LIBURU AURRERAPENA

VHS

Etzi aurkeztuko du Oier Guillanek (Errenteria, 1975) 'VHS' (Susa) bere bigarren nobela. Victor aktorea Madrilen hil zen, auto istripuz, eta, kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatu du heriotza hura ikertzeko. Hau da liburuko pasarte bat.

IDOIA BERATARBIDE.
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Zertara etorri zara hona?— Inork egin ez duen hilketa bat argitzera. Isilik geratu nintzen. Ez zitzaidan piperrik inporta esateko zuena, are gutxiago planta horrekin, mundua aldatzeko kapaz dela uste duen ahots tonu horrekin. Baina ilehoria zen, eta ilehoriak beti izan dira nire debilidadea. Behar zen guztia ordaintzeko prest zegoela esan zidan, eta nik sinetsi. Bere hurrengo liburua niri eskainia egotea eskatu nion, beti gehitzen diodalako tasa intimoa berezko tarifari. Detektibe emozionala naiz, azken batean. Onartu egin zuen. Kasua hartu eta, noski, erresolbituz gero nire izena jarriko zuen bere hurrengo liburuaren hasieran: Aitziber. Ekonomikoki detektibe pribatuen lan-hitzarmenari atxikiko nintzaiola esan nion bestela, detektibe emozionalaren jarduna ez dagoelako erregulatua. Ez zuen eragozpenik jarri.

— Eser zaitez. Konta iezadazu guztia.

— Guztia?

— Guztia.

Iraganak jaten ematen dit. Orainaldiak baita ere. Oraindik ez zait inor etorri etorkizunaz galdezka. Batzuetan galdetzen diot neure buruari detektibe beharrean ez ote nuen medium izan behar, edo igarlea. Baina detektibe izateak badu beti desiratu dudan zerbait: off-eko ahotsa. Beti eduki nahi izan dut off-eko ahots bat nire bizitzan. Are gehiago, off-eko ahots bat izan nahiko nuke, jendeari belarrira hitz egin ahots sakoneko poeta bat banintz bezala. Gertrude Stein, edo Leonard Cohen.

Zigarro bat isiotu zuen. Eztulka hasi zen.

— Off, off, off... —ur baso bat eman nion. Ez pentsa akats gramatikal bat denik. Ur baso bat eman nion, ez baso bat ur, tentsioa sortu eta nire terrenora eramatearren. Ez zuen ulertu keinua, are gehiago, tontakeria bat egin banu bezala begiratu zidan. Agian arrazoia zuen. Estrategiaz aldatu nuen— duela hogeita... off, off, off.

Hitzek uko egiten zioten ateratzeari. Hitzek nori huts egingo eta intelektual bati. Nik banekien berak ez zekiela nik banekiela berak ez zekiela nik banekiela bera nor zen. Berria irakurtzen baduzu ez da hain zaila euskal intelektual bat nor den jakitea, ohituta nengoen bere aurpegia iritzi artikuluen atalean ikusten, nahiz eta ez nion ia inoiz alerik irakurri. Ezin ditut jasan intelektualak, ez idatziz eta ezta aurrez aurre ere, ez naiz inolako intelektualez fio patetiko ikusten ditudan arte, humano, maskararik gabeko. Orduan interesgarriak hasten dira izaten. Penagarria iruditu zitzaidan nire aurrean agertzen zuen ezintasuna, beraz, kariñoa hartu nion.

— Duela hogeita hiru urte hasi zen dena —ekin zion atzera, oraingoan bai, ile xerlo beilegiak laztanduz kea botatzearekin batera.

Sumatzen zen ohituta zegoela elkarrizketak ematera, publiko aurrean agertzera, bere zale sutsua ez den entzulea ingurumari luzeegiekin aspertzera. Arreta jartzera derrigortu nuen neure burua, kostata. Pixkanaka bera izan zen bere kontakizunaren amaraunean kulunkatu ninduena. Kasua hartuko nuen, noski. Berari berehala aitortu ez arren segituan jakin nuen hala izango zela. Zer egingo diogu ba, lehenago ere esan dizuet zein den nire debilidadea: alkandoraren goiko botoien artetik su-jauzi baten moduan irteten zitzaizkion bularreko ile hori joriak.

— Duela hemeretzi urte gertatutako heriotza bat argitu nahi nuke —ekin zion, azkenean, Ilehoriak.

— Hilketa bat? —asperdura puntu batez, nik.

— Ez dakit.

— Zein izan zen ba hildakoa?

— Nire lagun bat. Victor.

— Eta non hil zen?

— Madrilgo errepide batean, bere autoaren barruan.

— Istripua beraz?

— Ez dakit.

— Zer esan nahi duzu?

— Heriotza hori argitzera nator.

— Zerbaiten susmorik baduzu, beraz.

— Bai.

— Zergatik?

— Autoarekin errepide bazterra kolpatuta hil zenean pailazoz jantzita zegoen.

— Pailazoz jantzita?

— Bai.

— Eta hori arraroa da?

— Bera pailazoa zen.

— Lanera zihoan beraz?

— Ez.

— Orduan?

— Bera pailazoa zen.

— Ez dakit ondo ulertu dudan.

— Berdin dio. Kontratatu egin nahi zaitut.

— Zertarako?

— Heriotza argitzeko.

— Zergatik?

— Irudi beldurgarriegia delako.

— Zein.

— Pailazoarena.

— Pailazoarena?

— Pailazo bat errepidearen kontra zanpaturik gauean.

Nekatu egiten naiz elkarrizketa harekin akordatzearekin soilik. Kasua onartu nuen, betiere nire erritmora, nire metodoen arabera ibiltzeko prest baldin bazegoen. Baiezkoa eman zidan Ilehoriak. Ezin nion bekainetara begiratzeari utzi. Mihia pasatuko nioke bekainetatik. Esango nuke jendeteriak oraindik deskubritu gabeko zona erogeno bakarra dela: bekainak hozkatzea, ezpainetako xurgatzailea abiadura maximoan jarrita.

Hildako pailazoaren kasua onartu eta gero grabagailua prestatu nuen. Ez nuen xehetasunik galdu nahi. Nire kalkuluen arabera, eta Ilehoriak kontatutakoen harira, Victor delakoa 2001ean hil zen Madrilgo errepide batean. Datu hori izan zen ikerketa hau egin ahal izateko lehen materiala. Liburu honen egilearen testigantzatik erauzitakoa. Eta hauxe da, guk dakigula, fikziozko pertsonaia batek bera agertzen den liburuko idazlea interrogatzen duen lehen aldia euskal literaturan. Literaturan oro har ere, esango nuke, baina fanzine gehiegi dago jendeteriaren historian, ahanztura kultural gehiegi, informazio autobiografiko inkontziente gehiegi fikzioan eta fikzio gehiegi inkontzientean.

Neure buruari galdetzen diot kapaza izango ote naizen gerora grabagailua entzunda masturbazioa ekiditeko, Ilehoriaren bekainak gogoan. Ez dakit. Hasi orduko erantzunik gabeko galdera gehiegi dago kasu honetan. Rec.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.