Altzoko Handia, Londresen

Donostiako 65. Zinemaldian estreinatu eta bi sari irabazi ondoren, Londresko BFI zinema jaialdian erakutsi dute 'Handia' Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariek.

Handia-ren emanaldiaren ondotik, ikusleen galderak erantzuten jardun zuten Aitor Arregi eta Jon Garaño zinemagileek, herenegun, Londresen. MIREN MANIAS.
Miren Manias.
Londres
2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
Ez da gauza erraza jakitea publikoaren txalo zaparradak zer esan nahi duen. Film baten emanaldiaren ondotik, luzea edo motza izan daiteke, baina ez du derrigorrean esan nahi ikusleei pelikula gustatu zaienik, edo ez zaienik gustatu. Jon Garaño eta Aitor Arregi zinemagileen arabera, erreferentzia horretatik distantzia hartzea beharrezkoa da horretarako. Izan ere, orain arte soilik etxean erakutsi dute Handia, munduko profesionalen bilgune den Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, baina familia eta lagunen artean neurri handi batean. Eta ohikoa den moduan, normala da ezaguna zaren tokian harrera goxoagoa izatea. «Nazioartean lehen aldiz estreinatzen duzunean dator filmaren benetako azterketa», uste du Garañok. Bada, iritsi zaie ordua. Zinemaldiko Irizar saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu eta bederatzi egunera, hain zuzen ere. Asteon programatu dute Londresko BFI zinema jaialdian, lehiaketatik kanpo, eta herenegun izan zuen lehen emanaldia.

Hirugarren aldia da Moriarti ekoiztetxeko zinemagileak Erresuma Batuko hiriburuan daudela euskaraz egindako produkzio batekin. 80 egunean (2010) ekarri zuten lehenengo, Loreak (2014) bigarren, eta Handia oraingoan. «Esperientzia, ordea, antzerakoa izan dugu etorri garen guztietan. Positiboa. Egia esan, ez duzu zinema jaialdi batean zauden sentsazio hori», dio Garañok. Londres (ere) handia da zentzu guztietan. Kulturarekin eta bestelako gaiekin lotutako milaka ekitaldi aldi berean eskaintzen dituen hiri bat da; hizkuntza eta ohitura askotariko jendea biltzen dituena.

Zinemazaleentzat, ordea, ezaguna da oso BFI, ekartzen duen film kopuru handiagatik nagusiki. Datu bat ematearren, egunean 30 lan baino gehiago programatu ditzake jaialdiak. BFIko areto batzuk genero eta sinadura espezifikoa duten filmak emateagatik ezagutzen dira jada. Ondorioz, badago jaialdi egunetan soilik areto horietara joaten den jendea. Horrek, nolabait, «euri zaparrada horretan tanta bat bihurtzen zaitu», Arregiren hitzetan. Onerako eta txarrerako. «Afaltzen ari ginela, aldameneko mahaian John Carroll Lynch aktorea eta Takashi Miike zuzendaria ikusi ditugu, pentsa. Bihar David Fincher zuzendaria dator, eta gu bagoaz! Ze pena...».

Larunbata bitarte, Handia-ren hiru emanaldi programatu dituzte, eta lehenengoak, astelehen iluntzekoak, harrera beroa jaso zuen Londresko gau freskoan—hamabi gradu inguru—. Leicester Squareko Vue zinema aretoaren kanpoaldean, emanaldia hasi baino minutu batzuk lehenago, euskaldun batzuk bazeuden jada, eta haien presentziak pixka bat berotu zuen giroa. Euskal zinema industrian ezagunak diren aurpegi batzuk ikus zitekeen, gainera. Esaterako, Edinburgon bizi den Irune Gurtubai ekoizlea. Handia-ren zuzendariak, berriz, gogotsu zeuden beren filma beste publiko bati erakusteko. «Euskal Herriko ikusleek badituzte kode batzuk hemengoek ez dituztenak; pentsatzeko modu bat, gauzak egiteko modu bat... Beraz, polita eta garrantzitsua izango da jakiteanola hartzen duten euskarazko pelikula hau beste kultura bateko biztanleek. Gaurko saioak bere tokian jarriko du pelikula», Garañoren esanetan. Gela guztiz bete gabe, gutxi gorabehera 200 bat lagun bildu zituen Handia-ren emanaldiak. Filmak iraun bitartean, isiltasunak agindu zuen. Apenas entzun zitekeen ahots apaleko komentariorik ikusleen artean, filmaren istorioan sartuta zeudelako isla izan daitekeena—interpretaziorako tarterik badago—. Amaitzean, berriz, galde-erantzunen tartea zabaldu zenean, jende andanak alde egin zuen. «Normala dela esan digu antolatzaileetako batek. Asteko lehen eguna da, eta 23:00ak aldera toki eta garraio publiko askok itxi egiten dute hirian».

«Kaixo, zer moduz»

Filmaren osteko solasaldiaren moderatzailea izan zen lehena hitza hartzen argiak berriro piztu zituztenean: «Nolakoa izan da zuen lan harremana Handia zuzentzeko orduan?». Arregiri zertxobait kostatu zitzaion gelan agertzea, eta, ondorioz, Garañok barre artean erantzun zuen: «Hamazazpi urtez berarekin lanean pasatu ondotik, imajinatu dezakezun moduan, ez naiz berarekin fio». Gero, Altzoko Handiaren istorioari buruzko filma nondik zetorren argitu nahi izan zion publikoari. Eta azaldu zuen urte batzuk kostatu zitzaiola Moriartiko bazkideak konbentzitzea aspalditik idatzia zuen gidoiaren gaineko film luzea egiteko. Publikoaren artean, berriz, istorioaren gaineko galderak piztu zituen filmak. Neska galestar batek, adibidez, «Kaixo, zer moduz» batekin hasi zuen galdera —Garaño eta Arregiri irribarrea margotu zitzaien aurpegian, eta «ondo» erantzun zioten, ustekabean—. «Aldaketarako erresistentzia horri lotuta, jakin nahiko nuke nolakoa izango zen Migel Joakin Eleizegi egungo mundu globalizatuan biziko balitz», galdetu zuen.

Atzo eguerdiko emanaldira, berriz, ehun bat lagun joan ziren. Oro har, publiko normala izaten da BFIn, eta 12:00etakoa ez omen da ordurik onena. Beraz, Garaño eta Arregi «pozik» daude Londresen jasotako lehen emaitzarekin. «Jendea gerturatu zaigu egindako lana gustatu zaiela adieraztera, eta, egin dizkiguten komentarioengatik, uste dugu Handia-k helarazi nahi dituen hainbat ideia ulertu dituela hemengo publikoak», nabarmendu du Arregik. Ziurrenik, beste herrialde batean ere funtzionatuko duen seinale. Dagoeneko zinema banatzaile bat ere jarri da haiekin harremanetan. Garañoren hitzetan, euskarazko film bat «errentagarria» izateko euskal merkatua ez da «nahikoa», eta, horregatik, «merkatu unibertsala» ere behar dute. Horrez gainera, Moriartikoek uste dute kanpoko publikoarentzako ere egiten dituztela beren pelikulak.

Bitxia bada ere, lehen aldia da Londresko jaialdian film bat erakutsi ondotik euskarari nahiz Euskal Herriari buruz galdetu ez dietena. Bakoitzak egin dezala bere interpretazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.