LIBURU AURRERAPENA

Ipuina engainua da —Eskola segregazioa—

Ipuingintzaren aldarrikatzailea eta praktikatzailea da Iban Zaldua (Donostia, 1966), eta horren adibide garbia da haren azkeneko liburua ere. Hamazazpi ipuin jaso ditu hartan, gai ugari jorratzen dituztenak: bikote arazoak, sare sozialak, pop musika...

GORKA ARANBURU.
Iban Zaldua.
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Mireia ezpain-margoan ukituak egiten topatu du, pintzel txikiaren mugimenduak ispilutxo batean jarraitzen dituela, ezaxolati, kafetegiko gainontzeko bezeroek kasu egiten dioten ala ez kontuan hartu gabe. Juneri ez zaio kolorea, arrosa argiegia, gehiegi gustatu. Bere burua zuzendu du berehala: ez zait kolorea niretzat gustatzen. Baina Mireiari ondo geratzen zaio, beti bezala. Mireiari dena geratzen zaio ondo.

Haren parean dagoen aulki librean eseri da June, eta, berehala, norberaren aulkitik pixka bat altxatuz, muxu arin bat eman diote elkarri masailean.

Luze daramazu itxaroten?

Ez, duela gutxi iritsi naiz.

Zer moduz bidaia?

Ondo. Forondan taxi bat topatzea kostatu zait, baina.

Bai, beti berdin, neska. Pasatu al zara...?

Ez, ez dit astirik eman; zuzenean etorri naiz hona —Mireiak aulki ondoan daukan Samsonite distiratsua seinalatu du—. Denbora nahikoa izango genuela pentsatu dut...

Zerbitzariak moztu du elkarrizketa; irribarre ederra zuzendu die biei, zer hartuko duten galdetu bitartean. Mireiak latte machiatto bat eskatu dio, eta June Jameson kopa bat eskatzeko zorian egon da, jelarik gabe, baina gero orduaz oroitu eta lotsa pixka bat eman dio; azkenean kafe amerikano bat izan da bere aukera, gaurko hirugarrena. Berehala damutu da, lehenengo hurrupa edan bezain laster.

Ez diozu ezer esan, June. Zu, beti bezain antipatika dio Mireiak burlaizez, koilaratxoarekin aparra hartu bitartean.

Esan? Zer? Nori?

Yusefi, emakumea. Ez didazu esango ez duzula ezagutu, ezta?

Zerbitzaria? Yusef?

Bai, institutukoa. Zure gelakoa. 3. DBHn.

Joder, ba ez dut ezagutu.

Berak zu bai, ordea.

Geldi hor, Mireia: badakit zer egiten saiatzen ari zaren. Ez nauzu errudun sentiaraziko: ez dut ezagutu, eta kito. Gainera, ez ginen adiskideak ere, soilik gelakideak. Eta batxilergoan ez zuen institutuan jarraitu.

Ya.

Zuk ere agurtu zenezakeen.

Bera ez zen sekula egon nire gelan. Gogoratu zu baino kurtso bat beherago nindoala.

Hasieran: gero bi beherago—murduskatu du Junek.

Berehala atsekabetu da Mireiari errepikatzailea izan zela gogorarazi izanaz. Zorionez, ez dio gaiari heldu, eta zerbitzariaz hitz egiten jarraitu du.

Goapo dago.

Ez naiz fijatu —erantzun du Junek, eta egia da, zerbitzariaren irribarre zuri zabalaz baino ez da gogoratzen, Yusef goapo egon daitekeenik burutik pasatzen ez bazaio ere, institutuan zebiltzanean itsusi mortala iruditzen bai- tzitzaion.

Zerbait esan beharko zenioke kobratzera itzultzen denean.

Junek sekula ez daki Mireiak halakoak fede txarrez botatzen dituen ala besterik gabe. Orain urduri egongo da Yusef bueltatu arte, zer esan asmatzeko ezgai. Izan ere, institutu hura gorroto zuen: eraikin itsusia, altzari zaharkituak, irakasle urtetsuak, ikaskide zalapartatsuegiak. Be- rak ikastolara joan nahi zuen, Kontserbatorioko hari-laukoteko bere adiskide Sofia bezala, baina gurasoek, hippie alproja haiek, eskola publikoaren aldeko beren erretolika guztiarekin, ez zioketen sekula utziko. Ezta inoiz bere desioa haiei adieraztera iritsi izan balitz ere. Egin ez zuena, etxeko neska esaneko eta ikastunari zegokion bezala.

Protestatu ez zuen bezala, aita hil eta amak proposatu zienean, testamentuaren arabera oinordetzan zegozkien haren diruak ez banatzea —erdiaren erdia Junerentzat eta beste erdia Mireiarentzat— eta guztia amari berari uztea, baita Beato Tomas de Zumarraga kaleko etxebizitzaren usufruktua ere. Mireiari oso ondo iruditu zitzaion amaren proposamena, premiarik ez baitzuen batere. Berari, ondorioz, ondo iruditu behar izan zitzaion, orobat.

Zer moduz lana? galdetu dio, denbora egitearren, Mireiari.

Topera. Leku batetik bestera, gelditu gabe. Chamberi?ko etxea ez dut zapaltzen ia. Jope, badakizu nor aurkitu nuen aurrekoan Shanghain? Iker Urbistondo. Pudong aldeko kokteleria batean nengoen ordezkaritzakoekin, eta hara non agertu zen bera; beste bilera batetik zetorren bezeroekin batera. Ez al zaizu kasualitate galanta iruditzen? Shanghain, neska: hiri hura erraldoia da... Halako zerbaiten probabilitateak ikaragarri txikia izan behar du...

Izenaren aditzea badu, nahiz eta aurpegirik ez dion jartzen morroi hari. Olabideko Mireiaren ikaskide bat izango da, zalantzarik gabe. Aberaskume haietako bat. Mireia bai joan zelako Olabide ikastolara, kurtsoa errepikatzeagatik hain zuzen ere: gurasoek beren diskurtso progre guztia irentsi eta, «Mireia gajoaren hobe beharrez», hara bidali zuten DBHko 4. kurtsoa errepikatzera; «ikasleen martxa hobeto zaintzen dute han, gainean dauzkate irakasleak». Oztopo handiekin gainditu zuen ikasturte hura, baita batxilergoko biak ere, baina ez zuen berriro errepikatu, eta, etxeko guztion harridurarako, bikain moldatu zen karreran zehar, Deustun, eta, ondoren, ESADEn egin zuen masterrean.

Urbistondo hori bezala, bidean etengabe gurutzatzen zaizkio Mireiari Olabiden ezagutu zituen ikaskide haiek, bera baino urtebete gazteagoak denak. Eta haien senideak, eta haien adiskideak, eta haien sozioak. Lehenengo lanpostua haietako baten bitartez lortu zuen, maiz gogorarazten zuen bezala, kontuari garrantzi handirik eman gabe baina.

Horretan pentsatzen ari dela, Junek ez du entzun bere ahizparen galdera. Errepikatu egin behar izan dio:

Ea zu zer moduz lanean...

Ondo —ez da guztiz egia: aurten talde bereziki zail baten tutorea da, eta oraindik ez daki nola moldatuko den hamahiru urteko piztia horiekin guztiekin. Batez ere Janet eta Valentinarekin: ziur dago haiek ez baleude gelako gi- roa ezberdina izango litzatekeela. Izan ere, beste taldeekin ez du hainbeste arazo. Nahiz eta, azkenean, beti moldatzen den. Behintzat, kontsolatzen du bere burua, sekula ez zaio egokitu bere institutu zaharrean eskolak ematea. Oraingoz behintzat. Seguru han daudela oraindik altzari zaharkitu haiek guztiak. Nekez jasango luke patuaren ironia hori.

Nahi duzunean joan gaitezke ospitalera —gehitu du Junek, bere kafe kikara hustu ondoren—. Lehenbailehen amaitu nahi nuke.

Gaur bertan izan behar du?—galdetu du Mireiak—. Nik pentsatzen nuen... Azken finean, egun batzuk gehiago gera naiteke...

Lanean baimen gehiegi eskatu ditut honezkero«Zu kanpoan bizi zarelako» gehitzeko gogoa izan du Junek, baina garaiz eutsi dio mingainari—. Gainera, horrela genuen adostuta, ezta? Ondo baino hobeto dakizu zein den egoera.

Hala ere, tira, pixka bat itxaron genezake. Esan dizut, niri ez zait inporta... Beste egun bat edo birengatik... Haren ondoan pixka bat egotearren...

Amaren bizi-testamentuaren baldintzak argiak dira, Mireia: honetara iritsiz gero, deskonektatu eta kito. Nahikoa atzeratu dugu jada unea, zu garaiz irits zintezen.

Mireia isilik geratu da, zerbait esatera doala dirudien arren.

Une horretan iritsi da kontuarekin, lehengoa baino irribarre are zabalagoarekin, Yusef. Eta June ohartu da oraindik ez duela pentsatu zer demontre esango dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.