Duela ehun urteko Irunera bidaiatuko dute gaur

Araitz Muguruza.
2014ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Lehen Mundu Gerra hasi eta hilabetera jaio zen Luis Mariano tenorra, 1914ko abuztuaren 13an, Irungo Aduana kalean; herrian etorkin gehien bizi zen auzoa zen garai hartan. Hura jaio zela ehun urte bete direlako berriz piztuko dute duela ehun urteko bizimodua, gaur, 20:00etan. «Luis Mariano gogoratuko dugu, baina antzerkiaren bidez hura jaio zenean Irunen zegoen giroa ere bai», azaldu du Mertxe Tranche historialariak. Ana Diez antzerki zuzendariarekin elkarlanean egin du Tranchek antzezlaneko gidoia.

Pertsonaia txikiz osatuta dago antzezlana. Ohiko egun bat antzeztuko dute. «Agertuko dira kale garbitzaileak gerrari buruz hizketan, esne saltzailea etxez etxe, ezkontzak... egun horretan agian kale hartatik igaro zen jendea», azaldu du Tranchek. Gerra garaiak garrantzi handia izango duela nabarmendu du, gertutik ezagutu baitzituen haren ondorioak. Presazko ezkontzak dira horren adibide. «Zenbait irundarrek nazionalitate frantsesa zuten; gerrara deituta zeuden horregatik. Ezkonduz gero, ordea, ez zuten hara joateko obligaziorik, eta gerratik libratzeko aukera izaten zuten». Gai sozial gehiago ere agertuko dira, janariaren eta etxebizitzen garestitzea eta ondoriozko kontrabandoa, adibidez.

Hamabost pertsonaiaren rola jokatuko dute aktoreek, eta beste 75 lagunek egingo dituzte figurante lanak. Herritarren parte hartzea da, hain zuzen, antzezlanaren berezitasuna, Trancheren arabera. Euskaraz eta gaztelaniaz egingo dute. «Gogoan izan behar da Aduana kalea etorkinen bizitokia ere bazela; gaztelania asko entzuten den inguru bat da».

Zabaltza plazan, berriz, musika eta antzerkia uztartuko dituzte. Irungo musika bandak Luis Marianoren abestiak interpretatuko ditu, eta garai hartako dantzaldia antzeztuko du Artes Verbenicas taldeak. Hala ere, herritarrek han parte hartzeko aukera izango dute: hori bai, Tranchek garai hartako janzkeran joateko gonbita egin du. Ekitaldiei amaiera emateko, El cantor de México filma emango dute, Junkal plazan. Luis Marianoren ibilbide profesionaleko ikuskizunik ezagunetarikoa delako hautatu dute.

Luis Mariano elkarte lirikoak, bestalde, Hamar urte opera Irunen erakusketa irekiko du gaur arratsaldean. Luis Marianoren musika ibilbideko kartelak, argazkiak eta operen programan jarriko dituzte ikusgai.

Musika Hamabostaldiak ere omenduko du Luis Mariano, De Irún al mundo opereta biografikoaren emanaldiarekin. Larunbatean izango da, hilak 16, 22:00etan, Irungo Ficoba aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.