LIBURU AURRERAPENA

Gilles de Rais

Anjel Lertxundik hirugarren karlistadan girotu du 'Gilles de Rais' eleberri laburra, artisten eta soldaduen arteko harreman beti zailean mugitzen diren pertsonaiek ehundutako istorio batean. Datorren astean aurkeztuko du Alberdania argitaletxeak.

ALBERDANIA.
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Vaudeville batetik ateratakoak ziruditen aire xanfarineko bi gizon etorri zitzaizkidan bisitan militar jantzian. Barre egiteko gogoari eutsi behar izan nion. Helduenak ezpata bat zeraman, gerrikotik zintzilik, eta menta-hosto bat ezpain-ertzean. Lagunak, berriz, karpeta bat besapean. Ez nituen ezagutzen. Ezpatadunak bere burua aurkeztu zuen, gero lagunarena. Urbina koronela. Lizartza edekana. Militar karlistak.

Urbina mintzatu zen:

—Eskaintza bat dakargu karlisten ejertzitoko buruzagien partetik.

—Eskaintza… antzerkilari bati? —galdetu nion ezohiko eskaintzarekin harrituta.

Militar karlistak zirela esan zidan Urbinak berriro, eta nik ondo ulertzen ez nuen gerra dinastiko baten nondik-norako batzuk kontatzen ari zitzaidan ahoko zuloan etenik gabeko hitz-txorrota bat baleuka bezala. Esaten zizkidan erdiak ez nituen ulertzen, eta beste erdiak ez nituen ulertu nahi. Harrigarria egiten zitzaidan Bordeletik Montpellier-eraino ni bisitatzera etorri izana, artean apenas nekien-eta ezer karlisten existentziaz eta haien gerraz; lan-eskaintza bat egin nahi zidatela entzun izana, berriz, are gutxiago ulertzen nuen. Nitaz informaziorik bildu bazuten, jakin behar zuten soldadutzatik libratu nintzela amorante dirudun gutiziatsu baten sosei esker, gaugiroa gustatzen zaidala eta gerra batere ez.

Tournée teatral baterako nahi zaitugu —esan zuen Urbinak azkenean, eta keinu egin zion edekanari, besapean zeraman karpeta seinalatuz. Edekanak karpetako sokak askatu zituen eta lamina lodi doblatu bat pasatu zion koronelari.

«Beren gerra lustratzeko nahiko dute nire artea nekazari illettré eta débraillé hauek! Horrelakorik! Hobe zuten beste batengana jo!», erretxindu nintzen neure baitan.

—Nahastu egin zarete. Ez naiz ni bilatzen duzuena —esan nien, kortesia puztu batez, baina hala ere hotz.

Esku-larru zuriak kendu, kokospean gorde, eta larruzko poltsa txiki bat atera zuen Urbinak sakelatik. Gero, poltsaren ahoko soka askatu, zorroa irauli, eta urrezko ontza batzuk bota zituen mahai gainera. Lizartza edekanak eskuak mahaira eraman zituen erreflexu handiz, koronelak iraulitako ontzak zorura erori ez zitezen. Esan liteke ontzok altzarien azpian galtzeko beldurrez erreakzionatu zuela edekanak.

—Jakingo banu zer nahi duzuen… —esan nuen dardara puntu batez. Ez nengoen ohituta hainbeste diru ikustera, eta, antzerkilaria izateko, oso gaizki ari nintzen disimulatzen nire sorpresa.

Urbinak esku-larruak hartu zituen kokospetik, eta ontzak seinalatu zituen zirkin txarrik egin gabe:

—Konta itzazu. Berrogeita hamar daude —eta edekanari begiratu zion—, hik horixe egingo huke behintzat, ez al da hala?

Bien arteko jarduna ni deseroso jartzeraino zen irrigarria eta, aldi berean, iraingarria.

—Zeren zain hago? —esan zion mahaiko ontza-metak seinalatuz.

Edekana, hitzik esan gabe, dirua kontatzen hasi zen eta hamarna txanponeko bost meta osatu zituen.

—Berrogeita hamar —esan zuen hitzei izotza zeriela.

Bati eta besteari begiratzen nien denbora irabazteko. Koronela niri begira neukan. Edekana, ontzei, haiek ondo zaintzeko obligazioa balu bezala.

Zer interes zeukaten erregegaien arteko gerra-mozolo haiek metteur en scène bati hainbeste diru emateko? Zer lan klase eginarazi nahi zidaten? Beren erregegaiaren doblea izatea nahi ote zuten? Hamabost minutu lehenago entzun nuen lehendabizikoz haren izena, hamabost minutu lehenago jakin nuen Espainiako erregegaia zela. Zer eskatu nahi ote zidaten hainbeste diruren ordainetan?

Waczinsky antzezlari poloniarraz gogoratu nintzen. Parisen bahitu, eta Krakoviara eraman zuten, 1861eko matxinadako militar baten doblearena egin zezan, baina Alejandro II. tzarraren ejertzitoko borreroen atzaparretan erori zen. Fusilatu egin zuten, militar matxinatua zelakoan. Handik bospasei hilabetetara, matxinada suntsitu eta gutxira, Alejandro II.ak hainbat matxino amnistiatu zuen, tartean Waczinskyk, antzezlari fusilatuak, ordezkaturiko militarra.

Urbinaren hitz harrigarriek atera ninduten neure baitako hausnarretik:

—Beste hainbat ontza izango duzu hilero —bota zuen Urbinak, bere hitzek nigan eragingo zuten efektua aurretik gozatuz. Oraingoan guztiz garailea zuen irribarrea, boteretsuek bentzutuaren aurrean «galdu duk, tonto-lakaria!» pentsatzen dutenean bezalako destaina mingarria.

Ez, ezin nuen nire bozkarioa ezkutatu. Mon Dieu! Seiehun ontza urtean!

Baina hainbeste diruri irudipen txarra harturik, putin egin, eta Urbinarengana jaso nituen begiak. Begira egon nintzaion, ea zer ikusten nuen haren zirkinetan. Patxada. Bere buruarekiko konfiantza. Egoeraren kontrola, antzerki-zuzendari baten antzo. Baina haren lasaitasun hark urduritu egiten ninduen ni. Harresi bat ikusten ari nintzen koronelaren aktuazioan. Eta auzia da nik ez nekiela harresi haren atzean zer zegoen.

—Ez daukazu zertan larritu, Vincent —esan zidan Urbinak tonu lasaigarri batean.

Nik ez nekien zer zegoen koronelaren harresiaren atzean, baina ematen zuen gizon hura nire burutazio guztiak ari zela ikusten banan-banan, antzoki bateko palkoan balego bezala cigare bat erretzen.

Tarte txiki baten ostean, berriro koronelak hartu zuen hitza, tonu lasaigarriari utzi gabe:

—Eskura duzu inoiz berriro izango ez duzun aukera. Ez galdu. —Pausa egin zuen, nigandik begiak apartatu gabe denbora osoan. Urduri jartzen ninduen nire zirkin guztiak kontrolatu behar pisuak—. Ez dizugu zure neurrikoa ez den lanik eskatuko. Esadazu baietz, ez zaizu-eta damutuko. Euskaldunak ezagunak gara hitza betetzen dugulako.

Ahotsa goratu nuen, duintasuna markatzeko, baina protesta adierazi ordez, oilo-kakara urduria irten zitzaidan:

—Zertarako behar nauzuen jakin ez, eta baietz esan behar dizuet? Horrelakorik! Ezta zer ikusirik edo zer irabazirik banu ere zuen gerra vulgaire horretan!

—Noski baduzula zer ikusirik; batez ere, zer irabazirik! —eta ontzak seinalatu zizkidan esku-larru zuriekin—. Baina zaude lasai: ez zaitugu behartuko ontza horiez kanpoko beste jaungoikorik defendatzera. Gure kontu beste horren defentsa.

Urbinak begiak eta esku-larruak jaso zituen sabairantz, keinu teatral batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.