Albistea entzun

Haimar Arejita. Gatibu musika taldeko gitarrista

«Euskal musikan ausardia behar da»

'EH Distopikala' diskoaren aurkezpen kontzertua emango du Gatibuk, bihar, Bilbo Arena aretoan. Abesti berriak joko dituzte, baita taldearen «betiko kantuak» ere, 7.500 lagunen aurrean.
MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iraia Vieira Gil -

2023ko martxoak 17

«Disko bakoitzak taldearen etapa berri bati eman dio hasiera; hamargarrena hasi dugu orain. Jendeari aurkeztu nahi diogu, eta jai polit bat egin», adierazi du Haimar Arejita (Gernika, Bizkaia, 1976) Gatibuko gitarra joleak. Duela hogei urte baino gehiago kaleratu zuen taldeak Zoramena bere lehen diskoa, eta duela hilabete batzuk aurkeztu zuen azkenekoa, EH Distopikala, Durangoko Azokan. Ez dute lan berria aurkezteko zuzeneko kontzerturik eman oraindik; larunbatean eskainiko dute lehenengoa, Bilbo Arenan, 19:00etan. «Ez ditugu sarrera guztiak saldu, baina ia osorik beteko dugu Miribillako aretoa».

Hori lortzea ez da batere lan erraza izan. 7.500 lagun hartzen ditu, guztira, aretoak, eta Gatibuko taldekideak ez daude horretara ohituta. «Mila pertsona inguru hartzen dituzten aretoetan egin izan ditugu kontzertuak, Bilboko Santanan edota Kafe Antzokian, esaterako. Beste salto bat eman nahi genuen». Larunbateko emanaldia euskal musikarentzat «mugarria» izatea nahi dute; aurre egin beharreko erronka berri bat, zehazki. «Euskal musikan ere ausardia izan behar dugu. Uste dut inork ez duela aurretik disko aurkezpen bat bertan egin». Euskal taldeak noraino hel daitezkeen ikusi nahi dute Gatibuko kideek.

Haiek izan dute emanaldiaren nondik norakoak prestatzeko erantzukizuna, eta hainbesterako ardura hartzeak nolabaiteko «errespetua» sorrarazi die. «Jendeak bere konfiantza eman digu kontzerturako sarrera erosita, eta nahi dugun bakarra da dena ondo ateratzea». Lehenengo zuzenekoa izango denez, ezin izan dute neurtu diskoaren orain arteko harrera nolakoa izan den, baina ez daude urduri. Entzuleek orain arte helarazi dieten feedbacka positiboa izan da: «Asko gustatu zaie».

Askotariko doinuak

Aurretik landu ez dituzten erritmoak jorratu dituzte disko berrian; funk doinuak, latinoak eta afrikarrak, esaterako. Rockaren arrastorik ez dago abesti batzuetan, eta horrek dantzagarriago egiten ditu kantuak. «Beti berria den zerbait sartzen saiatzen gara; aspergarria egiten zaigu bestela». Hainbat kolaborazio ere izan dituzte diskoan, eta, besteak beste, aipagarri dira Juantxo Skalariak abeslariarena eta Nerea Reparaz kazetariarena. Larunbateko kontzertuan izango diren ez du zehaztu taldeak, baina aurreratu du Olaia Inziarte abeslariak emango diola hasiera emanaldiari.

Bestalde, Arejitak, Alex Sarduik eta Gaizka Salazarrek osatzen duten hirukoteaz gainera, perkusioa eta haizea joko duten musikarien laguntza izango du taldeak Bilboko zuzenekoan. «Kontzertu arruntetan baino jende gehiago igoko da oholtzara, baina azken emanaldietan elkarrekin jotzera ohitu garen musikariak izango gara guztiak». Miribillako aretoko azpiegiturak, hain zuzen, «erakustaldi handia» eskaintzeko aukera emango die. «Soinu eta argi aldetik, ezohiko azpiegitura eskaintzen digu. Horrelako kontzertuak ez ditugu asteburuero ematen».

Estetikak, gainera, gero eta garrantzi handiagoa hartu du Gatiburentzat. «Zaindu beharreko zerbait da estetika, musika bera ere estetika hutsa delako». Hala, hilabeteak eman dituzte asteburuko kontzertua prestatzen. Jantziak, atrezzoa, oihala, musikariak... Detaile guztiak lupaz errepasatu dituzte, eta modu koherentean antolatu. Baliteke kide guztiek loredun alkandora tropikalak ere eramatea, diskoaren ideia nagusiarekin bat egiteko helburuarekin. Arejitak ez du zalantzarik: «Bai, nik uste baietz! Loredun alkandorak eraman behar ditugu!».

Abestiak abesti

Abestiei dagokienez, EH Distopikaleko kantu guztiak entzun ahal izango dituzte ikus-entzuleek, baita taldearen abesti klasikoak ere. «Gure betiko kantuak abestuko ditugu, ezinbestekoak direnak, jendeak espero dituenak. Ezin dugu hutsik egin horretan». Zerrenda prestatzea, baina, ez da izan irudi bezain erraza. Nahi eta ez emanaldi guztietan jo beharreko abesti multzoa gordeta du taldeak, baina beste asko elkarren artean adostu behar dituzte aldiro. «Nahiko zaila izaten da aukeraketa egitea, disko asko kaleratu ditugu orain arte, eta taldekide bakoitzak bere gustukoenak ditu». Kontzertua orekatua izan dadin, erdibide batera heltzen saiatzen dira beti. Kantuak izango dira, beste behin ere, larunbateko «sorpresarik handiena»: «Kantuak eta taldea».

Beste guztiaren gainetik, oholtza gainean «ilusioarekin» jarraitzea da Arejitarentzat garrantzitsuena. Arrakasta mantentzeko beste sekreturik ez da: «Egiten duzun musikak barruan zerbait pizten baldin badizu, ikus-entzuleei transmititzea askoz ere errazagoa da». Ikus-entzuleek Gatiburen letrak aho batez abesten dituenean disfrutatzen du, bereziki, gitarra joleak. «Kantu horietan bizi izan ohi dut momenturik gorenena». Kontzertuetako momentu zehatzen bat aukeratu beharko balu, baina, ez luke jakingo zein. «Guztiak gustatzen zaizkit, hasiera eta amaiera ere bai».

Larunbateko zuzenekoaren ostean, kontzertuak ematen jarraituko du Gatibuk, baina Euskal Herritik kanpo guztiak. Udara arte itxaron beharko du Euskal Herriak EH Distopikala zuzenean berriz entzun ahal izateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskadiko Orkestrako antolatzaile zein musikariak, gaur, Miramongo egoitzan (Donostia). ©Jon Urbe

«Anbizio handiko» bira bat egingo du Euskadiko Orkestrak, Polonian

Miren Mujika Telleria

Varsovian, Wrocklawn, Krakovian eta Katowicen kontzertu bana eskainiko du Euskadiko Orkestrak datorren astean, Beethoven jaialdian

Evaristo Paramos, La Polla Records taldeko abeslaria, artxiboko argazki batean. ©Javier Lizon / EFE

Baliogabetu egin dute La Polla Recordsen kontzertuen harira Last Tourri jarritako isuna

Berria

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 6.000 euroko isuna jarri zion promotoreari, Gasteizko Buesa aretoan emandako bi kontzertuetan COVID ziurtagiria ez eskatzeagatik eta publikoak musukoa ez erabiltzeagatik

<em>sarea / sarea / sarea / ileordea</em> (2022). ©IÑIGO URIZ / FOKU

'Estratuarteak', artikulazio garaikideak

Uxue Rey Gorraiz

Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz eta Marina Gonzalezen eskulturak bildu dituzte ‘Estratuarteak’ erakusketan, Oteiza museoan. Ekainaren 4ra arte daude ikusgai.

Geure Gelatk liburu azokaren aurkezpena, gaur goizean, Azkoitian (Gipuzkoa). ©Maxixatzen

Mariasun Landa omenduko dute gaur Geure Gelatik azokan

Itziar Ugarte Irizar

Azkoitiko Maxixatzen elkarteak antolatzen du emakume idazleen liburu azoka, eta gaur arratsaldean irekiko ditu ateak. Liburu aurkezpenak, jendaurreko irakurketak eta beste egongo dira bihar iluntzera bitartean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...