriskuak» har ditzala, eta «gobernutik gobernura» negoziatzeko proposamena egin dio. Ezustekorik ezean, eta Sanchezek Torrari «arrazista» eta «supremazista» deitu izan dion arren, laster bildu beharko lukete hitzetatik ekintzetarako bidea egiten badute.

Pausoz pauso, ordea. Hasteko, eta joan den urriaren 27an PPk, PSOEk eta Ciudadanosek adostutakoa aintzat hartuta, kontseilari berriek kargua hartu dute, eta, beraz, 155.a bertan behera geratuko da zazpi hilabete eta bost egunen ondoren. Generalitateak autonomiaren kontrola hartuko du berriro, DOGC Generalitateko Aldizkari Ofizialak gobernu berriaren osaketa argitaratu eta gero. Ikusteko dago, baina, zer gertatuko den Generalitateko kontuen kontrolarekin. 155.a aplikatu baino lehen hartu zuen erabaki hori PPren gobernuak, eta Sanchezek hautu bat egin beharko du: Ciudadanosen presioari men egin eta eutsi, edo hori ere bertan behera utzi.

Horren berri eduki bitartean, Torrak, duela bi aste pasa inbestidura saioan egin bezala, nabarmendu zuen bere gobernuaren lehentasunezko egitekoetako bat izango dela katalan guztientzako politika sozialak hauspotzea, eta Kataluniako Parlamentuak onartu baina 155.ak iraun duen bitartean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako lege sozialak berreskuratzea. Presidenteak iragarri zuen, gainera, Madrilen azken hilabeteotako esku hartzeak utzitako ondorioei aurre egiteko plan bat dutela.

Ondorio horiek joan den urriaren 27an hasi ziren mamitzen, Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak Kataluniako Gobernua indargabetu zuenean, abenduaren 21erako hauteskundeetara deitu zuenean, eta neurriak ex profeso aplikatzen hasi zenean. Enric Millo Madrilek Katalunian 2016ko azarotik izan duen ordezkariaren esanetan, neurri horiek, esku hartzea bera, «positiboa» izan da; Servidors.cat plataforman bildutako funtzionarioentzat, aldiz, «zorigaiztokoa».

Autonomia bertan behera geratzeak eragin dituen «kalteen» berri emateko, plataformakoak «inbentario bat» osatzen ari dira. Haien webguneak dio «ehunka» proposamen ez atzera ez aurrera geratu direla, eta hori, neurri batean, hala dela, Generalitateko goi kargudunetako batzuk kaleratu dituelako Madrilek. Servidors.cat -ek salatu du 50 bat diru laguntza eta inbertsio guztiz geldiarazita daudela, eta immigranteei, haurrei, emakumezkoei eta gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden gazteei eragiten diela, batez ere.

Kontuan hartu behar da, gainera, Madrilek hartutako neurririkesanguratsuenetako bat izan dela Diplocat Kataluniako diplomazia erakundea ixtea; bestalde, administrazioak egin beharreko ordainketetan atzerapenak gertatu dira.

CUP ez da ekitaldira joan

Torrak joan den maiatzaren 17an kargua hartu zueneko formula erabili zuten atzo kontseilariek kargua hartzean. Ez zuten Espainiako Konstituzioa aipatu, eta «herriarekiko fideltasunez» jokatzea zin egin zuten. Aurrean zituzten Generalitateko presidente izandakoetako batzuk —Pasqual Maragall (2003-2006), Jose Montilla (2006-2010) eta Artur Mas (2010-2016)—; ez, ordea, PPCko, Ciutadanseko eta CUPeko ordezkariek. Torrak erabaki zuenean kontseilarietako batzuk aldatzea eta kausa judizialetatik libre daudenak aukeratzea, estatuaren aurrean «prakak jaitsi izana» leporatu zion Carles Riera antikapitalisten parlamentariak.

Bestalde, behin kargua hartu eta gero, Kataluniako Gobernuak pankarta bat zintzilikatu zuen Generalitateko jauregiko balkoian, politikari presoen eta erbesteratuen askatasuna aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.