Belaunaldi berriarekin

Gaur hasiko da Cannesko 71. Zinemaldia, eta, ohi bezala, polemikak ez ditu eskas

Langile batzuk aurtengo Cannesko jaialdiaren afixa jartzen. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Talentu berriak hautapen ofizialean ere aurkitzen ahalko direla aurten: horra Cannesko (Okzitania) zinema jaialdiko ordezkari nagusia den Thierry Fremux-ek hitzemana: esan du «Belaunaldi berritze indartsu bat» ikusiko dela gaur hasi eta maiatzaren 19ra arte iraunen duen jaialdian. 1.906 filmen artean egin duten hautaketa izan da.

Hortaz, belaunaldi berria Urrezko Palmarentzat lehian; A.B. Shawky gazte egiptoarra lekuko, Yomeddine filmarekin; Pawel Pawklikowski poloniarra eta haren Zimna Wojna; edota Eva Husson frantsesaren Les filles du soleil. Baina ez da iraultza handirik ere espero behar. Izen ezagunak leku esanguratsua daukate hautaketa ofizialean, nahiz eta horietako anitz aspaldian ez agertu bertan. Jean-Luc Godard bera, hautapeneko zaharrena, Le livre d'image filmarekin lehiatuko da; Spike Lee, BlacKkKlansman filmarekin. Matteo Garronek Dogman du ekarriko; Stéphane Brizek En guerre filma, eta Christophe Honorek Plaire aimer et courir vite. Ahantzi gabe jaialdiaren lehen egunerako atxiki duten Asghar Farhadi irandarraren Todos lo saben filma —Espainia, Frantzia eta Italiaren arteko ekoizpen bat da—.

Berriz gonbidatu dute beste iraniar bat ere: Jafar Panahi ezaguna. Three faces filma du aurtengoa; Debekatua du Irandik ateratzea, baina. Berdin dago beste egile bat ere: Leto filmaren zuzendaria, Kirill Serebrennikov. Errusiatik ateratzea debekatzen diote.

Hemeretzi, hiru

Sail ofizialean, hemeretzi gizon eta hiru emazte dira lehiatzen. Eva Hussonez gain, Nadine Labaki eta bere Caphharnaüm eta Alice Rohrowacher eta Lazzaro felice. Fremaux ordezkari nagusiak berretsi du ez duela «diskriminazio positiborik» egin nahi. «Filmek beren baitan duten kalitatearen arabera dira hautatzen». Bizkitartean, gero eta gehiago entzuten dira arazoa talentu kontu bat baino harago doala berresten duten ahotsak; Brigitte Rollet ikerlariarena, adibidez, La Croix egunkarian: «Emazteek egin filmen ehunekoa kasik bera da 1990az geroztik, eta zinema eskoletan gehiengoa emazteek dute osatzen azken 20 urte hauetan. Horrek argi erakusten du arazo bat badagoela nonbait». Gainera, filmak egiten dituztelarik, usu aurrekontu txikiko autore filmetara mugatuak dira, Fabienne Silvestre-Bertoncini Europako Arcs zinema jaialdiko sortzailearen esanetan: «Aurrekontu handietan, emazteak desagertzen dira».

Horiek erranik, nabarmentzekoa da emazteak presenteago direla hautapen ofiziala ez diren sailetan. Un Certain Regard sailean, adibidez, hamabost filmetatik sei emazteek eginak dira. Horien artean dago, adibidez, Rafiki, Wanuri Kahiu kenyarraren filma, Kenyan bertan zentsuratua dutena. Filmak Nairobiko bi neska gazteren maitasun istorioa kontatzen du; Tabu bat da Kenyan, legeak homosexualitatea zigortzen baitu.

Kritikaren astean ere, hamazazpi lanen artean sei dira emazteek eginak; horien artean, Rohena Gera indiarraren Sir. Filmak Ratnaren istorioa kontatzen du; Etxeko lanetarako enplegatzen dute Ashwinen etxean, zeinaMumbaiko familia aberats bateko semea den. Bizitza perfektua du, baina ez du ametsik. Ratnak ez du dirurik, baina indar handia ematen diote haren desirek eta kemenak.

Ekoizpen kontuak ere badira aipagai Cannesen; baita bi polemika aski adierazgarri ere. Bata: Terry Gilliamen The man who killed Don quixote filmari lotua. Hogei urteko gorabeheren ondoren, Gilliamek filma bururatu ahal izan du, eta hautapen ofizialean dago. Baina hasierako produktoreak ez proiektatzea eskatu du auzitegietan, bere eskubideak errespetatuak izan ez direla eta. Auzitegiak bihar du erantzuna ematekoa.

Beste polemika Netflixi lotua da. Cannesek Netflixek ekoitzi film bat hautatua zuen, baina arauak aldatuak dituzte. Cannesera etortzearen ordainetan, Netflixek zinema geletan beharko lituzke filmak proiektatu bere plataforman baino lehen. Netflixek, berriz, uste du ez litzatekeela egokia bere bezeroei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.