LIBURU AURRERAPENA

Bidaia bat klima krisian barrena

Klima eta ekologia krisiaren gaia landu du Iñaki Petxarromanek 'Ezezagunerako bidaia: mundua klima eta ekologia krisian' liburuan. Aleka bildumako azken fruitua da, eta hamalau adituren gogoetak bildu ditu munduko arazo nagusietako bat aztertzeko.

STEPHEN M. OLSEN.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
1. Atala: Jakin, bagenekien

Zalantzaren merkatariak

[...] Gerra Hotzaren testuinguru hartan Reagan presidenteak sortu zuen Marshall institutuan bildutako zientzialari ultraeskuindarrek jomugan jarri zuten ekologiaren aurkako borroka. Berlingo harresia erori zen urte berean egin zuten klima aldaketari buruzko lehenengo txosten negazionista. Hain zuzen ere, haien hitzetan, Lurra berotzen ari bazen, horren eragilea ez zen gizakia eta CO2aren metaketaren igoera, eguzkiaren indarra baizik. Gainera, gehienez ere, gradu bateko berotzea iragarri zuten XXI. menderako, aurreikuspenak oinarri zientifikorik gabe eginda.

Marshall institutuan pilatutako zientzialari horiek —Bill Nieremberg, Robert Jastrow eta Fred Seitz, besteak beste— harreman estua zuten agintariekin —batez ere AEBetako Alderdi Errepublikanoarekin—, eta haien txostenek oihartzun handia zuten gobernuan. Haien oinarri ideologikoa esaldi honetan borobildu zuen Naomi Oreskesek Marchands of Dubt liburuan: «Gerra Hotza amaitutakoan, gizon haiek beste mehatxu handi bat bilatu zuten, eta ekologismoan aurkitu zuten. Ziotenez, ekologistak sandiak bezalakoak dira: berdeak kanpotik eta gorriak barrutik».

Haiekin batera, petrolioaren lobbyak —Exxon Mobil eta beste enpresa multinazional handiek— finantzaketa kanpaina handi bat hasi zuten tesi negazionistak sustatzeko eta ozenago entzuten ari ziren IPCCren txostenen edukia eta oinarri zientifikoa higatzeko. Izan ere, IPCCk frogatutzat jo zuen erregai fosilen erabilera trabatu ezean munduko tenperatura 0,3 gradu igoko zela batez beste hamarkada bakoitzeko: «Azken hamar mila urteetan sekula ez da hainbeste berotu mundua».

Nahiz eta zientifikoki aukerarik ez izan IPCCren txostenei ebidentziekin aurre egiteko, Marshall institutukoek iraganean beste hainbat arlotan egindako nahaste kanpainarekin jarraitu zuten, eta hedabide askotan berebiziko oihartzuna lortu zuten, gainera.

Vallerie Masson-Delmotte paleoklimatologo eta IPCCko Lehen Taldeko presidentekideak (Nancy, Frantzia, 1971) azpimarratu du «oso rol garrantzitsua» jokatu zutela garai hartan zalantzaren merkatariek eta erregai fosilen industriaren lobbyak: «Oso garbi geratu da, Naomi Oreskes historialari estatubatuarraren ikerketa horretan, zein izan zen zalantzaren merkatari horien rola eta modus operandi-a. Zientzialari talde batek egia zientifikoa zalantzan jartzen zuen tabakoaren, lindanoaren, euri azidoaren eta beste gai batzuen inguruan... Eta prozedura sinplea zen: arloa behar bezala menperatzen ez zuten zientzialari batzuen jitea puztea, datu faltsuak zabal zitzaten kontsentsu zientifikoa zalantzan jartzeko helburuarekin. Aitortu behar da oihartzun handia eduki dutela eragin handiko komunikabide batzuetan. Horren ondorioz, zenbait herrialdetan —AEBetan, bereziki— denbora asko galdu da eztabaida faltsu horietan».

6. Atala: Eta COVID-19a iritsi zen...

Hori ere bagenekien

National Geographic aldizkarirako erreportaje bat idazten ari zela, 2000. urteko uztailean, Afrika erdialdeko oihan tropikalaren bazter galdu batean entzun zuen David Quammen kazetari estatubatuarrak ebolaren istorio gogoangarri bat, bere espedizioko bi gidariren ahotik.

[...] Istorio hori entzun ostean, kazetari lan mardul batean murgildu zen Quammen. [...] Eta, dokumentazioa biltzen hasi bezain laster, ohartu zen lotura berri eta kezkagarriak gertatzen ari zirela zoonosien arlo horretan -animalietatik gizakiengana igarotzen diren patogenoek eragindako gaixotasunak dira zoonosiak-.

Informazioa biltzeko eta dokumentatzeko lan horretan, munduko hamaika bazterretan ibili zen Quammen, adituak elkarrizketatuz, eta azken hamarkadetako zoonosi berrien agerraldi indartsuenetatik ondorioak ateratzen. Besteak beste, zerrenda hau osatu zuen ikerketa horren ondorioz [...] «Norbaitek zerrenda hori interpreta lezake elkarrekin loturarik ez duten gertakarien kate bat balitz bezala: gizakioi gertatzen zaizkigun arrazoi jakinik gabeko ezbeharrak balira bezala [...] Modu pasibo bat da hori, ia estoikoa, haiek ulertzeko. Baina ikuspegi okerra da», idatzi zuen Quammenek Spillover. Animal infections and the next human pandemic liburuan (Gainezkatzea. Animalia infekzioak eta hurrengo giza pandemia).

Liburua argitaratu zen 2013. urte hartan, urrun zegoen 2020. urtea hankaz gora jarri duen COVID-19aren edo koronabirus berriaren pandemia, baina hura ulertzeko elementu guztiak zituen liburuak bere orrialdeetan. [...]

Profetikoa da liburua; besteak beste, iragartzen duelako zoonosiak izango direla XXI. mendeko pandemien eragile nagusiak. Eta hori ez da gertatuko kasualitatez, Quammenek dioenez: «Bat bestearen ondoren etortzen ari diren gaixotasunen agerraldiak lotuta daude. Eta ez zaizkigu besterik gabe gertatzen. Egiten ari garenaren nahi gabeko ondorioa dira».

[...] «Modu zorrotzago batean esanda: giza jatorriko presio eta disrupzio ekologikoek gero eta gehiagotan jartzen dituzte animalia patogenoak giza populazioekin harremanetan, eta gure teknologiak eta jarrerak azkarrago eta toki gehiagotara zabaltzen dituzte patogeno horiek».

Zeresanik ez, Wuhan hirian (Txina) 2019aren hondarrean sortu eta mundu osora zabaldu den COVID-19aren krisi larria izan baino urte batzuk lehenago idatzitako lerroen kutsu profetikoak are eta interesgarriago bihurtu ditu Quammenek idatzitakoak.

[...] «Baso mozketak, errepide eraikuntzak, urraketan eta erreketan oinarritutako nekazaritzaren zabalpenak, basanimaliak ehizatu eta jateak, abereentzako soroak sortzeko deforestazioak, mineralen estrakzioak, hiriguneen hazkundeak eta bizitzeko guneen zabalpenak, kutsadura kimikoak, nutrienteen itsasoratzeak, elikagaiak lortzeko egindako ozeanoen ustiapen ez-iraunkorrak, klima aldaketak eta naturan egindako beste edozein erasok ekosistemak txikitzea eragiten dute [...] Hori ez da guztiz berria, baina, orain, zazpi mila milioi pertsona bizirik daudela, eta tresna modernoak eskura dituztela, pilatutako ondorioak kritikoak dira».

Suntsitzen ari diren oihan tropikaletan, adibidez, milioika izaki daude, eta horien artean birus, bakterio, onddo, protista eta beste organismo ugari... Haietako asko, parasitoak. Mundu horri birosfera esaten diote adituek, eta ezagunak diren patogenoak existitzen direnen zati txiki bat baino ez dira. Horiek, milaka urteko eboluzioaren bidez, organismo handiagoetan hartzen dute aterpe, eta haietan gordetzen dira, gehienetan gizakiak ohartu ere egin gabe.

Alabaina, Quammenek 2013an aipatu zuenez, eta 2020an aditu askok berretsi dutenez, egungo natur ekosistemen suntsiketak bere ohiko mugetatik at bidali ditu mikrobio haietako batzuk. «Zuhaitzak botatzen direnean eta bertako fauna sarraskitzen denean, tokiko germenak zabaldu egiten dira, eraikin bat botatzen denean hautsa zabaltzen den moduan. Parasito mikrobio batek, ohiko ostatu horretatik aldentzera behartua denean, bi aukera dauzka: beste ostatu bat bilatu, edo desagertu... Ez da guri bereziki erasateko joera dutela, baizik eta asko garela, eta, horregatik, haientzat eskuragarriak». Hiru hamarkadatan, bikoiztu egin da giza populazioa, eta ekosistemen galerak aldenarazitako birusen jomuga erraza da gizakia, agidanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.