LIBURU AURRERAPENA

Lyrica garaia

Toure sasidetektibea protagonista duen saileko bederatzigarren liburua da Jon Arretxeren 'Lyrica garaia'. Toure Bilboko Afrika Txikira itzuli da Madrildik, eta saiatuko da argitzen bere amoranteari zer gertatzen zaion. Honako hau da nobelaren hasiera.

CRISTINA FERNANDEZ.
Jon Arretxe
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Fleming plazako jarlekuak hutsik daude ekain hasierako arratsalde ekaiztsu honetan, eta horiek bete ohi dituzten afrikarrek alboko eraikinen teilatu hegalen azpian bilatzen dute babesa, euren eguneroko zeregin nagusiari, solasari, utzi gabe.

Plaza zeharkaturik, Gorte kalean sartu naiz eta El Edén klubaren albotik pasatzerakoan oihu batzuk aditu ditut, emakume oihuak. Prostituta bi agertu dira bat-batean kale kantoitik, bata bestearen atzetik korrika, aurrekoa laguntza erreguz, atzekoa biraoka eta heriotza-mehatxuak eginez, botila bat daramala eskuan. Inguruko klub zaharkituen sarreran dauden beste emakumeak ere deiadarka hasi dira, batzuek «Lasaitu, Fatima!», beste batzuek «Ospa, Emily!», baten batek sakelakoa eraman du belarrira...

Hortik gutxira sirenak aditzen hasi dira, eta aldi berean emakume erasotzailea asfalto bustian irristatu eta zartako ederra hartu du. Iheslariak harengandik urruntzeko aprobetxatu du, eta berehala iritsi dira lehenengo txakurrak, udaltzain gazte batzuk, San Frantzisko kaletik datozen eskaileretatik saltoka. Gero Ertzaintzaren auto bat ailegatu da, eta hortik ere polizia gazte samarrak jaitsi dira. Ezezagunak zaizkit orain arte ikusi ditudan guztiak, eta beste molde batez eginak dirudite. Orain ile-mozketa modernoak eta gimnasioko gorputzak dira nagusi haien artean. Badirudi hemen bizi nintzenean izorratu ninduten beterano tripadun eta burusoilak beste norabait bidali dituztela.

Edonola ere, pausoa bizkortu, istilu-gunetik aldendu eta Mozollo Baltza klubean sartu naiz. Irekita dirauten beste bospasei putetxeek bezalako itxura dekadentea dauka kanpotik —sarrerako burdina ugertuko mozoloa, horren isla—, eta barrualdeaz beste horrenbeste esan liteke. Bonbilla gorri batzuen argipean, barra zaharkitua ezkerraldean, lanerako gelaxka bat honen alboan, komuna atzean, mahai batzuk eskuinean, eta hauen artean bi emakume, gurpil aulkitxo baten dagoen ume txikiari goxokiro hitz eginez. Urtebete inguru izango du eta bera da lekuz kanpokoa dirudien gauza bakarra. Barraren ostean, ordea, paisaiarekin guztiz bat datorren atso ileurdin marmarti eta mesfidatia. Halakoa zen, behintzat, ni Afrika Txiki honetan bizi izan nintzenean.

—Kaixo, Loles, gogoratzen zara nitaz?

Segundo batzuk igaro ondoren erantzun dit andreak:

—Joder, Toure, ia ez zaitut ezagutu! Zenbat denbora zu ikusi gabe?

—Hiru urte edo?

—Gutxienez. Zelan arraio bururatu zitzaizun artzain joatea Nafarroara?

—Halabeharra.

—Eta txarto joan zaizu han? Horregatik itzuli zara zulo honetara?

Lolesek ez daki, antza, Nafarroako nire egonaldia txarto ez, desastre atera zela, Pariseraino ihes egin behar izan nuela, han sekula imajinatu ez bezalako mailan bizi izan nintzela nire bitxi-lapur ogibide berriari esker, patuak Madrileraino eraman ninduela, han primeran egon nintzela ondasun guztiak ostu zizkidaten arte... Eta ez daki miseriak itzularazi nauela Bilbora. Miseriak eta beste arrazoi batek: bere lobak, Kristinak, nire Sa Kene maiteak.

Sorbaldak jaso ditut, beste barik, eta gaiez aldatu dut:

—Zelako iskanbila dagoen hor kanpoan, ezta?

—Bai, eta ez da lehenengo eguna. Puta mairu hori da erruduna. Ostu egiten die bezeroei, eta hori gutxi balitz, gamelu-zereginetan ere badabil eta kontsumitu egiten du. Kolegak kokoteraino dauzka, horrela jokatuz bezero apurrak uxatuko dituela leporatzen diote, eta hara zein den zoro horren erreakzioa.

Barra ondoko gelaxkatik ateratzen diren gizon-zizpuru batzuk aditu dira, ohe-malgukien hots karrankari azeleratuekin batera. Ozenduz joan dira hotsak, hasperen ito batekin amaitu diren arte.

—Zeozer hartu behar duzu? —galdetu dit Lolesek.

—Ez, eskerrik asko.

—Prezio berezia egingo dizut.

—Erdiaren erdia kobratuta ere, ezingo nizuke ordaindu.

—Orduan, zertara etorri zara?

Senegaldar gazte bat sartu da Mozollo Baltzean, kaleko saltzailea. Nafarroan zaintzen nituen ardien artean errazago kolokatuko luke jeneroa hemen baino. Hala ere, ahalegindu da mutila, irribarrea galdu gabe. Berehala, ezinezko arrakastaz jabeturik, zortearen elefante ñimiñoak atera eta klubean gaudenon artean banatzen hasi da, «oparia» esanez. Prostituta batek figuratxoa hartu, umearen eskuetan utzi eta hamar zentimo eman dizkio saltzaileari, besteak kexuz adierazi dio gaur zerbitzu bat ere ez duela egin, Lolesek zerbait ulertezina murmurikatu dio, elefantea ukatuz, eta nik eskukadatxo bat jo diot sorbaldan.

Kalera bidean barra ondoko gelaxkaren aurretik pasatu denean, honen atea zabaldu egin da. Beste gizonezko beltz bat irten da lehenik, eta honen atzetik andre lirain bat, bertoko itxurakoa, prostituta zereginean jarduteko zaharregia dirudiena.

—Hurrengora arte, laztana —esan dio emakumeak Mozollo Baltzetik kaleko saltzailearen atzetik irten den bezeroari, eta gero Lolesi eta niri txandaka so egin digu, klubaren jabeari bost euroko billetea luzatzeaz bat—. Nire zain dago gizon puska hau? Ezin dut sinetsi.

—Ez sinetsi, ez, ze morroi hau lur jota dago. Hobe duzu beste nonbait bilatzea gizonak.

Andreak hasperen egin, kalera irten, zigarro bat piztu eta bizkarra horman hasi da erretzen.

—Zenbat urte dauzka? —galdetu diot Lolesi.

—Hirurogeita hamalau.

«Zuk beste, gutxi gorabehera?» galdetzeko tentazioa izan dut, baina klubaren jabea aurreratu egin zait:

—Ixabel Palankako urrezko garaietatik dago hemen, ni bezala.

—Eta, ikusten dudanez, oraindik badauzka bezeroak.

—Bai, antzinako gizon solteren bat eta afrikar etorri berriren bat ere bai. Klase handikoa izan da beti nire kolega.

—Lehen, beste andre bat egoten zen hemen zurekin, are zaharragoa eta hainbesteko klaserik ez zeukana, beti MG ginebra edaten zuena.

—Bai, Rosa zoritxarrekoa. Edaria izan zen haren galbidea, gibelak ez zion eutsi eta. Orain Ixabel eta biok baino ez gara gelditzen lehengoetatik.

Isildu egin gara, eta Loles begira geratu zait.

—Tira. Esan behar didazu, behingoz, zertara etorri zaren Mozollo Baltzera?

—Zure lobaz galdetu nahi nizun.

—Oraindik ez zara berarekin egon, ala?

—Bai, Bilbora itzuli naizenetik, behin, baina oso kezkaturik nago beragatik.

Bekain-jasotzea izan da erantzuna, eta gogora etorri zaizkit Sa Keneri, Madrilera bisitan etorri zitzaidanean, igarri nizkion markak, begiko zauria, gorputzeko beltzuneak... Harira joatea erabaki dut:

—Norbaitek jotzen du, ezta?

—Berak zer kontatu dizu?

—Ezer ez, arazoa konponduta dagoela dio.

—Ba horixe da egia.

—Umea egin zion gizon berak astintzen du? —Aulkietako bi prostitutek entretenitzen duten haurtxoari, Mattini, begira egin dut galdera.

—Ez izan astuna, Toure. Kristinak arazoa konponduta dagoela esan badizu, kito, ez dago besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.