Reala 2-0 Atletico Madril

Nagusitasunez irabazita egin du aurrera

Realak Atletico Madrili irabazi dio, eta Espainiako Kopako final-laurdenetan ariko da. Txuri-urdinek neurketa osoa jokatu dute, eta arazorik gabe lortu dute gailentzea

Adnan Januzaj eta Alexander Sorloth, elkar besarkatzen, Realeko atzoko bi golegileak, Anoetan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun

Golak. 1-0: Januzajek (32. minutuan). 2-0: Sorlothek (45. minutuan).

Realak estutasunik gabe gainditu zuen Atletico Madril, atzo gauean, eta Espainiako Kopako final-laurdenetan ariko da. Txuri-urdinek nagusitasunez menderatu zuten ustez kanporaketa gailentzeko hautagai nagusiagoa zen taldea, eta garaikurraren lehian egon nahi duela berretsi zuen, norgehiagoka on askoa jokatuta. Bi eta huts irabazi zuen Anoetan, eta sufritu gabe egin zuen, 28.111 realzaleren aurrean.

San Sebastian egunaren bezpera izateak eta partidaren garrantziak jai giroa piztu zuten eran —Donostiako Orfeoia kantuan aritu zen partida hasi aurretik—, Atleticoren ailegaeran jazotakoek lardastu egin zuten atarikoa. Zelaian, berriz, kirol lehiak berotuta abiatu zen partida, eta grinatsu ekin zion Realak. Lehen minututik izan zuen Atletico Madril apaltzeko asmoa, eta xede horrekin, erasora jo zuen neurketa hasi orduko. Laugarren minuturako eduki zuen lehendabiziko gol aukera, baina Aritz Elustondoren errematea kanpora joan zen. Ordurako, baina, neurketaren gidaritza hartua zuten Imanol Alguacilen jokalariek, eta behin eta berriz jo zuten bisitarien atera.

Seigarren minutuan erremate bikoitza egin zuen Adnan Januzajek, eta bigarren saialdian zutoina jo zuen baloiak, gainera. Belgikarrak neurketa ona egin zuen.

Atletico azeri bizkorren taldea da, ordea, eta tarterik txikiena uztean izugarrizko mina egin dezake. Espainiarrek 14. minutuan egin zuten erasoko lehen saialdia, eta baloiak, orduan ere, zutoina jo zuen. Diego Pablo Simeoneren jokalariak suspertuta zeuden.

Minutuetan aurrera, lehiak orekatzera egin bazuen ere, Realaren tantakako aukerek agerian uzten zuten etxekoen nagusitasuna. Atletico Madrilek falta eginda geratu zituzten etxekoak.

Harik eta Adnan Januzajek gola egin zuen arte. Lehen zatiko 32. minutuan aurretik jarri zituen txuri-urdinak; David Silvak eskuin hegalera jokatu zuen, Joseba Zalduarekin, eta donostiarraren erdiraketa buruz errematatu zuen Januzajek. Segundo batzuetako duda-mudaren ondoren, Alberola Rojas epaileak baleko eman zuen gola, baloiak ateko marra gainditu zuela iritzita. Festa lehertu zen Anoetan.

Atsedenaldira artean, Atletico Madrilek eduki zuen neurketa berdintzeko aukera, baina zutoinak ekidin zuen hori, beste behin.

Itzuli orduko, bigarrena

Realak nagusitasunez amaitu zuen lehen zatia, eta gisa berera ekin zion bigarrenari. Atsedenalditik itzuli orduko bigarren gola egin zuten etxekoek. Felipe Augustok akats handia egin zuen atzeko lerroan, eta Mikel Oiartzabalek baloia ostu zion. Alex Sorlothek jaso zuen, eta norvegiarrak oztoporik gabe egin zuen atera. Erraz egin zuen patxadaren gola; markagailuan bi goleko errenta eskuratuta, neurketak itxura bikaina hartu zuen Realarentzat.

Gainera, etxeko taldeak asmatu zuen joera horri segida ematen, eta hirugarren gola egiteko zenbait aukera eduki zituzten, zaleek hauspotuta. Aldiz, Atleticoren saialdi apurrak ez ziren balekoak izan. Neurketaren amaieran eroso aritu zen Reala, eta zaleek San Sebastian Martxa abestuz ospatu zuten kanporaketa gainditzea.

Partidaren aurretik, istiluak

Anoetako neurketa jokatu aitzin, zenbait istilu izan ziren estadioaren kanpoaldean. Atletico Madrilen autobusetako beirak kaltetu egin zituzten, eta Ertzaintzak esku hartu zuen. Halaber, Poliziaren iturriek azaldu dutenez, Atleticoko zale bat zauritu egin zuten. Amarako osasun zentroan jaso zuen arta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.