Zigorgabetasunaren krudela

Pedro Alvarez gaztea hil zutela 24 urte beteko dira abenduaren 15ean. Polizia batek hil zuen, eta ez da justiziarik egin. Bartzelonako Udalak babesa agertu die gurasoei.

Pedro Alvarez gaztearen gurasoak, Juanjo Alvarez eta Carmen Peso, atzo, Bartzelonako udaletxean. Harrera egin zieten bertan. SAIOA BALEZTENA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Heldu den abenduaren 15a egun berezia izango da berriz Juanjo Alvarez eta Carmen Pesorentzat. Semea Bartzelonako etxera itzuli ez zela 24 urte beteko dira egun horretan. 1992ko abenduaren 15eko arratsean, Pedro Alvarez Hospitalet del Llobregaten zegoen. Neska-laguna etxera laguntzen ari zen, eta errepidea gurutzatzean, auto batek neska harrapatzekotan egon zen. Alvarezen eta gidariaren arteko liskarrak amaiera beltza izan zuen: gidariak hiru tiro egin zizkion buruan.

Bartzelonako Udalak gazteari gorazarre egiteko eta zigorgabetasuna salatzeko erakunde adierazpen bat onartuko du bihar, CiU, ERC eta CUP alderdien babesarekin. Adierazpenak juridikoki eragina izango ote duen ikustear da, izan ere, litekeena da azken 20 urteetan bildu diren ehun orri baino gehiagoko ikerketa artxibatuta gelditzea, familiaren borrokari erantzun eraginkorrik eman ez dion epaile sistema batengatik.

Zigorgabetasunaren krudela da. Kasuaren ikerketa Polizia Nazionalaren esku geratu zen, eta delituaren ustezko egilea atxilotu zuten, Jose Manuel S.F. Gidaria, baina, polizia zen, auzia ikertu zuen polizia erakunde bereko kidea. Ikerketaren arabera, poliziak hilketaren aurretik istilu bortitza izan zuen Bellvitge Ospitaleko segurtasun zaindariarekin, eta sakelan zuen arma erakutsi zion. Era berean, istripuaren lekukoek adierazi zuten autoaren matrikularen hiru zenbaki gogoratzen zituztela, poliziarenarekin bat etortzen zirenak, eta, hori gutxi balitz, Alvarezen neska-lagunak delituaren egilea identifikatu zuen hasierako aitorpen galdetegian.

Ageriko froga horien guztien gainetik, hala ere, auzia ez zen epaileengana iritsi, eta, ondorioz, artxibatu egin zuten «Jose Manuel S.F.-ren kontrako eztabaidaezineko froga gabeziagatik». Bertze arrazoien artean, Polizia Nazionalak ezin izan omen zuelako zehaztu haren arma krimenarena bera zela.

Elkartasuna

Justiziaren gabeziaren aurrean, Pedro Alvarezen familiak mugimendu sozialetik jaso du soilik babesa 24 urte hauetan Katalunian. Hilketaren harira, Pedro Alvarez plataforma sortu zuten, eta orduz geroztik, han eta hemen aritu dira gertakari lazgarriaren aurrean justizia aldarrikatzen. 1996an, hilketaren laugarren urteurrenean, Juanjo Alvarez, gaztearen aitak, gose greba egin zuen, eta, guztira, 5.000 sinadura bildu zituen auzia berriz irekitzeko. Epaitegiak ireki bazuen ere, denbora gutxi behar izan zuen berriz ere ixteko, «inoren kontrako eztabaidaezineko froga gabezia tarteko».

Elkartasuna erakundeetara iritsi da orain. Bartzelonako Udalak, «zorra kitatzeko asmoz», ekitaldi berezia antolatu zuten atzo. Jaume Asens Bartzelonako alkateordea senideekin elkartu zen, eta gaztearen gurasoei udaletxeko ateak ireki zizkien. Esplugues de Llobregat, Hospitalet de Llobregat eta Molins de Rei hirietako ordezkari politikoak ere izan ziren ekitaldian, eta auziaren bilakaeraz eta datozen urratsez aritu ziren hizketan. Izan ere, aste honetan aurreikusita dago hiri horietan guztietan onartzea Pedro Alvarez auziaren inguruko erakunde adierazpen desberdinak.

Asensen hitzetan, ekinbidearen helburu nagusia da «Alvarez familiaren urte anitzetako aldarrikapenen bozgorailuak izatea, 2020an baliogabetzear den auzia biziberritzen dugun bitartean». Colauren gobernuak argi ikusi du «kasua zigorgabetasunaren eta opakutasunaren adibide argia dela». Aldarrikapen bat ere egiten dute: «Administrazio ororen erantzukizuna da horrenbeste urteko bidegabekeriari so egitea, ikerketa irekitzea eta behingoz zer gertatu zen argitzea».

Atzoko bilkuraren aurretik solastatu zen gaztearen aitarekin BERRIA. Aitortu du «pozik» dagoela familia 20 urte luze hauetan «lehen aldiz» semearen auziak kalean egotetik erakundeetara jauzi egin duelako: «Lotsagarria da urte hauetan guztietan izan dugun babes falta. Hamaika alditan etorri gara Sant Jaume plazara zigorgabetasunaren kontra borrokatzera, eta sekula ez dizkigu inork hemengo ateak ireki». Senideek eta plataformako kideek argi dute hiri horietako guztietako ekarpenek «berebiziko garrantzia dutela», baina hemendik aurrera gertatuko denak «pisu handiagoa duela», euren hitzetan, «erakunde adierazpenek ez dutelako baliorik izango hiltzaileak kalean aske jarraitzen duen bitartean».

Are gehiago poztu ziren, gainera, atzoko bilkuran jakin zutelako, CUPen eta ERCren babesaz haratago, CiUk ere onartuko duela osoko bilkuran aurkeztuko den erakunde adierazpena. «Urrats garrantzitsua da, eta gure esker ona agertu nahi dugu», adierazi zuen Alvarezek. Beraz, eta PSCk zer egingo duen oraindik ere ebatzi ez den arren, PPren eta Ciutadansen kontrako botoen gainetik indar nahikoa izango du erakunde adierazpenak onartua izateko.

Atzerako kontua martxan

Aste honetakoak albo batera utzita, Pedro Alvarez auzia baliogabe gelditzeko atzerako kontua martxan da dagoeneko. Aste honetako ekinbideek ezer aldatzen ez badute behintzat, 2020ko urrian bukatuko da Alvarez familiaren zoritxar bidegabea. «Itxaropena ez dugu galdu sekula, horregatik gaude hemen», dio aitak, berezkoa duen begirada minberarekin. «Bidegabekeria itzelaren biktimak gara. Sistemak gaizki jokatu du, testigantzei ez zaie baliorik eman, eta hasieratik Polizia Nazionalak ukatu egin ditu aurkeztu ditugun froga guztiak».

Aitorpen latza, egun mingarriaren atarian. Juanjo Alvarez, abenduaren 15ean, familia alboan duela, bertze behin kalera aterako da semearengatik justizia eskatzera eta sistema bidezkoago bat aldarrikatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.