Donostiako 69. Zinemaldia. Zinemira. Maru Solores. Zinemagilea

«Gogoratu ezin dugun bizitzaren lehen faseaz hausnartu nahi izan dut»

Jaio aurretik, erditzean eta ondoko egunetan gertatzen denari so jarri gura izan du Soloresek ikuslea 'Aztarnak' dokumentalean. Duda du ea gizartea, oro har, behar bezain jakitun dagoen hor jokatzen den guztiaz.

Maru Solores zinemagilea, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Zinemaren tresnak hartu, bizitzaren lehen urratsak berriz ibiltzeko. Horretan ahalegindu da Maru Solores zinemagilea (Donostia, 1968) Aztarnak dokumentalean. Haurdunaldiko denborak, erditzeak eta munduratu osteko lehen hilabeteek umearengan duten garrantziaz diharduen dokumental bat ondu du; zuzendariak dioenez, auziaren konplexutasunaz jakitun, galderak egitea izan du xede nagusi: «Helburua ez da izan inor erruz betetzea, denok kontzienteago izan gaitezen saiatzea baizik».

Soloresek 2011n egin zuen debuta, Camera obscura-rekin, eta, hura bezala, Zinemira sailean aurkeztuko du orain Aztarnak lan berria. Ideia ez zitzaion etorri aurrenekoz ama izan zenean, baina erabakiak eragin zuzena izan zuen: harekin etorri zitzaizkion ezagutza eta galdera berriekin batera. Orduan ezagutu zuen dokumentalean agertzen den Hazi-hezi gunea, haurren garapenean espezializatutako Donostiako zentro bat. «Hor hasi nintzen hausnartzen bizitzako lehen uneetan gugan jartzen den arretari eta eskaintzen diguten errespetuari buruz. Informazio asko trukatzen genuen, eta, urte batzuen buruan, bueltan etorri zitzaidan material horrekin guztiarekin zerbait egiteko gogoa. Iruditzen zitzaidan hausnarketa hori ez zela heltzen gizartera. Zinema egiten dudanez, molde horretan hausnartu nahi izan dut gogoratu ezin dugun bizitzaren lehen fase horretaz».

Duela sei-zazpi urte, bere kasa hasi zen lehen irudiak hartzen, baina 2018ko finantzaketa kanpainak jarri zion filmari «lehen harria». «Eusko Jaurlaritza eta EITB ez ziren batu, baina finantzaketa kolektiboak babesa eman zigun; ez zen soilik diruagatik, interesa bazegoela berresteko balio izan zigun».

Txepe Larak ekoitzi du dokumentala, eta Nere Falagan, Oier Villar, Pello Gutierrez, Paula Ola eta Aurelio Martinezen lana ere nabarmendu du zuzendariak.

Talka

Guraso izatear diren eta izan berri diren bikoteen lekukotzak, ur eta geruza askoko paisaiak, eta adituei egindako elkarrizketak. Elementu horiek konbinatuz eraiki du dokumentala Soloresek, off-eko ahotsarekin harilkatuz guztia. Oroitu ezin dituen bizitzako lehen pausoen atzetik agertzen da, aztarna horien bila, eta besteen esanak makulu ditu bide horretan.

Hasierako garai zaurgarri horretan, umeari inguru seguru eta bero bat ematearen alde egiten du dokumentalak, baina geratzen dira umearen zaintzak gain hartzen dien amen testigantzak, edoskitzearen inguruan jarrera ezberdina dutenenak. «Argi dut umeak ahal beste behar dituela ondoan gurasoak, baina galdera da ea gai ote garen horretarako, nola egingo dugun hori».

Adostasun bat dago lekukotzetan: mezu horrek talka egiten duela zenbait emakumeren bizipenekin. Azpiko interesak zein diren, egoerak nori egiten dion mesede eztabaidatzen du guraso taldeak tarte batean. Beste batean, zuzendaria amarekin ageri da, eta hark aitortzen dio errudun sentitu izan dela ez zuelako jakin nola heldu bera jaio eta eskuetan jarri ziotenean. Zuzendariak uste du halako bizipenek «arrasto bat» uzten dutela, ez, ordea, denborarekin sendatu ezinezkoa. Haren amak ahotsa ematen dio «aurreko belaunaldi bati», eta agerian gelditzen da egungo gurasoen galderekin zer alde dagoen. Horietan sakontzeko gune bat izatetik hasita.

Galderak egitea zen dokumentalaren asmoa, eta behar hori berretsiz itxi du filma zuzendariak. «Uste dut zenbait erantzun topa daitezkeela bizitzaren lehen fase horretan. Planteatu behar dugu zer gertatzen den orduan, eta zergatik; gurekin daudenek haurtzaroan izan zituzten bizipenengatik ere izan baitaiteke. Gizarte burujabeago bat izan nahi badugu, agian txiki-txikitatik hasi beharko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.