Albistea entzun

Unai Urretxo. Orkestra zuzendaria

«Musikari gisa garatzen segitzeko bidea izan da zuzendaritza»

Euskadiko eta Bilboko orkestra sinfonikoekin egin du lan, baina Hego Korean eman ditu azkeneko hamalau urteak. Tronboia jotzen hasi zen, eta munduko orkestra entzutetsuak zuzentzen ditu gaur egun.
IÑIGO ASENSIO Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Asensio -

2018ko maiatzak 1 - Suwon

Haren autoan sartu, eta Gustav Mahlerren 5. Sinfonia entzuten da. Hilabete honetan zuzenduko du konpositore austriarraren obra hori, Seongnam Philharmonic Orchestrako zuzendari gonbidatu gisa. Gogoa nabari zaio hitzordurako. Musikari eroaren tankera ere har dakioke. «Orain zortzi konpasetan txeloak, konpas bateko isilunea eta... klarineteak! Adi biolaren pasarteari orain... Ederra da!», dio, ia bakarrizketan, gidatu eta eskuin eskua orkestra zuzenduz astintzen duen bitartean. Seul ondoan dagoen Suwon hiriko kafetegi batera iritsi, eta bertan izan da bi ordu inguruko solasaldia. Herriminik gabe, baina Euskal Herrian musikari gisa bizitako urteen oroitzapen onez beterik hitz egin dio Unai Urretxo orkestra zuzendari arrasatearrak (Arrasate, Gipuzkoa, 1977) BERRIAri.

Nola iristen da musikari arrasatear bat Korean orkestra zuzendari izatera?

Batez ere, ikasketen ondorioz. Donostian goi mailako ikasketak amaitu nituenean, Bostonera [AEB] joan nintzen ikasten jarraitzera. Horrek leku ugaritako musikariak ezagutzeko aukera eman zidan, eta, gainera, jaialdi askotan jo nuen han. Bostonen lau urte egin ostean, Brasilera joan nintzen; handik, Koreara; eta, orduz geroztik, hemen bizi naiz, nahiz eta tartean Varsoviara joan naizen zuzendaritza ikasketak egitera. Hori izan da nire ibilbidea, eta, jendea ezagutzearen ondorioz, aukera profesionalak hainbat herrialdetan suertatu dira. Nik Korean amaitu dut, eta esango nuke garapen pertsonalerako leku aproposa izan dela.

Nola suertatu zen Hego Koreara etortzeko aukera hori?

Ni Koreara lanera etorri nintzen, orkestra bateko instrumentista moduan: tronbonista. Urteetan atzerrian izandako bizipenen ondorioz nire ikuspegia zabaldu ez balitz, ziurrenik ez nukeen inoiz hemen amaituko. Hemen nengoela, Suwongo Unibertsitateko irakasle izateko eskaintza jaso nuen, eta baita onartu ere.

Hamalau urte pasatu dira orduz geroztik, eta musikaria zara oraindik ere, baina aldatu egin da musikarekin duzun lotura.

Bai, egia da. Ni Hego Koreara iritsi nintzenerako, ibilbide luzea neraman tronbonista modura, orkestrako musikari moduan. Boston Symphony Orchestraren gisako goi mailako orkestretan jotzea zer zen bizi izan nuen. Bakarlari moduan ere askotan jo izan nuen, bai Korean, bai Estatu Batutan eta baita Europan ere. Esango nuke gauzak errepikatzen hasi ziren sentsazioa nuela, eta garatzen jarraitzeko beharra sentitu nuen. Garatzeko bide hori izan zen zuzendaritza.

Horrek eraman zintuen Varsoviara...

Hala da. Eta esango nuke zorte handia izan nuela, Korean ezagutu bainuen nire zuzendaritza irakasle poloniarra. Oso gustukoa nuen maisu gisa, eta hark bultzatu ninduen Varsoviako Chopin Unibertsitatean zuzendaritza ikasketak egitera. Nik uste nuen nire musikari esperientzia baliatzea nahiko izan zitekeela zuzendaritza munduan murgiltzeko, baina hark argi eta garbi ikusarazi zidan horretarako ikasi egin behar nuela. Han egin nituen ikasketa guztiak, doktoretza amaitu arte.

Instrumentista izanik, bide berriak jorratzeko beharra sentitu zenuen. Orkestra handiak zuzentzeko aukera izan baduzu ere, esango zenuke oraindik badagoela non sakondu eta non hazten jarraitu?

Bai. Azken finean, nik, zuzendari moduan, proiektuei erreparatzen diet. Zuzendari batentzat, jomuga nagusia izan daiteke Berlingo Orkestra Filarmonikoa zuzentzea, edo Vienakoa... Hori amets bat da edozeinentzat, baina, gaur egun, proiektuz proiektu noa, eta esango nuke zorionekoa naizela. San Petersburgoko Orkestra Sinfonikoa zuzendu dut, Errumaniako Irrati Nazionaleko Orkestra... Koreako orkestra onena ere (KBS Symphony Orchestra) zuzendu dut, eta, gaur egun, oso murgilduta nabil operan; proiektu oso interesgarriak ditut esku artean. Zuzendaritzarekin oso ibilbide luze eta askotarikoa egin dezakezu.

Gainera, hemen Seulen, gizarte alorrean garrantzitsua den beste proiektu batean ere ari zara lanean.

Bai, hemen Korean aste berean zuzen ditzaket goi mailako musikariek osatutako orkestra bat, KBS esaterako, eta profesionalak ez diren musikariek osaturiko beste bat. Bigarren kasuan, helburua bestelakoa da, sozialagoa, baina nik oso errotuta daukat nire jatorria. Ni arrasatearra naiz. Bertan ere bagenuen gure orkestra, eta horren atzean gizarte lan bat ere bazegoen. Inspirazio horrekin sortu nuen orkestra hau Korean. Profesionalek jotzen dute, baina baita ikasleek eta profesionalak ez direnek ere. Musika klasikorako kultura hedatzea da helburua. Hura ulertzea, jotzea eta gozatzea, alegia. KBS aipatu dugu, baina maila handiko beste orkestra batzuk ere badaude Korean, eta gure ardura da haien emanaldiekin gozatuko duen ikusleria bat sortzea ere.

Kulturarekiko kultura sortzea, ezta?

Ikasleekin ere egiten dugu hau, baina gizartearekin ere egin behar da. Horregatik, garrantzi handiko proiektua da niretzat.

Azken hilabeteetan, Vietnamen ere ari zara orkestra sinfoniko batekin lanean...

Urtarrilaz geroztik hartu nuen Saigon Philarmonic Orchestra zuzentzeko ardura. Egitasmo interesgarria da; izan ere, Vietnam orain ari da musikalki garatzen. Musika klasikoaren kultura hori ez duen jendearekin lan egitea da. Dibulgazio horren hasieran daude. Eta orduan ikusten duzu nondik datorren hezkuntza honen jatorria. Zuzendari moduan, jendearen onena atera behar duzu, beste gaitasun batzuk landu.

Urte mordoa daramazu Euskal Herritik kanpo; ba al duzu loturarik bertako musikarekin?

Ez dut lotura ikaragarria, baina harremana badut, bai. Zorionez, bi urte dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzendu nuela, eta baita Bilbokoa ere. Gainera, urrian berriro BOS zuzenduko dut Euskal Herrian, eta bi orkestra horiekin beti dut lotura, urte askotan biekin jo izan baitut. Gustatuko litzaidake etorkizunean haiekin proiektu gehiago izatea, noski. Etxera bueltatzea beti da gauza ederra.

Juanjo Mena zuzendariarekin ere harremana duzu oraindik ere...

Euskal Herriko Gazte Orkestra zuzentzen zuenean ezagutu genuen elkar, hura zuzendari eta ni musikari. Esango nuke eredu dela zuzendari guztiontzat eta, batez ere, zuzendari gazteontzat. Askotan izaten gara harremanetan, eta beti ditu gomendioak niretzat. Zorte handia da harekin harremanetan izatea.

Urrun egonda ere, zure musikari ikasketa eta hastapenak Euskal Herrian izan ziren, gazte zinela, gainera.

Bai, gazte hasi nintzen. 16 urte nituela, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin jo nuen. Adin horretan, ikasten ari nintzen oraindik, eta lana ere egiten nuen musikari moduan. 20 urterekin, Bilboko sinfonikoarekin aritu nintzen jotzen, urtebetez. Urteak pasatu badira ere, lan egin eta egunero ikasten jarraitzeko beharrak nire egunerokoan dirau.

Gazte orkestran jo baino lehen ari zinen helduen orkestrarekin...

Bai, noski. Orduan, EGO ez zen existitzen. 1997an, sortu zenean, nik 20 urte nituen. Proiektu ederra izan zen, eta eskertu beharrekoa da German Ormazabalek hura egia bihurtzeko egindako lana. Hari esker, guretzat, musikari askorentzat, bide bat zabaldu zen.

Herrialde horietan musika klasikoaren kultura hedatzeko lan egiten duzu egun, baina nola sentitzen duzu errealitate hori Euskal Herrian?

Pena da hezkuntzan ez egotea honen inguruko lanik. Ume garaietatik landu beharko litzateke musika klasikoaren ezagutza; erakutsi, babestu... Baina baita kulturako beste alor batzuk ere: literatura, artea... Indarra galdu dute, eta uste dut gizartearentzat garrantzi itzela dutela.

Zergatik da garrantzitsua?

Beharrezkoa da. Gizartea sentikorragoa egiten du, pentsatzeko modu desberdinak eskaintzen ditu... Neurologoek erakutsi dute, esate baterako, zer-nolako onurak dituen musika klasikoak haurrengan. Gizatasunaren ikuspegitik begiratuta ere, eragina du pertsonengan esparru hauek lantzeak; askotan, musikak, literaturak eta arteak, ogibide izan gabe ere, aberastu egiten gaituzte, garapen bat sortzen dute bizitzaren beste arloetan ere.

Koreak protagonismo handia du hedabideetan Ipar eta Hego Korearen arteko gatazka dela eta. Nola bizi duzue zuek?

Normal. Gatazka politikoa da, baino ez nuke esango gizartean dagoenik gatazka hori. Ipar Korea eta Hego Korea ez dira etsaiak: anai-arrebak dira. Joko politikoa beste kontu bat da. Ipar Koreak AEBekin, Errusiarekin, Japoniarekin edota Txinarekin dituen tirabirak ezagunak ditugu, baina bi gizarteen arteko harremana ezberdina da. Elkar ezagutzeko gogoa da garrantzizkoa hemen. Egongo da hori nahi ez duenik, baina ez dira gehiengoa.

Azken hilabeteetan, ikusi ditugu politikariengandik hurbiltasuna islatzen zuten egoerak. Uste duzu egiazkoak izan direla, edota itxurakeria hutsa izan da?

Denborak esango du. Japoniarentzat eta AEBentzat, hurbiltasun hori itxurakeria da. Haiek dute interesik handiena egoerak horrela jarrai dezan. Errusia eta Txinarentzat, berriz, kezkagarria da. Eta, azkenik, Ipar eta Hego Korearentzat, esango nuke esperantza dela. Ez dakit zer gertatuko den, baina uste dut Hego Koreako eta Ipar Koreako agintariek egiazko asmoa dutela pausoak emateko. Hego Koreako presidenteak askotan esan du bere ametsa dela bi koreek bandera berbera izatea presidentetza amaitzen duenean. Ez dakit batasuna hain azkar ikusiko ote dugun, baina iruditzen zait pausoak eman daitezkeela bi herrialdeen arteko harremanak gerturatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»

Iñigo Astiz

Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.

Myriam Miranda, Igor Muniategi, Amaia Ozerin eta Maite Bidarte, atzo, Landako guneko areto nagusian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bidea urratzeko lanabesak

Andoni Imaz

Sortzaileei euren jardunean laguntzeko zenbait tresna azaldu dituzte mahai inguru batean: egile eskubideei, kontratazioari eta zabalkundeari buruzko argibideak eman dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.