Albistea entzun

Donostiako 80. Musika Hamabostaldia. Tom Johnson. Konpositorea

«Operan batera lan egitea da kontua»

Tom Johnsonen 'Lau Noten Opera' euskaraz estreinatuko dute Musika Hamabostaldian, igandean. Matematika eta musika uztartzen dituen bere instalazioa abuztuaren 30era arte egongo da irekita Tabakaleran.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Arroyo Askarai -

2019ko abuztuak 21

Tom Johnson (Greeley, Colorado, AEB, 1939) konpositoreak uste du bere lanik arrakastatsuena idatzi zuen lehena dela. Lau noten opera (1973) da obra hori, eta datorren igandean estreinatuko dute euskaraz Tabakalera kultur zentroko patioan, 20:00etan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. Operaren interpretazioaz gain, zentro berean jarri duen Knock on Wood: Call and Response soinu instalazioa biziki nabarmendu du musikariak. Musika eta matematika uztartuta sortu da instalazioa, eta egur ezberdineko bost blokek osatzen dute; abuztuaren 31ra arte egongo da irekita. Martin Riches artista alemaniarrarekin elkarlanean egin du; hiru hamarkada baino gehiago igaro dira elkarrekin lehen lana egin zutenetik.

Johnsonek azaldu du konpositore minimalista dela, eta berak ikasi zuela «musika ofiziala» hamabi notarekin egiten dena dela: «Lau nota erabiltzen ditut hamabi erabili beharrean. Nire belaunaldiak zerbait ulergarriagoa, sinpleagoa egin nahi izan du; eta horretan ari naiz oraindik». Lau noten operan bost pertsonaiek opera bateko bost ahotsen parodia egiten dute.

Opera «elkarlan kontua» dela adierazi du: «Sopranoak, tenorrak, eszena zuzendariak, piano jotzaileak... bakoitzak bere ideia propioak edukitzen ditu; guztiek batera lan egitea da kontua». Obra emanaldi eta eszenaratze bakoitzean berria eta ezberdina izaten dela ere pentsatzen du.

Lau noten opera laneko azken eszenan abeslariak ezohiko jarreran jartzen dira abesteko: lurrean buruz behera etzanda, belauniko eta eserita hankak bularraren aurka dituztela, besteak beste. Johnsonek esan du orokorrean operaren munduan gertatzen den «arazo» bat agerian jartzeko egin duela. Haren hitzetan, zuzendariak dioena egitera behartuta daude abeslariak; partituran jartzen duenari ezinbestean jarraitu behar diote. Bere obran, berriz, kantariek une batzuetan nahi dutena egin dezakete, baina bestela gertatzen da amaieran, konpositoreak kontrola hartzen baitu obrako momentu horretan: jarrera jakin batzuetan jartzera behartzen ditu abeslariak, eta ezingo dira mugitu azken eszena bukatzen den arte. «Bukaeran, konpositoreak irabazten du».

Antzerkia eta musika uztartzen ditu operak, baina garrantzi handiena abesteak duen ustekoa da Johnson: «Abeslariek ondo kantatu behar dute. Hori egiteaz gain, umorea eta operako gainerako ideiak uztartzen asmatzen badute, bikain. Baina espero dut guztiek ondo abestea, funtsean hori baita opera».

Berak egiten duen musikan umoreak presentzia handia duela, baina, aldi berean, obrak serioak ere badirela azaldu du: «Atzean serioa edo egiazkoa den zerbait ez badu, txantxa ez da inoiz barregarria izango».

Matematika eta musika

«Lau noten opera idatzi nuen garaian jada konpositore minimalista nintzen, eta musika logikoa egiten saiatzen nintzen, baina ez nuen artean matematikarekin lotura zuen ezer egin; ez nintzen norabide horretan guztiz garatu». Tabakaleran entzun daiteke Johnsonen «musika berriena», bertan jarri duen Knock on Wood: Call and Response soinu instalazioan. Bost ideiak eta bost makinak osatzen dute erakusketa.

Instalazioak egurrezko perkusio instrumentuak erabiltzen ditu eskuz jotzeko zailak izango liratekeen erritmoak automatikoki jotzeko. Kadentzia matematiko ezberdin batean oinarrituta dago bakoitza, eta hogei minutu eta ordubete arteko iraupena du instrumentuen jardunak.

«Instalazio soil bat baino gehiago da Knock on Wood: jarduera oso atsegina da. Egurrak duen soinu ederrarekin musika oso polita egin daiteke». Johnsonek uste du Euskal Herrian egurraren soinua balioesten dela, eta txalaparta hartu du horren erakusgarri. Bide beretik, txalapartak euskal musika jotzeko balio izateaz gain, bere musika jotzeko ere balio duelakoan dago konpositorea. Hala ere, berak jarritako soinu instalazioa eta txalaparta gauza guztiz ezberdinak direla ere nabarmendu du: «Nire eraikuntzak egurrezko blokeak dira, eta makina batzuek jotzen dituzte. Ez dira txalaparta bat».

Erakusketarako beharrezko diren makinek duten konplexutasun handia dela eta, Martin Riches artista alemaniarra [makinen sortzailea] Berlindik etorri da muntatzera; Johnsonek esan duenez, beste edonork muntatzea «ezinezkoa» izango litzatekeelako.

1983an elkartu ziren lehenengoz bi artistak, eta urte horretan bertan egin zuten elkarrekin lehen lana. Richesek flauta automatikoki jotzen zuen makina bat aurkeztu zuen orduan, eta Johnsonek, gailua ikusi eta berehala, harentzat musika konposatu behar zuela sentitu zuen. Musikariak azaldu du Richesi keinu hori «izugarri» gustatu zitzaiola, eta, ordutik, makina hainbat tokitan aritu dela bere musika jotzen. Lehen elkarlan hartatik aurrera, matematika oinarri duten hainbat proiektu egin dituzte biek batera, eta azkenekoa, joan den urtean lantzen hasi zirena, Knock on Wood soinu instalaziorako makinak prestatzea izan da.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>Christos Nikou zuzendaria, atzo, Donostian.</b> ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maitemina ehunekotan

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola

'Fingernails' aurkeztu du Christos Nikouk lehiara, eta 'Kalak' Isabella Eklofek. 'They Shot The Piano Player' animaziozko filma, berriz, lehiaz kanpo erakutsi dute

Marius Sanchez eta Jordi Evole <em>No me llame Ternera</em> lanaren zuzendariak, atzo, Donostiako Kursaalean. ©JON URBE / EFE

Evole: «ETAren ikuspuntua jaso nahi genuen, minkorra izan badaiteke ere»

Itziar Ugarte Irizar

Egindako lanaz «harro» daudela esan dute 'No me llame Ternera' lanaren zuzendariek. Filma erakutsi osteko solasaldian, alde bietako biktimen aldeko txaloak izan ziren
 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Zer falta zen emakumeak ez zeudelako kameren atzean?»

Itziar Ugarte Irizar

Euskal emakume zinemagileen lanaren gaineko zeharkaldi bat osatu dute Gaztelumendik eta Zufiak 'Arnasa betean' dokumentalean. Euskal Zinemaren galan estreinatuko dute, asteartean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.