Katalunia. Inbestidura saioa

Aniztasunaren aldarria

Quim Torra JxCkoa Generalitateko presidente izendatu dute. «Kataluniar guztientzako» errepublika defendatu du, eta elkarrizketa eskatu. Agerraldi bat egingo du gaur Puigdemontekin, Berlindik

Quim Torra Kataluniako presidente hautatu berria, Junts Per Catalunyako kideen zorionak jasotzen, atzo, Kataluniako Parlamentuan. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Konpromiso errepublikanoa hartu zuen Quim Torrak (JxC) joan den larunbatean, inbestidurako lehen saioan. Atzo, bigarren osoko bilkuran, nabarmendu zuen errepublika horrek «askotarikoa» behar duela, nahiz eta horri buruzko zehaztasunik ez eskaini. Errepublika bat, haren esanetan, «non denek eskubide guztiak edukiko dituzten». Pentsatzen du errepublika defendatzea «kataluniar guztiak» defendatzea dela. Larunbateko diskurtsoarekin konparatuta, hori izan zen berritasuna atzokoan. Ez zen nahikoa izan, ordea, alderdi unionisten keinu abegikor bakar bat ere bereganatzeko. Ines Arrimadas Ciutadansekoak, esaterako, aurpegiratu zion defendatzen duen ideologia «xenofoboa eta populista» dela.

Unionistek, hala ere, ez dute gehiengorik Kataluniako Legebiltzarrean, eta Torra horregatik da Kataluniako presidente berria, atzodanik; «behin-behinekoa», haren hitzetan, «legitimoa» Carles Puigdemont dela errepikatu baitzuen atzo ere. Baina presidente, finean: Generalitateko 131.a. Bezperan iragarri bezala, «errepresioaren kontrako elkartasunagatik» abstenitu zen CUP bozketan, eta JxC Junts Per Catalunyaren eta ERC Esquerra Republicanaren 66 diputatuen botoak nahikoa izan ziren unionisten 65ak gainditzeko Ciutadans, PSC, Catalunya En Comu eta PPC, kontuan hartuta atzo nahikoa zela gehiengo sinplea ateratzea. Abstenituz gobernua osatzea ahalbidetu duenez, Torrak eskerrak eman zizkion CUPi. «Adi egon autonomismoa egiten badugu, oker arituko ginateke eta», adierazi zien antikapitalistei

14:30ean izendatu zuten presidente, eta orduan hasi zen Kataluniako jardun politikoa eten duen egoera desblokeatzen. 200 egun igaro dira, joan den urriaren 27an Mariano Rajoy Espainiako presidenteak Katalunian konstituzioaren 155. artikulua ezarri eta aurreko gobernua eta legebiltzarra desegin zituenetik. Ezustekorik ezean, artikulua indargabetuko du. Orain, tramite burokratikoak egin behar dira, Torra ofizialki presidente bilakatu aurretik. Aurrena, Rajoyk eta Espainiako erregeak sinatu behar dute izendapena, eta gero DOGC Generalitateko Egunkari Ofizialean publikatu behar dute, zeina oraindik Madrilek duen kontrolpean. Horretarako eperik ez dago zehaztuta. Bai, ordea, kargua hartzeko: Generalitateko Presidentetza Legearen 5. artikuluaren arabera, izendapena gertatu eta bost egunera, gehienez.

Atzo ez zirudien Torra horretan pentsatzen ari zenik. Irribarretsu, —are, batzuetan jolasti— egon zen goiz osoan: bai 10:30 joak zirenean bulegoetatik hemiziklorako bidea egin zuenean, Elsa Artadi, Eduard Pujol eta Albert Batet kideek lagunduta, baita Roger Torrent parlamentuko presidenteak Generalitateko presidente izendatu zuenean ere. Pozik nabaritzen zitzaien bi indar subiranista nagusietako —JxC eta ERC— parlamentariei, aldi berean gainetik zama bat kendu izan balute bezala, saioa bukatuta; baita lehenago ere, korridoreetan barrena egindako joan-etorrietan.

Torra Berlinen izango da gaur; Puigdemontekin batzartuko da, eta, ondoren, agerraldia egingo dute, elkarrekin (16:00). Puigdemontek ez du baztertzen urriaren 27tik aurrera berriro hauteskundeetara deitzea, Madrilek «errepresioari» eusten badio.

Giro lasaiagoa

Kataluniaren etorkizuna marrazterakoan, subiranistek eta unionistek nekez bat egingo dute ia ezertan, baina, joan den urriaren 1eko erreferendumaren atarian egindakoen zein Puigdemonten huts egindako inbestidura saioaren aldean, giroa askoz ere lasaiagoa zen atzo.

Torra bera arduratu zen horretaz, hitza hartu bezain pronto. Duela sei urte espainiarren kontra idatzitako txio batzuengatik jopuntuan dute unionistek, eta, horregatik, «barkatzeko» eskatu zuen: «Damu naiz. Ez da berriro gertatuko». Autokritikarako gaitasuna ere azaldu zuen, gainera: «Aurrera egin nahi badugu, egindako akatsetik ikasi behar da. Edozein independentistak onartuko du hutsegiteak egin direla».

Bestela, atzo irakurritako 21 orrialdeko diskurtsoan, errepublika sortzeko larunbatean plazaratutako proposamen oraingoz lausoei heldu zien Espainiako Estatuak jarritako oztopo judizialak medio azkeneko bost hilabeteotan subiranisten laugarren presidentegaia izan denak. Torraren ustez, horretarako hiru adar hartu behar dira kontuan: «herritar ahaldunduek» bultzatutako prozesu konstituziogilea; Kataluniako Gobernua; eta «batez ere», JxCkoek Europako Espazio Askea deitutakoa. Haiek egin ditzaketen lanei bezala, baina, haiek ez direnek gauzatu ditzaketenak ere hartzen ditu kontuan, eta, hori dela eta, «elkarrizketa» eskatu dio Rajoyri.

Garatu nahi dituen politikei dagokionean, azaldu zuen hileroko gutxieneko soldata bat ezarri nahi dutela1.100 euro gordin, Kataluniako ogasuna berrezartzeko asmoa dutela, eta aurreko legegintzaldian onartu eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako hamasei lege berreskuratuko dituztela. Ez zuen zehaztu, dena den, nola egingo duten.

Bukatu aurretik, gogorarazi zuen zerk eragin duen independentisten gorakada: PPren gobernuaren eskariz Konstituzionalak 2010ean Kataluniako Estatutuari egindako murrizketek. Torraren arabera, katalanek «nahikoa da» esan zuten: «Bitartean, estatuarekin esertzeko saiakera guztiek porrot egin zuten, 2017ko urrira iritsi arte».

Ciutadans oposizioko alderdi nagusiak, bestalde, proposatutakoa egingaitza dela leporatu zion. «Badakizu zer gertatuko den? Zuetako inork ez duela errepublika egingo eta agindutakoa ez duzuela beteko», arrapostu egin zion Arrimadasek presidentegaiari. «Triste» sentitzen zela gehitu zuen, eta «txiringito» deitu zion Torrak aipatutako Europako Espazio Askeari.

Sergi Sabria ERCkoa «oso gustura» zegoen, «eraginkorra» izan delako azken hilabeteotan eskatu eta eskatutako inbestidura. Haren ustez, gobernua osatzea «gatazka instituzionalizatzea» da. Aniztasunari helduz, nabarmendu zuen errepublika «integratzailea» izango dela, edo ez dela izango. PSCko Miquel Icetak galdetu zion Torrari ea «legearen markoa» errespetatuko duen, eta Xavier Domenech Catalunya En Comukoak ere galdera bat egin zion: «Zer iritzi duzu espainiarrez? Zer iritzi espainiar sentitzen diren katalanez?». Bide batez, hautagai «kontserbadore bat» babestea egotzi zien ERCri eta CUPi.

Programa «neoliberala»

CUPeko Carles Rierak beste galdera batekin erantzun zion: «Konstituzionalari desobedituko diozue? Edo 78ko erregimena babesten jarraituko duzue?». Antikapitalistentzat, errepublika sortzeko mobilizazio sozial «ez biolentoak» hauspotu behar dira —«Kalea gurea da», esan zion Torrak—, «desobedientzia», eta, «ahal bada, parlamentutik bertatik». Rierak adierazi zion Torrari ezin zutela babestu, ez dutelako «desobedientzia eta konfrontazioa» planteatzen. Bultzatzen duten independentzia moldea izan zuen hizpide: «Independentzia inklusibo bat bultzatu behar dugu, identitarioa izango ez dena». Ekonomiaren arloan bi indar subiranista nagusiek ezarri nahi duten plana aipatuta, belarrietatik tira egin zien, eta «neoliberala» dela esan.

Eta Xavier Garcia Albiol PPCkoak zalantzan jarri zuen Torrak azkeneko bi diskurtsoetan azaldutakoa: «Nola egingo duzu proposatutako guztia, presidente behin-behinekoa baldin bazara?».

Rajoy: «Konstituzioa eta legedia beteko direla bermatzen dut»

Ez da ezerezetik ateratako «txotxongiloa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.