Batasun politikoa aldarri

ANC Biltzar Nazional Katalana indarberrituta atera da igandeko biltzar nagusitik; 2.200 lagun inguruk sinatu dute datorren urtera arteko bide orria zehazten duen dokumentua.

Lluis Llach abeslaria eta Jordi Sanchez ANCko presidentea, igandean, bozketaren unean, Manresan. SUSANNA SAEZ / EFE.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotan ANCren inguruan nagusitu den nahasmenaren ondoren, sendotuta atera da Biltzar Nazional Katalana laugarren bilkuraren ondotik. Helburua bide orriaren oinarriak finkatzea, estatutuen inguruan bozkatzea eta hauteskundeen eguna ezartzea izanik, 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten igandeko bilkuran, Manresan.

Izan ere, azken hilabeteak ez dira samurrak izan independentista katalanen Biltzarrarentzat. Irailaren 27ko hauteskundeetan, independentziaren aldeko alderdien gehiengoa lortuta helburua bete zuten arren, hilabete nahasiak izan ziren ondorengoak, urtarrilaren 12an, azkenik, Artur Masek urratsa albora egin eta Carles Puigdemont buru gobernua osatzea lortu zuten arte. Testuinguru horretan, irailera bitarte ANCk independentziaren aldeko hainbat alderdirekin batera lotutako sinergia positiboak hautsita ikusi zuen bere burua.

Horiek horrela, ANCren zimenduak sendotzeko beharrarekin elkartu dira asteburuan, urtean behin izaten den Biltzar Nazional Katalanaren laugarren bilera nagusian (AGO). Ekitaldi formala izan arren, bazkideek hartutako erabakiek aldatuko dute hemendik aurrerako dinamika.

«Igandeko biltzarrean hartutako erabakien ondotik, iaz baino indartsuago atera da ANC Biltzar Nazional Katalana», esan dio BERRIAri, batzarraren biharamunean, Nuria Vinyalsek, Mobilizazio Batzordeko kideak. Antzera azaldu da iaztik ANCko presidente den Jordi Sanchez: «Zalantzarik gabe, ANC indarberrituta atera da igandeko jardunalditik».

Elkartasuna sendotuz

Biltzar nagusian hartutako erabakien artean onartu dute, bertzeak bertze, Espainian gobernua eratzeko dauden zailtasunen aurrean hauteskundeak egongo balira, «zerrenda bakarra» osatzeko aukera baztertzea, eta «batasun politikoaren» aldeko apustuaren ardura hartzea. «Aurrerantzean, beraz, ANCk orain arteko ildoari jarraituko dio honetan ere. Zerrenda bakarra osatzeak baino garrantzi handiagoa baitu, aldez aurretik emaitza positiboekin egin izan dugun bezala, Kongresuan aurkezten diren independentziaren aldeko alderdien batasuna sustatzeak», esan du oraingo presidenteak.

Era berean, 2016-2017 bide orriaren arabera, aurrerantzean hauteskundeak urtean behin egin ordez bi urtetik behin egitea erabaki dute. «Ez da batere aproposa biltzarraren funtzionamendua gelditu behar izatea, urtean behin, bi edo hiru hilabetez, hauteskundeak daudelako», aitortu du Sanchezek.

Datorren maiatzaren 14rako iragarri dituzte, beraz, ANCren presidente berria aukeratzeko bozak. Horrela, iazko zalaparta saihestu nahi izan dute oraingoan. Carme Forcadellek utzitako lekukoa hartzeko —Liz Castro bazkideen artean boto gehien bilduriko hautagaia izan zen—, idazkaritzak azkenean erabaki zuen Jordi Sanchez izatea presidente. Gertakari hark eragin zituen gaizki-ulertuen harira, hautagaitza sistema berri bat jartzeko proposamena egin zuten igandeko biltzarrera: presidentea idazkaritzak aukeratu ordez, bazkideek izan zezaten azken hitza.

Bozketan, aldiz, orain arteko sistemak irabazi zuen, eta, hortaz, aurrerantzean ere, bazkideen iritziaren gainetik jarraituko du idazkariarenak. «Aurrerantzean inork ezin izango du esan ANCren presidentearen hautagaitza sistema antidemokratikoa denik», adierazi du, irmoki, oraingo presidenteak, eta «aurrerantzean ANCri kalte egin nahi diotenek beste argudio bat bilatu» beharko dutela gogorarazi.

Sanchezen arabera, aurrerantzean erronka bikoitza du ANCk. Batetik, «hautetsontziei beldurrik gabe, independentziaren aldeko masa soziala eraikitzen jarraitzea», eta, bertzetik, «agenda politikoan eragiteko gaitasuna izaten jarraitzea, prozesuak merezi duen erritmoa har dezan».

Diada, aldarritik festara

Igandeko biltzar nagusiak, era berean, ANCren ekitaldirik garrantzitsuenetako baten aurrerapena egiteko ere balio izan du: Diadarena. «Aurten ez dugu aldarrikapenik egingo. 2015eko Diadan, irailaren 27ko hauteskundeak irabazteko atera ginen kalera, eta aurtengo Diada Kataluniako Errepublikaren jaiotzaren festa eta prozesu eratzailearen abiapuntua izango da», azpimarratu du Nuria Vinyalsek.

Kataluniako Errepublikaren festa eguna izateko helburuarekin, beraz, irailaren 11n, Vinyalsen hitzetan, «Bartzelonako kale nagusiak aldarrikapenean murgilduta betetzeak ez du inongo zentzurik aurten». Testuinguru horretatik abiatuz aurreratu dute, horregatik, «Kataluniatik mundura», prozesu eratzailearen abiapuntu izan nahi duela aurtengo Diadak, oraindik zehaztu ez diren bortz gune desberdinetan gauzatuko den aldi bereko ekintzaren bitartez.

Bide orri subiranistak agindutako hemezortzi hilabeteko epearen erdian kokatzen da aurtengo Diada, eta ANCk egoki ikusi du, hain zuzen ere, egun horrekin batera ekitea prozesu eratzaileari. Aurten, gainera, «ekitaldi handi bakarrak egin ordez, hainbat eta hainbat ekitaldi» antolatuko dituzte, datorren astetik hasita. Ekainaren amaiera inguruan —Sant Joan festarekin bat eginez—, «ekitaldi oso garrantzitsu bat» antolatuko dutela ere aurreratu du Vinyalsek.

Aurrerantzean, beraz, helburu hirukoitzarekin lanean jarraituko du batzordeak. Hasteko, «independentziaren aldeko masa soziala handitzeko» ekintzak sustatzen. Bestetik, «Kataluniako hainbat ordezkarik Espainiako Estatuaren eskutik jasotzen dituzten erasoetatik babesten», eta, azkenik, «Kataluniak aurrera egiteko Espainiako Estatuaren bitartez jasotzen dituen erasoak frogatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.