Erditzea eta/vs/edo sortzea

Amatasunaren eta idazletzaren arteko bizikidetza gatazkatsuari buruz egin du gogoeta Katixa Agirrek Bilbon, eta bidean duen nobelaren zatiak ere irakurri ditu.

Idazten dabilen nobelaren pasarteak ere irakurri zituen Katixa Agirre idazleak, atzo, Bilboko Xake espazioan egindako hitzaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Biak sorkuntzari lotuta egon arren, antonimo izatetik oso gertu ibili dira idaztea eta erditzea kasik XIX. mende amaiera aldera arte, Katixa Agirre idazleak Bilboko Xake gunean amatasunari eta literaturari buruz atzo egindako hitzaldian azaldutakoaren arabera. Oro har, gutxi izan ziren emakumezko idazleak XX. mendea heldu arte, eta are gutxiagok izan zuten aldi berean ama eta idazle izaterik, eta, XXI. mende betean, oraindik ere elkarrekin erabat baketu gabe deskribatu zituen bi terminoak Agirrek. Hain zuzen ere, amatasuna eta literatura izango ditu ardatz idazten dabilen bere hurrengo eleberriak ere, eta ohar historikoekin eta gaiak piztutako gogoetekin batera, liburu horretako hainbat pasarte ere irakurri zituen idazleak ekitaldira gerturatutako publikoarentzat. Urduritasuna ere onartu zuen hasieran. «Gai hau lantzerakoan, ematen du beti zapaltzen dituzula zauri batzuk».

Hasteko eta behin, «murritza» izan da amatasunaren irudikapen historikoa, Agirreren hitzetan. «Errepresentazio hori beti beste norbaitek egin du kanpotik, eta, gainera, gure tradizioan beti egin da beste zerbaiten kontra bezala». Edo zuri edo beltz landu da gaia. Edo Eva edo Lilith. Edo Jaqueline Kennedy edo Marilyn Monroe. Edo Ama Birjina edo femme fatale... «Libratzen ari gara tradizio horretatik, baina halakoetan beti geratzen dira arrastoak, eta zama hor gelditzen da».

Egun ere, amatasunari buruzko bi diskurtso kontrajarri ikusten ditu Agirrek indarrean. Aipatu zuenez, indartsu jarraitzen dute oraindik ere amatasunaren bertuteak etengabe aupatzen dituzten mezuek, baina azken urteetan azaleratzen hasi dira amatasunaren aurkako jarrerak ere. Eta ama izateaz damutu diren emakumeen lekukotzak biltzen dituen Orna Donath soziologoaren liburua aipatu zuen horren adibidetzat.

Eta bi postura horien arteko punturen batean irudikatu zuen idazleak bere burua. «Niretzako, ama gisa, eta idazle gisa ere bai, badago hitz bat amatasunarekin daukadan harremana definitzeko, eta hitz hori da anbibalentzia. Ulertzen dut amatasunaren handitasuna, eta ulertzen ditut beste gauza horiek ez direnak hain politak ere, eta biak batzen saiatzen naiz nire egunerokotasunean».

Hain zuzen ere, gisako ataka baten erdian dago Agirreren hurrengo nobelako narratzailea ere. «Emakume bat da protagonista, ama izatear dagoena, eta une horretan enteratzen da bere herritik gertu beste emakume batek bere haur txikiak hil dituela; obsesionatzen da gai horrekin eta hasten da ikertzen. Baina nobelako protagonista, ama izateaz gainera, idazle ere bada, eta nahi du kontatu umeak hil zituen emakume horren bizitza».

Ironiaz lantzen du ama ona izatearen eta idazle ona izatearen arteko talka, adibidez, liburuko pasarteetako batek. Puntuz puntu. «Idazle ona bere gelan giltzapetzen da eta ez du bere atea zabaltzen umea ate joka badu ere». Eta tonu paretsuan ondorengo puntuak ere. «Idazle onak umezainak kontratatzen ditu umeekin egon daitezen, berak idazten duen bitartean». Beste bat ondoren. «Idazle ona, bere umea beso artean duen lehenengo unean, erditze gelan bertan, esperientzia hori molde original batez nola deskribatu dezakeen pentsatzen ari da». Beste bat. «Idazle onak bere buruari galdetzen dio inoiz bere umeek kontuak eskatuko ote dizkioten hain idazle ona izateagatik». Eta errematea. «Idazle onak, egiaz, gizona izan nahiko luke».

Gerraren pare

Gerra eta maitasuna; bi gai horiek izan dira literatur tradizioan gai nagusiak, Agirreren hitzetan, eta haien pare ikusten du berak amatasunarena ere. «Amatasunarena berdin-berdin izan zitekeen literaturaren gai unibertsal handi bat, eta ez bada izan, izan da literaturatik at dauden arrazoiengatik. Adibidez, emakumeek ez dutelako asko idatzi, eta amek ez dutelako asko idatzi. Horregatik, gaur egungo literaturan geroz eta gehiago ikusten dugun gai bat da».

Idealizaziorik ez, ordea, Agirreren hitzetan. Amatasuna eta literatura uztartzeko arazoak izan zituzten sortzaile zerrenda luze bat jarri zuen horren frogatzat hitzaldian, eta bere esperientzia pertsonalaren zertzelada batzuen berri ere eman zuen tarteka. «Idazteko denbora asko behar da, eta behar da ere zeure baitara bilduta egoteko astia, eta amatasuna horren kontrakoa da, ez daukazu denborarik eta ez daukazu zeure baitara bilduta egoteko astirik».

Baikor bukatu nahi izan zuen hitzaldia, halere. «Konturatu naiz idazteko daukadan bulkada eta umeak izateko izan dudan bulkada oso antzekoak direla. Azkenean, barne-barnetik sortu den desioa da. Bi bulkada horiek gabe askoz erosoago biziko nintzateke, baina barne-barneko desio bat da, boluntarioki sartu naiz bi alor horietan, eta nire identitatearen parte dira biak, eta horrela onartzen ditut». Eta azken oharra gero, ironia dosiarekin. «Pixka bat baikor esnatzen naizenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.