LIBURU AURRERAPENA

Aitaren etxea

Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakumeen eta gizonen bizitzetan duen eraginaz ari da Karmele Jaio nobela berrian. Baita familietan sortzen diren isiltasunez ere. Asteazkenean aurkeztuko du.

2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Nire bortxaketa deskribatu nuen. Inoiz gertatu ez bada ere, detaile guztiekin deskribatu nuen, eta paperean idatzita utzi. Hitzak denbora luzez nire buruan bere kabuz antolatzen ibili balira bezala irten ziren, errenkadan. Ziur naiz emakume guztiek egin ahal dugula, denek irudikatu dugulako inoiz gure bortxaketa, denek bizi izan dugulako amesgaizto hori. Denek sentitu dugulako inoiz kaletik arrisku hori geure buruan. Sorbaldan. Belarri atzeetan.

Nire bortxaketa —nire bortxaketa imajinarioa esan beharko nuke?— furgoneta baten ate irristatzailearen soinuarekin hasten da. Kaletik noa, gauez, pauso bakoitzari adi, etxeko giltzak esku barruan, haien ertzak atzamar tarteetatik aterata, badaezpada, eta, ras, furgoneta baten ate irristatzailea irekitzearekin batera han noa, besoak immobilizatuta, ahoa estalita, Aliziaren modura zulo beltz batetik behera. Iluntasunera. Eta zulo ilun horretan dena gertatzen da oso azkar eta oso geldi aldi berean. Saiatzen naiz belarri ondoko arnasestua gainetik kentzen, izterrak ixten, prakei orkatiletan eusten... Bi dira, edo hiru? Ez dakit. Eta une batetik aurrera ez dut indarrik egiten. Egiten uzten diet, giharrak laxatzen ditut, estutuz gero min handiagoa egingo didaten beldurrez, ahalik eta azkarren bakean utz nazaten desiratuz. Beti pentsatu izan dut guda baten erdian banengo hilarena egingo nukeela. Hildako gorpua naiz guda zelai batean.

Furgoneta baten ate irristatzailea. Nahikoa da ate bat irekitzea, azken tabernan «guapa» esaten dizun gizon baten ahotsa entzutetik, beste gizon baten —edo beraren?— ahotan «puta» hitza entzuteko, furgoneta baten barruan zaudela, erreminta kutxen artean indarrez etzanda, eskuak lotuta. Nahikoa da ate bat igarotzea, karroza zena kalabaza bihurtzeko. Kristalezko zapata apurtzeko.

Ras. Furgoneta baten ate irristatzailea. Soinua deskribatzearekin bakarrik, izuak nire gorputz guztia hartzen du. Nahikoa da soinu bat bihotza taupada bizian hasteko. Kuleroen gainean txiza egiteko.

Eta ez dakit zergatik idatzi nuen, zergatik deskribatu nuen, edo, hobeto esateko, ez dakit zergatik ez nuen bortxaketa hori lehenago nire barrutik atera eta deskribatu, eta idatzi, eta jaurti. Orain konturatzen bainaiz hor egon dela beti, nire azalean inkatuta, nire hezurretan infiltratuta, baina aldi berean ikusezin, normaltasunak estalia, trabestitua. Begientzako ikusezin, funtsezkoa den guztia bezala. Agian Eiderrek Iruñean igarotako gau madarikatu hartan sentitu nituen beldurrak eta haserreak piztu zidaten beharra. Agian beldurraren eta nazkaren nahasketa horrek atera zuen nire barruan aspaldi neraman zerbait. Gaztetan gauez ateratzen hasi ginenetik, edo agian lehenagotik.

—Abenidatik joaten bagara hobeto, Jaso —esaten zidan Libek—, argi gehiago dago.

Normala iruditzen zitzaigun beti azken tabernatik irten baino lehen etxera bueltatzeko estrategia pentsatuta edukitzea. Libe eta biok alde zaharrean ixten zuten azken tabernatik irten eta elkarrekin egiten genuen etxerako bidea, leku neutral batera iritsi arte. Gero elkar agurtu eta, bakarka egin beharreko ibilbidean, korrika egiteko gogoari eutsi behar izaten nion. Azkar baina lasterka hasi gabe egiten nuen bidea. Ez nion inori nire beldurra erakutsi nahi, ezta neure buruari ere. Nire beldurraren beldur nintzen. Ez nuen nire gorputz dardartiaz eta nire azal zuriaz ohartzerik nahi.

Estrategia guztiak genituen pentsatuta. Norbait atzetik segika sentituz gero, pausoa mantsotzea, adibidez.

—Aurreratzen bazaitu, ondo. Ez bazaitu aurreratzen, hasi korrika —esaten zidan Libek—. Bestela, leihoren batera begiratu eta eskuarekin agur esan, han goian norbait zure zain dagoela pentsa dezaten... Eta gauzak asko okertuz gero, badakizu, ostikoa barrabiletan eta korrika irten.

Zenbat ostiko eman ditugun barrabiletan ametsetan.

Nire bortxaketa deskribatu nuen eta pentsatu nuen: Ez gaituzte gehiago bortxatu, estratega batzuk izan garelako. Ez gaituzte gehiago behartu, kalean aurrez aurre aurkitu dugun gizon taldekoei begietara begiratzea saihestu dugulako, esan digutenari kasurik egin gabe eta burua beherantz, aurrera egin dugulako. Ez dute gure gorputza baimenik gabe gehiago igurtzi, ez garelako geratu azken orduko taberna ilun horietan, emakumeentzako segada horietan, jai giroan jarraitzeko gogoa bagenuen ere. Ez digute gauza gehiago egin, beldurrean heziak izan garelako eta beldurrak babestu gaituelako. Beldurrarekin defenditu garelako. Otsoen kontra.

Nire bortxaketaren deskribapena irakurtzean pentsatu nuen: arraioa, hau nire barru-barrutik irten da. Brastakoan, gabonzaharretako petardo baten antzera. Behin emaitza ikusita, harrituta geratu nintzen detaileen zehaztasunarekin, soinuekin, usainekin... Denak gordetzen nituen nire barruan. Pentsatu nuen: benetako bortxaketa bat gorde dut urtetan nire barruan, eta nire barrutik atera dudan arte ez naiz konturatu zenbateko lekua hartzen zuen han.

Nire bortxaketa imajinarioa deskribatzeak galdua uste nuen zerbait berreskuratzera eraman ninduen. Nire barruan lokartua uste nuen idazteko gogoa piztu zidan. Eszena hura deskribatu nuenetik, idazten jarraitu nuen, gauez egongelan geratzen hasi nintzen nire ordenagailu portatilarekin. Ismaeli laneko zerbait bukatu behar nuela esaten nion, edo irakurle-taldeko saioa prestatu behar nuela. Ez nion egia esan. Ez nintzen ausartu hasieran, eta gero eta zailagoa egiten zitzaidan egia esatea.

Emakume baten bortxaketa deskribatu ondoren, haren barruan denbora luzez gordetako hainbat min atera ziren. Bere isiltasunak eztanda egin zuen, eta berearekin nireak, gureak. Eta gureak diot emakumearen hitz bakoitzaren atzean beste hainbat emakumeren ahotsen oihartzuna sentitu nuelako. Lehen aldiz sentitu nuen nire gorputzak beste hainbat emakumeren gorputzen memoria gordetzen zuela, haien gorputzak nirean egon direla presente beti, belarrira xuxurlatuz une oro zer egin behar nuen eta zer ez, zertarako nuen baimena eta zertarako ez.

Nire bortxaketa deskribatzearekin, berriz hasi nintzen idazten, unibertsitate garaian bezala. Orduan Jauregiri erakusten nion idatzitakoa, aldizkarian argitaratzeko, eta Liberi, nire jarraitzaile sutsuenari. Oraingoan ez nion inori esan. Gutxiago Ismaeli. Ez dakit zergatik ez nintzen ausartu senarrari esaten berriz hasia nintzela idazten. Uneren batean esan beharko niola pentsatzen nuen, zama hura behingoz gainetik kentzeko. Baina ez nekien nola hartuko zuen. Azken finean, biok geneukan barneratuta bera dela etxe honetako idazlea, Ismael Alberdi, eta ni bere idazkiak zuzentzen dizkion emazte fina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.