LIBURU AURRERAPENA

Odolekoak

Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968) lehen nobela idatzi du. Iruñeko familia baten historia aletzen du, hiru belaunalditan, Matilderen, Teresaren eta Amaiaren bitartez. 1941etik gaurdainoko gertakariak eta bizialdiak kontatzen ditu.

IRUNE IZQUIERDO.
2020ko urriaren 31
00:00
Entzun
Hondartza ertzean paseatuz hurbiltasun gehixeago izango duten ilusioarekin antolatu du eztei-bidaia Segundok. Emazte berria txunditu nahian, Biarritzeko Ho?tel Miramar-eko ezkon-suitea erreserbatu du, hondartzaren oin-oinean. Matildek ez du itsasoa inoiz ikusi.

Bartzelonako lantegian kanoi berriak egiten hasita daude eta, armada alemanari saltzeko asmoz, haien berri emateko baliatuko du Segundok egonaldia. Auto-salmentak asko jaitsita daude Espainian eta, ziur aski, Hitlerren gobernua arma berrien beharrean egongo da sobietarren aurka borro- kan jarraitzeko. Herman Kummer du izena harremanetan jarri behar duen bitartekariak.

Erregimenaren kon antzazko eta begikoa izanik, ara-zorik gabe eskuratu du Gobernazioan muga igarotzeko baimena. Senar-emazte berriek Hispano-Suiza zurian egin zuten atzo bidea, ehun eta berrogeita hamar kilometro luze. Autoa hotelaren sarreran utzi eta handiuste sartu zen Segundo hallean, emaztearen besotik helduta, mandatu-mutilari ekipajeaz arduratzeko agindu ondoren. Matildek Balentziagaren puntuzko soineko arrosa argi bat zeraman jantzita, Parisetik berariaz ekarria.

Afalostean, nekearen aitzakiarekin ekidin zuen Matildek ezkontzako eginbeharra, eta zapuztuta baina, Segundok ez zuen hartu nahi izan emazte berriaren gogoz kontra berezko eskubidez galdegin zezakeena. Gaur, ordea, afalondoren, logelara erretiratu direnean, Matildek badaki ezingo diola Segundoren sexu-grinari itzuri egin.

Senarra zain dauka ohean eserita. Bainugelan, ispiluari begira, Matildek zilarrezko perlak kendu eta bitxiontzian gorde ditu. Soinekoa eta barruko arropa erantzi eta satinezko kamisoi zuria jantzi du. Ia ilunpetan dago gela; ohe-mahaiko argi txiki batek argitzen du ozta-ozta. Matilde ohean sartu eta geldi-geldi geratu da. Segundok arropak erantzi bitartean, begiak alboratu ditu: ez du inoiz gizonezkorik biluzik ikusi. Ohean sartu orduko nabaritu du senarraren larruazal iletsuaren igurtzia. Segundo musuka hasi zaio mihia ahoan sartuz. Ezpain bustiak lepo aldean jarri eta bizar hasiberriak azala urratzen dio; nazka ematen dio zigarro usainak. Segundok kamisoiaren botoiak askatu eta eskuekin bularrak bilatu dizkio. Saiatzen da titiburuak ferekatzen baina Matildek eskuak kentzen dizkio. Beste itzulingururik gabe, beraz, oldarrez jarri zaio Segundo gainean eta, kamisoia altxatzean, izterrak ireki eta belaunak tolestu behar ditu Matildek, bulkadei amore emanez, zakila hankartean bultzaka duela. Ihes egin nahiko luke; lehor dago eta gerria kurbatzen du minez. Segundo aldakei eraginez kulunkatzen da atzera eta aurrera, arnasots gero eta larriagoz, zarrastak aiztoa balitz bezala emazte estreinatu berria zauritu duen arte. Matildek ez du zirkinik egin, amorruzko malkoei eusten dien artean. Intziri motz bat eginez, Segundo bere gainean erori da oso-osoan.

Gainetik kentzeko bultza egin eta, askatzean, bainugelara altxatu da Matilde. Alura eraman ditu hatzak: hankartea minbera dauka. Hazi eta odol hondarrak garbitzean, ne- garrari eman dio saminki, zotina eskuoihal batean isilduz. Segundok ondo al dagoen galdetu dio. Ez du negarrez ari dela jakiterik nahi, eta erantzun dio ahotsean ikararik gabe itzal dezala atzera argia. Kuleroak eta bularretakoa jantzi eta kamisoiaren botoiak goraino lotu ditu. Ilea txukundu eta hautsak eman ditu aurpegian. Senarrak ez du ez orain ez inoiz umiliatuta ikusiko. Ohera itzuli da, gertatutakoa sekula jazo ez balitz bezala. Ezkontzako eginbeharra zen eta konplitu du.

Bart gaueko lehen aldiari aipamen txikienik egin gabe, senar-emazteak logelan gosaltzen ari dira, mutu biak. Esnatu berritan, Matilderen aldarte txarrak eta erantzun petralek atsekabetuta daukate Segundo; bart ez zion batere desiorik antzeman. Matildek gosaria jasotzera etorri den gelazainari sartzeko baimena emateko bakarrik hitz egin du. Neska gazteak estropezu egin du atea irekitzean eta erretilua irauli zaio, portzelanazko pieza batzuk apurtuz.

Egongelara jaitsi direnean, Matilde zerbitzariaren baldarkeriaz kexatu zaio hoteleko zuzendariari. Mahaietako batean, egunkaria irakurtzen Herman Kummer dago eta, bikotea ikusi duelarik, hurbiltzeko keinua egin eta berarekin esertzera gonbidatu ditu. Matilderi eskuan muin eginez, beraren edertasuna goraipatu du. Albait irribarrerik limurtzaileena eskaini dio Matildek. Segundok, mintzagai egokiren bat hartu nahian, Alemaniara bidean Frantziara iristen ari diren Dibisio Urdineko tropak aipatu ditu: «Hilabete da Irun?eko tren-geltokitik soldaduz betetako konboi militar bat irten zela». Gerra kontuak beste baterako uzteko esanez moztu dio bi metro garai izango den gizon lerdenak, eta Matilderi zuzendu zaio, itxurati: «Esadazu, gustuko al duzu Biarritz? Ezkon-bidaiaz gozatzen ari al zara?». Segidan, hiriaren edertasuna goraipatu du, Europako giro liskartsuan paradisu bat dela azpimarratuz. Mahaitik altxatu aurretik, arratsaldeko hitzordua gogorarazi dio Segundori.

Bakarrik gelditu direlarik, hondartzara joatea proposatu dio Segundok, oraindik bainujantzia ez duela estreinatu gogoratuz. «Ez duzu pentsatuko bainu-bata kenduko dudanik», dio Matildek zital. «Hemen ohiturak ez dira Espainian bezain zorrotzak», erantzun dio Segundok. «Ba, izan beharko lukete», arrapostu dio Matildek gogor. Segundori tamainako zentzugabekeria iruditu zitzaion apezpikuari pulpitutik esaten entzutea bainujantzian doan emakume bati begiratzea perbertsioa zela, baina honezkero ondo ikasia du bere iritziak isiltzen, emaztearen begietara gizon galbideratu bat eman nahi ez badu.

Aperitiboaren orduan, hondartza-ertzean paseatzen diren frantsesita nasaiak gogotik larrutu ditu Matildek, batez ere haurren kargu dauden zaintzaile gazteak. Gainera, emakumezko soldadu alemanak benetan desatseginak iruditu zaizkio: «Uniforme gris lakar horiek jantzita, emakume direnik ere ez dute ematen».

Hiru egun baino ez dira igaro, eta Matilde kexu da itsasertzeko hotz-giroaz; hezetasunak buruko mina eragiten omen dio. Itzuli egin nahi du, lehenbailehen; eguna aurreratzeko eskatu dio Segundori. Isilean, badu kezka bat erraiak erretzen: haurdundu ote den.

Mugan, Guardia Zibilak bikotearen agiriak aztertu eta aurrera egiten utzi die. Segundok atsekabeturik gidatzen du autoa etxerantz. Azken ekinaldi bat egin du emazteari atsegin emateko: «Matilde, gustatuko al litzaizuke autoa gidatzen ikastea? Nahiko bazenu, erakutsiko nizuke». «Ez esan tontakeriarik» aurpegiratu dio. Segundok esan dio bere baimenarekin ez lukeela eragozpenik izango. «Ohitura onek galarazten dute, ordea. Nik badaukat, behar izandakoan, autoan eraman eta ekarriko nauen senarra. Ez al da hala?», egin dio desafio Segundori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.