LIBURU AURRERAPENA

Nobela errealista bat

Taxizale batek argitaletxe baten enkargua jasoko du liburu bat idazteko; izan ere, nobela erdibidean utzita hil berri da hura lantzen ari zen idazlea. Horixe da Joxean Agirreren lan berriaren sinopsia. Hona eleberriaren pasarte bat, liburuaren aurrerapen moduan.

UDANE ANSA.
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Taxi barruan daramadan bezeroa adinekoa bada eta Eibar aldera eramateko agintzen badit, ezin izaten dut Mario Onaindiak bere oroitzapen liburuan gogoratzen duen gertakari hura aipatu gabe denbora askoan joan, bi destinoren arteko talka adierazten duelako. Mutikoa zela, Lekeitioko mertzedarioetan egon zen, bere ametsa misiolari izatea zelako, eta han Burgos inguruko ikaskide bat izan zuen, Hermosillakoa, euskaldunak gorroto zituena. Urteak igaro eta Bilboko komisarian atxilotuta zegoela, poliziaz jantzita aurkitu zuen ikaskide hura eta «zu Fernando Martinez zara, Hermosillakoa», esan zion eta lagunak ukatu egin zion. «Bai, gizona, urtarrilaren 12an egiten dituzu urteak», jarraitu zuen. Mariok ia astebete zeraman komisarian. Gorputza eta bereziki aurpegia erabat handituta zituen kolpeen ondorioz. Goitik behera begiratu zion poliziak eta, ezagutu izan ez balu bezala, galdeketa gelatik atera zen.

Pasadizo hori aipatzen dudan bakoitzean Imanol Arregi Iturbide pandero-jotzaileak kontatzen duen beste bat etorri ohi zait gogora. Bere bi osabek alde banatan egin zuten 36ko Gerra, eta Bizkaiko fronteetako batean gudariekin zebilena preso hartu zuten nazionalek. Preso zeramatenean beste anaiarekin egin zuen topo. Elkarri begiratu zioten, eta frankistekin zihoanak diosal gisa keinu bat egin zion buruarekin. «¿Quién era ése?», galdetu omen zion kapitainak, eta ez omen zuen ausardiarik izan anaia zela esateko, ezagun bat zela erantzun zion.

A!, eta eszena lazgarri hori aipatzeaz bat Iturbidetarren pasadizo alaiago bat ere kontatu behar izaten dut, kontakizun triste batek segidan alaiago bat eskatzen duelako: festazale amorratuak izaki, bai Imanol eta bai bere osabak, egun batean denak etxean afaltzen ari zirela, ezkondu zenetik 25 urte igaro zirela gogoratu zuen osaba batek, eta su gainean zegoen eltzeak ere, beraz, beste horrenbeste urte bazituela. Imanolen amak zartagin bat omen zuen eskuan, eta hark 50 urte zituela erantzun zion, etxez aldatu zirenean Errekarte baserritik ekarri zutelako Iturbidera. Pitin bat txundituta gelditu ziren denak, eta hala baldin bazen, zartagin horrek omenaldi bat merezi zuela erabaki zuten. Izendatutako egunean zartagina aldare moduko baten gainean jarri zuten lorez inguratuta eta, Otola (Otalora) soinu-jotzailea bertan zela, sekulakoa festa egin zuten.

Taxian daramadan bezeroa Gatika aldekoa bada, ez dut izaten Emeterio Elorduiren bizitza gogora ekarri gabeko onik, haren ibilbide alderraiak edo zoriak berak gerra batetik bestera eraman baitzuen. 36koa egin zuen lehenik, oso gaztea zela; munduko bigarrenak harrapatu zuen ondoren, eta nazien kontra zebilela hartu zuten preso Vichyko gobernukoek eta eraman zuten Bechar kontzentrazio eremura, Aljeriako desertura.

Oso gutxi ateratzen ziren bizirik eremu hartatik. Baina Euskal Herria ezagutzen zuen sarjentu bat egokitu zen bertan eta, presoaren abizena ikusirik, «zu euskalduna izango zara», esan zion, eta euskaldunek sukaldean duten famari esker salbatu zuen bizia Emeteriok.

Toyota Prius bat dut, hibridoa, beste taxizale askok bezala. Orduak ematen ditut bertan sartuta nire txandaren zain Loiuko aireportu atarian. Lankide gehienak sarera konektatuta edo futbolaz mintzatuz entretenitzen diren bitartean, nik biografiak irakurtzen ditut, gerrako eta gerra ondoko ekintzaileenak bereziki. Gudariei eta oro har Euskal Herriaren alde aritu diren ekintzaileei egiten diedan gorazarre gisako bat da hori eta, gainera, besteren bizitzetan beti aurkitzen dira argigarriak, harrigarriak edo eredugarriak diren pasadizoak, baita saihestu beharreko gertakariak ere, eta nire kasuan horiek bezeroekin partekatzen ditut. Autoa isila da. Motor elektrikoarekin doanean bereziki, gurpilen hotsa bakarrik entzuten da, intimitate halako bat sorrarazten du barrenean, eta isiltasunak, deserosoa bilakatzen zaigulako-edo, behartu egiten gaitu hitz egitera.

Taxizale batzuk beren bizitza kontatzen edo bezeroarenean arakatzen hasi ohi dira. Bezeroaren eskubideak urratzea dela deritzot horri. Nik lekuan lekuko ekintzaileen bizipenak eta ibilerak gogorarazten dizkiet, Francoren kontra borroka egin zutenen balentriak, Francoren kontra edo haren oinordekoen kontra ere bai, zer gero!

Txolarteetan lankideei ere kontatu izan dizkiet pasarte horiek, baina kexatu egiten zaizkit eta politika besterik ez dudala buruan esaten didate. Gainera, gertakari batzuk aise kontatzekoak izaten dira eta entzun egiten dituzte, baina badaude ondo kontatu ahal izateko denbora pixka bat eskatzen dutenak ere eta, luzatzen hasten banaiz, berehala hasten zaizkit isekak eta bromak egiten edo maiseatzen. Enpagugarria naizela esaten didate, edo gauza okerragoak ere bai, eta besteren bizitzetatik elikatzen naizela aurpegiratzen didate, auzokoen larreetan bazkatzen naizela, ez dudala alegia neure bizitza propiorik edo, beste modu batean esateko, nirea hain hutsala izanik, besteen soberakinekin betetzen dudala, haien bizitzak nirea baino interesgarriagoak balira bezala.

Bezeroek, ordea, irribarre batekin entzuten dituzte nire kontakizunak gehienetan. Hori bai, tentu handiz aukeratu behar izaten ditut pasadizoak. Hasieran gertatu izaten zitzaidan Mario Onaindiaren izena aipatu edo berdin dio Jon Idigorasena edo Xabier Arzalluzena, eta bidaideak ezpainak okertu, muzin keinu bat egin edo zapuztuta leihoko kristaletik kanpora begira jartzea ere. Denborarekin lehen begiratuan bakoitzaren jarrera politikoak asmatzen ikasi dut. Jarrera politiko finkatu gabea duten bidaiariekin, eta asko dira halakoak, bertsolari xelebre, trikitilari alproja edo artista berezien bizitzetatik ateratako pasadizoak erabiltzen hasi naiz, eskualde guztietan baitira halakoak. Eta badira urte batzuk ez dudala hanka-sartzerik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.