BALENTZIAGAREN LAU ALDIAK

2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Balentziagaren sorkuntza jarduera lau alditan bereizi dute erakusketaren antolatzaileek.

Hastapenak eta eraginak

1917-1937. Donostian ekin zion bere enpresa eta sormen ibilbideari. Hasierako garaietan, Frantziako goi joskintzako sorkuntza lanak erosi, aztertu eta birsortu zituen, batik bat, Vionnet, Lanvin eta Chanelenak, hau da, emakumeak jantzi zituzten emakumeenak. Hainbat alderditan jarri zuen arreta: mauka mota desberdinetan, josturen minimizazioan, formen eta ehunaren sinpletasunean...

Bilaketa formala

1937-1951. Parisen egindako lehen bildumatik bertatik txunditu zituen Balentziagak kritikariak, guztiz menderatzen baitzuen teknika. Bigarren Mundu Gerrak eragina izan zuen modan ere, eta kutsu militarreko moda nagusitu zen. Batetik, bogako joerari heldu zion, gerri finak eta gona handiak eginez; bestetik, proposamen berriei ere bai: upel eta globo ildokoak, garaiko estetikarekin bat ez zetozenak.

Garapena eta iraultza

1951-1959. Aurreko hamarkadan hasi zen Balentziaga silueta berri baten inguruan ikertzen; 1951n aurkeztu zituen, ordea, horrekin loturiko proposamenak; sorbalden lerroa eta soinekoen behealdea ezarri zituen erreferentzia gisa. Hortik abiatuta eratu zituen 1950eko hamarkadan mugarri izango zirenak, hala nola tunika, zaku eta baby-doll lerroak. Haren garaiko moda kazetarien arabera, Balentziaga izan zen «etorkizuneko modaren bidea ireki zuen jostuna».

Garapena eta iraultza

1960-1968. 1960ko hamarkadan, Balentziagak abstrakzio handiagoko siluetak sortu zituen. 1950eko hamarkadan ezarritako mugarrietatik abiatuz sortu zituen soineko eta jantzietako bolumen handiak, hala nola zakua, tunika eta erdi estua. 1968an, erretiroa hartuko zuela iragarri zuen. Enkargu bakarra onartu zuen aurrez ezarritako neurrien joskintza berrian: Air France enpresaren uniformeak diseinatu eta ekoitzi zituen. Hori egin ostean, eta bere buruari leial eutsiz, modaren mundua uztea erabaki zuen, jada ez baitzen hango sentitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.