LIBURU AURRERAPENA

Derbia

Hamabosgarren eleberria du 'Derbia' Joan Mari Irigoienek (Altza, Donostia, 1948). Plaza berean bizi diren bi bikote ditu protagonista; realzale amorratua bata, athleticzale sutsua bestea. Irigoienek umorez begiratzen die, garaion satira bat ere eginez.

2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Non kontatzen den nola ezagutu zuten elkar Txefek eta Klarak, tartean direla pintura-erakusketak, sindikalisten manifak eta Bibliako istorioak

Txefe Biain eta Klara Idarreta, Telmo Uriona eta Genoveva Aizpurua: bi bikote, Donostiako Kross auzoan bizi zirenak, kale berean —bikote bat alde batean; bestea bestean—, halako moldez, non bi aldeek, azken buruan, espazio huts bat ere konfiguratzen duten, bertako bizilagunek arnaslekutzat dutena; are gehiago: Donostiako maparik zehatzenetan ere agertzen ez den espazio txiki hari, hondarrean, zazpi laguneko kuadrilla batek eman zion izena, zazpiok inguru hartan txikiteoan zebiltzan bitartean. «Egia da Plaza hau txikia dela, baina izenen bat mereziko luke, ezta?», esan zuen zazpietako batek. «Bai! Plaza txikia da, eta zer iruditzen zaizue Liliput Plaza...?», esan zuen beste batek. Kuadrilla hamargarren baxoerdian zebilen, eta beste txikitero batek —kalamatrikan espezialista— esan zuen: «Niri, Gibraltarren jaio ez nintzelako beharbada, ez zaizkit anglizismoak gustatzen, eta zer iruditzen zaizue Liliput horri buztana moztuko bagenio? Horrela, Lili Plaza geldituko litzateke, askoz ekologikoagoa». «Niri gustatzen zait Lili Plaza, baina nahiago nuke Lulu, exotikoagoa delako, eta Donostia bezalako hiri turistiko batentzat egokiagoa, nik uste...». Orduan, baina, eztabaida moduko bat sortu zen, zazpi txikiteroen artean, batzuek nahiago baitzuten Lili eta besteek Lulu, harik eta taldeburu zirudiena honela mintzatu zen arte: «Botazioa!». Hala, bada, egin zuten botazioa eskua altxatuta, eta honakoa izan zen emaitza: hiru Lili Plazaren alde, eta lau Lulu Plazaren alde. Eta taldeburu zirudienak erabaki zuen: «Ikusi duzuenez, zazpion artean ezin demokratikokiago aukeratu dugu izena, eta orain auzoan zabaltzea falta zaigu, ahoz ahoko operazioan».

Bada, horixe da kontua, bi bikoteak Lulu Plazaren inguruan bizi zirela, elkarrengandik hurbil: hain hurbil, non haien etxebizitzek bai baitzuten, halaber, balkoi bana, baita leiho bat edo beste ere, nondik batzuek eta besteek elkar ikus baitzezaketen; badira, ordea, hurbiltasuna adierazteko beste modu batzuk: hauen artean, lokuzio ezagun bat —harri ukaldi batera bizi ziren elkarrengandik—: bi aukera zituzten, beraz, gure protagonistek... egin ere egin zuten bigarren aukeraren alde: nobela hastera doan une honetan, bikoteok ez zioten elkarri hitz egiten behintzat, ez Txefe Biainek eta Klara Idarretak Telmo Urionari eta Genoveva Aizpuruari, ez hauek haiei.

Eta, hala ere, haien arteko harremanak ez ziren beti halakoak izan, tirabirak noiznahi izan bazituzten ere: nola ez zituzten, bada, tirabirak izango, baldin eta Txefe eta Klara errealzaleak baziren, eta Telmo eta Geno athleticzaleak, zein baino zein konbentzituagoak eta sutsuagoak... eta baldin eta bai batzuek eta bai besteek ahaztuta bazuten Athleticeko eta Errealeko jokalariek Atotxako estadioan ikurrina atera zuten eguna —1976-XII-6a—, Kortabarria, Uranga eta Iribarren eskutik, bi taldeak bat eginik? Zeren, orduan bai, halako hurbilketa bat izan baitzen bi bikoteen artean: hurbilketa gorabeheratsua, jakina, noiznahi apur zitekeena, nola apurtu baitzen, erremediorik gabe, Joseba Etxeberria Elgoibarko jokalari apartaren afera jazo zenean...

Izan ere, jokalari gaztea zen Etxebe, Errealeko jubeniletan aritzen zena eta futbol-izar izateko bidean zegoena, errealzaleen promesa eta etorkizuna. Athleticeko eta Errealeko zuzendaritzekin izandako ageriko nahiz ezkutuko negoziazio luze batzuen ondoren, alabaina, Athleticek bereganatu zuen mutila, 1995ean. Eta Txefe, noski, irratiak emandako berri hura entzun zuenean, bere onetik atera zen. Eta nola une hartan etxeko dutxan baitzegoen, esku-irratia komuneko ur-gordailuaren gainean ipinia, eta nola, bestalde, berria jakin orduko emazteari jakinarazteko gogo bizia piztu baitzitzaion, hala, dutxatik irten eta bainugelako atea ireki zuen, gorputza uretan eta xaboi-aparretan blai.

Entzun al duzu lurrikara? oihu egin zion Klarari.

Baina, Klararen erantzunik entzun ez zuelarik, aurrera ekin zion —plisti-plasta eta plisti-plasta—, sukalderaino lehenik, egongelaraino gero, non baitzeuden Klara eta Josetxo telebistaren aurrean.

Entzun al duzu lurrikara? errepikatu zuen Txefek ozenki.

Ezustekoarekin, susto batean zutitu zen Klara. Josetxok, berriz, etxekojaunari ongietorria egiteko-edo, harengana egin zuen jauzi zaunka txiki batzuen artean, jostalari... nahiz eta txakurrak hasi bezain laster utzi behar izan zuen bere jardun hura, Txeferen haserre-oihuak entzunda:

Geldi, Josetxo! Baina hik ez al dakik zer den lurrikara bat?

Lurrikara bat esan duzu, Txefe? Baita zera ere...! Nik, behintzat, ez dut ezer nabaritu ihardetsi zion Klarak, urduri; eta, hormako koadro handiari erreparatzen ziola, erantsi zuen: Eta Van Goghen bodegoia bere lekuan dago: txarroa behintzat ez da hautsi; eta ekiloreak hor daude, beti bezala…

Zure Van Goghen kopia hori zutik dagoela esaten didazu, eta lasai geratzen zara...? Ez al dakizu, baina, badirela lurrikarak, baita bonbardaketak ere, vangogh baten osasuna nekez neur dezaketenak? Izan ere, alemanek Gernika bonbardatu zuten, bai, baina bizkaitarrek ongi ikasi zuten lezioa, eta orain beraiek bonbardatu gaituzte giputzok, minik handiena egin diezaguketen lekuan! istantean erantzun zion senarrak.

Klara ez zen aklaratzen. Baina, aklaratzen ez zen arren, berehala ohartu zen nola ur-tanta apardunek egiten zuten, bai Txeferen bularraldeko azalean behera eta bai haren zangoetako irristalekuetan behera ere, zoruan putzu txikiak osatuz. Gutxi kostatzen zitzaion, bada, berari —Klarari— etxea apaizaren patena baino garbiagoa edukitzea, senarrak era hartan zikintzeko!

Txefe: zoaz berriro dutxara, etxea kuxidade bat egina utzi nahi ez baduzu behintzat! esan zion, begiak zeruraino zabalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.