LIBURU AURRERAPENA

Nazio kontakizun berria behar dugu

Bere lehen liburua idatzi du Hasier Arraizek, euskal politikan nabarmendu zenak, eta hilaren 6an aurkeztuko du, Donostian: Maitasun keinu bat besterik ez. Literatura sakon aztertu du, eta uste du kulturak garrantzia daukala euskal subjektibotasunak eraldatzeko.

2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Azkenaldian, badirudi euskal gizarteak bere burua ispiluan ezagutzeko arazo franko dituela, agian, indarkeriaren zikloa itxitakoan, geure buruari buruz genuen hainbat irudi behingoz desitxuratzeari utzi izanak gure oinarrizko ziurtasun gehienak ere kolokan utzi dituelako. Edo beste modu batez esanda, gizarte gisa, norberaren heroi eta antiheroien sasoia amaitutakoan, epika gehiena behin betiko atzean geratu denean, seguru asko uste genuena baino arruntagoak garela ohartu garelako. […]

Nire uste apalean, iraganean kokatutako nazio kontakizunak kondenatuta daude, eta agonia luzea edo berehalako porrota da haien hautu bakarra. Iraganean oinarritutako nazio kontakizunek ez diete gaur egungo gizarte aldakorrei erantzuten, halabeharrez, nazio kontakizun kontserbadoreak izatera behartutabaitaude. […]

Badago, nire ikuspegitik, nazio kontakizun zaharkituak alde batera uzteko beste arrazoi garrantzitsu bat: ez dute dagoeneko euskal belaunaldi gazte berriekin konektatzeko modurik. Batetik, ideologizatuta ez dauden gazteei dagokienez, hots, euskal gazte gehienei dagokienez, zentzu zabal batean gazteria globalizatua dira eta. Mundu mailako eskalan jokatzen duten gazteak dira, edo halaxe uste dute. Haien erreferentziak, jokaerak, bidaiak, gustuak, jarduerak eta abar globalak dira. Gainera, gero eta globalagoak dira, horregatik haientzat gero eta axola gutxiago du euskal herritarra izateak, nahiz eta euskal hiztunak ere izan. Zentzu horretan, lehen aipatutako nazio kontakizunek ez diete gazte horiei ezer adierazten, ezta adieraziko ere. Eta ez dute beren mundu global hori kontatzen duen euskal erreferentziarik antzematen. Bestetik, ezkerreko independentismoaren inguruko gazte ideologizatuei dagokienez, euskal gazteen artean gutxiengo nabarmena izan arren, haietatik askok zama astun gisa darama ETAren zikloaren amaiera, etsipenez, kate luze baten hurrengo katebegi izateko aukera kendu zaielakoan. Gainera, herentzia gisa, nazio askapenerako borroka zehatz baten porrota jaso dutela sentitzen dute. Agian horregatik, orain erreferentzia nabarmenik gabe, umezurtz, beren kabuz bilatzen ari dira bidea feminismoan eta ezker erradikalaren beste iturri batzuetan. Nazio kontakizun zaharrek utzi diote dagoeneko gazte hauengan eragina izateari, ez baitiete beren kezkei eta arazoei buruz ezer ere ulertarazten, eta nazio gatazka deritzogunean interes handia galdu dute, edo, beste garai bateko euskal gazteekin alderatuta behinik behin, oso urruti daude auzi hark haientzat zeukan nagusitasunetik. Ez dute borroka guztiak nazio borrokaren menpe jarri beharra horren erraz onartzen, aurreko belaunaldiekiko kritika inplizitu (edo batzuetan esplizitu) bezala. Gainera, gazte hauek jakin badakite gaur egungo munduan haiei gehien axola dieten arazoak ez direla estatu mailan ebazten, baizik eta estatuen gainean dauden erabakiguneetan. Beraz, ezkerreko ikuspegi batetik, independentziaren balioa ere erlatibizatzen dute. […]

Belaunaldi batek ez badu bere aurrekoen nazio kontakizuna bere egiten, nazio kontakizun hori bertan hil daiteke. Ez dago, euskal nazio kontakizunei dagokienez, gaur egun horixe bera gertatzen ari dela baieztatzerik, baina nazio kontakizunak ez baldin badaki gazteen mundu hau, gaur egungo mundu globala, alegia, euskal ikuspegi batetik azaltzen, euskal ikuspegia eroriko da, gazteek berek baztertuko dute, haientzat bakarrik egunero ikusten eta ukitzen duten mundua, baita birtuala ere, egiazkoa baita. […]

Nazio kontakizun berri baten beharrean gaude, beraz. Euskal lurraldeetan bizi den komunitateari atxikiko zaion nazio kontakizun berria behar dugu. Gure arazoen eta zirkunstantzien konplexutasuna gutxietsi eta sinplifikatu gabe, nazio kontakizunberria sistema dinamiko gisa ulertzen hasi behar dugu. […]

Ez dut nik azalduko zein den nazio kontakizun berria, lurraldeko komunitatearen ahalmen intelektualaren emaitza izan behar duelakoan, baina nolakoa izan behar lukeen adieraztera ausartzen naiz: etorkizunean kokatuta egon behar du. Nazio kontakizun berriak etorkizunean euskal gizartea nolakoa izango den kontatu behar du, edo behintzat nolakoa nahiko genukeen. Euskal lurraldeetan bizi den komunitateak edo bizi diren komunitateek etorkizunean nolako gizartean bizi nahiko lukeen galdera soil eta zailari erantzunez sortu behar dugu. […]

Nire iritziz, etorkizunean kokatutako nazio kontakizun batek bakarrik lor lezake euskal lurraldeetan bizi diren herritar gehienen atxikimendu librea. Gainera, kontakizunak dagokion nazioa bezain bizia izan beharko luke, hots, sekuentzien arabera aldakorra izango dela barneratu behar dugu.[…]

Erresistentzia kulturala tinkotzeko asmoz gotortu beharrean, abagune berrien erronka itzelek beste modu batez jokatzeko eskatzen digutela azaltzen saiatu naiz. Gizarte espazio berriak zabaltzera jokatu behar dugu, emantzipaziozko narratiba berriak eraikiz. […]

Azkenik, niri asmatzea ez badagokit ere, nazio kontakizun berriak izan behar lituzkeen ezaugarriak laburbilduko ditut: etorkizunean kokatutako kontakizuna izan behar du, nolako euskal gizartea nahi genukeen adierazi behar lukeelako. Komunitate gisa gure ametsak, gure xedeak eta ikuspegiak, nahi genukeen etorkizunaren baitankontakizunari dagozkion baliabideen bidez josi behar lituzke. Halaber, gaur egungo mundua eta aurrerantzean izan dezakeguna euskal ikuspegi batetik azaltzeko gai izan behar luke, edo beste modu batez esanda, mundu honetan zein den gure tokia adierazi behar luke. Gure aniztasunaren berri eman behar luke, benetan nolakoak garen kontatuz, denboran zehar aldatzen segitzen duen izaera poliedrikoa dugula esanez, identitate ugariak biltzen dituen komunitate gisa aurkeztuz. Eta aniztasun horretan zerk batzen gaituen adierazi behar du, seguru asko ez da asko, agian oso gutxi da, baina aniztasun horretan bat egiten gaituena da garrantzitsuena. Litekeena da elkarrekin bizi izaten segitzeko borondatea batzen gaituen bakarra izatea; baten batek gutxiegi dela pentsatuko du, nire iritziz, ordea, etorkizuneko nazio egitasmo bat eraikitzeko oinarri zabala, eta, batez ere sakona da.Jakina, konfiantza behar dugu euskal komunitatea osatzen duten pertsonengan, haien gaitasunetan, haien ahalmenean,azkenean haien talentu eta ahalmen kolektiboaren ondorioz, bakarrik, gerta daiteke naziokontakizun berria, auzolanean sortua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.